50 kotxe klasiko lehiatuko dira Bilboko XI. Rallyestone proban

Bizkaie! 2016-04-27 15:39

Datorren apirilaren 29tik maiatzaren 1era izango da aurten Bilboko Rallyestone probearen XI. edizinoa. Hogeita bost urte baino gehiagoko antzinatasuna daben kotxeentzako proba honek aparteko lekua hartu dau Erregulartasun Historikoko kategorian, probearen zailtasuna eta ibilbidea kontuan hartuta.

Datorren apirilaren 29an hasierea emongo jako Bilboko Rallyestone probearen XI. edizinoari. Hogeita bost urte baino gehiagoko antzinatasuna daben kotxeentzako proba honek aparteko lekua hartu dau Erregulartasun Historikoko kategorian, probearen zailtasuna eta ibilbidea kontuan hartuta. Danetara, berrogeita hamar kotxe klasiko lehiatuko dira apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitartean. Hiru etapatan banatuko da probea, eta Bizkaiko uriburua izango da etapa guztien urteerea zein helmugea. Real Peña Motorista Bizkaiak antolatu dau lasterketea, Bilbao Ekintzaren laguntzinoagaz. Euskadi eta Burgoseko errepideetan 900 kilometro inguruko ibilbideak egingo ditue.

Autorik erregularrena sarituko da, eta helburu hori lortzeko talde parte-hartzaileek zailtasun bi gainditu beharko ditue: Alde batetik, urteerea eta helmugea non dagozan jakingo dabe (kasu guztietan Bilbon egongo dira), baina ez dabe ibilbidea ezagutuko; ganera, erregulartasuna neurtuko daben igarotze-kontrolak isilpekoak dira. Lasterketan parte hartuko dabenen artean Txema Foronda eta Pilar Rodas bilbotarrek osotzen daben bikotea da faboritoa (2015ean eta 2016an irabazi ebenak); era berean, bikote honeek be lehiatuko dira: Iker Reketa eta Koldo Cepeda (2011ko irabazleak), Manuel Macho eta Marcos Domingo (2010eko eta 2013ko irabazleak) eta José Luis Madrazo (2013ko irabazlea), aurtengo edizinoan Jafet Santamaría pilotukide izango dauena.

Rallyestone probak aukera aparta eskaintzen dau hainbat kotxe mitiko ikusteko, besteak beste, Lancia Stratos, Porsche 911, Lancia Fulvia HF Fanalone, Alfa Romeo Giulietta Sprint, Fiat 131 Abarth, Audi Quattro edo Renault 5 Turbo modeloak.


Lasterketa mitikoa

Rallyestone 2006. urtean antolatu eban lehenengo aldiz Real Peña Motorista Bizkaiak. Baina lasterketa honen jatorria 1952. urtean kokatzen da, Rally Bilbao Firestone probea lehenengo aldiz egin zanekoan. 1972tik aurrera, Europako Rally Txapelketarako proba puntuagarria izan zan. 1979an, bertan behera geratu zan Firestoneren babesa, eta Rallye CS izena emon jakon. Halan da guztiz be, Europako txapelketarako puntuagarria izaten jarraitu eban. Izen horregaz beste hiru lasterketa egin ziran 1982. urtera arte. Hamasei edizinoren ostean lasterketea ahaztua izan zea, 2006an berragertu zan arte. Real Peña Automovilística Bizkaiak probea berreskuratu egin eban, 25 urte baino gehiagoko kotxe klasikoentzako Erregulartasun Historikoko formatuan.


Kilometro bakotxeko kilo bat ekimen solidarioa

Lasterketearen edizino honetan, Kilometro bakotxeko kilo bat izeneko ekimen solidarioa jarriko da martxan, Bizkaiko Elikagaien Bankua eta Maratones Solidarios Javier Conde alkarteen laguntzinoagaz. Bilboko XI. Rallyestone probara bertaratzen dan publikoak, talde parte-hartzaileek eta erakunde laguntzaileek egindako dohaintzei esker 900 kilogramo elikagai batzea da asmoa. Horretarako, eremu bat egokituko dabe Arenaleko aterpeetan, urteerako parke zarratuan, barikuan, apirilaren 29an, 15:00etatik 18:00etara bitartean. Dohaintza boluntarioen bidez helburua lortzen ez bada, Real Peña Automovilística Bizkaiak 900 kilogramo horreek eskuratu arteko aldea jarteko konpromisoa hartu dau.


Kotxe klasikoen erakusketak

Bilboko Abando Indalecio Prieto geltokiak (Adif) aste osoan zehar hartuko dau Real Peña Motorista Bizkaia alkarteko kideek eta jarraitzaileek lagatako lasterketetarako kotxe klasikoen erakusketea. Bestalde, Meliá Bilbao hotelak hoteleko sarrerearen ondoan jarriko ditu ikusgai lehiaketetarako hainbat kotxe klasiko. Erakusketa bi horreek herritarrentzat zabalik dagoz eta sarrerea librea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu