Jotearen izakera herrikoia aldarrikatu nahi dau Aikok 'Jotamentala' dokumentalean

Dabi Piedra 2016-02-03 14:19   Kulturea

Jotearen ezaugarriak eta jantza klase horrek Euskal Herrian euki dauen ibilbidea batzeko eta gizarteratzeko ahalegina da Jotamentala, Aiko taldeak egindako dokumentala. Eten barik barrizten dan jantzea da jotea Aikoren esanetan, edonorentzat egokia, herriko plazetan sekula faltau ez dana. Dokumentala zezeilaren 12an estreinauko dabe, Bilbon.

Jotearen ezaugarriak eta jantza klase horrek Euskal Herrian euki dauen ibilbidea batzeko eta gizarteratzeko ahalegina da Jotamentala, Aiko taldeak egindako dokumentala. Eten barik barrizten dan jantzea da jotea Aikoren esanetan, edonorentzat egokia, herriko plazetan sekula faltau ez dana. Dokumentala zezeilaren 12an estreinauko dabe, Bilbon.

Helburu didaktikoa daukan proiektu baten parte da Jotamentala. Aiko taldekoek azaldu dabenez, ikasle askok eskatzen deutsie jantzetako pausuak ikasteko bideoak interneten ipinteko. Joteak ikasleen artean arrakasta handia daukanez, estilo horretatik hastea erabagi eben, baina materiala batzen hasi ziranean, dokumentala egiteko beste egoala ikusi eben.

Uste dogu jantzeak bere lekutxua behar dauela eta, oraingoan, CD-a egin beharrean, bideoa egin nahi izan dogu, azaldu dau Aikoko Sabin Bikandik. Bideoa baino, dokumentala egin dabe, baina interneten bideoak ipinteko asmoa ez dabe alboratu. Webgune pedagogiko bat egiteko lanean dabilz.

Jotamentalan jotearen eta horregaz lotutako fandango, arin-arin eta biribilketen inguruko datuak emoten dira, modu grafiko eta erraz baten. Alde batetik, jantzan egiteko dagozan aukera ugariak erakusten ditue Aiko taldeko jantzariek eurek eta, bestetik, irudi historikoak berreskuratu ditue, historian zehar joteak euki dauen garapena erakusteko.

Goi mailako kolaboratzaileen laguntzinoa euki dabe dokumentala egiteko: Juan Antonio Urbeltz, Jon Pertika, Iñaki Irigoyen, Jon Maya, Jose Inazio Ansorena eta abar dagoz tartean. Irudi zaharren artean, Orson Welles zinemagile amerikarraren pelikula bateko pasarte bat be sartu dabe, euskal jantzen inguruko erreferentziak dakarz eta. Bestelako musikek be tartea daukie (Guridiren konposizinoek zein Miley Cyrusen popak, besteak beste), kontzeptu batzuk azaltzeko aukerea emoten dabe eta.

Gure jantzetako modua adierazoteko aproposena da jotea, dino Bikandik. Aukera asko emoten ditu joteak, musikearen eta jantzan egiteko moduaren aldetik. Dokumentalean jotearen ibilbidea erakusten ahalegindu dirala ganeratu dau Aikoko beste kide batek, Patxi Labordak: Ikasteko asko daukagu jotearen inguruan.

Gaur egun telebistan eta lehiaketetan erakusten dan jotearen aurrean, Aiko taldeak jota herrikoiagoa aldarrikatu nahi dau, herrietako plazetan egin izan dana. Joteak ez dau zertan gatxa izan, dino Labordak, teknikea baino gehiago, jantzarien arteko hartu-emona landu behar da.

Aiko taldeak herriari zabaldu nahi deutso jotea eta ederto ulertu dau zer egin behar dan horretarako, adierazo dau Iñaki Irigoyen adituak. Hatan be, lehiaketetako estilo korapilotsutik urrundu eta pausu sinpleetara jo behar dala uste dau Irigoyenek eta Jotamentalan be horren aldeko apustua egiten da. Plazetako eta erromerietako jantzariak herriko jentea izaten zirala azpimarratu dau Aiko taldeak, eta inprobisazinorako tarte handia egoten zala. Plazako joteak pausu sinpleak daukaz, jantzea zabaltzeko erraza izan behar da, dino Irigoyenek.

Jotea, fandangoa eta antzekoak Euskal Herrian oso errotutako jantzak dirala azpimarratu dau Irigoyenek. Bilbon, esaterako, oso zaleak ziran, Kasillako jantzaldiek ospe handia euken. Orain dala 200 urte pasatxo geurera heldu zanetik joteak euki dauen ibilbidea azaltzen da dokumentalean. Hasikeran jantza sensuala zan, bikoteka egiten zalako eta abadeek ez eben begi onez ikusten, aitatu dau Bikandik, baina euskal nazionalismoak jantza 'garbiago' eta 'onargarriago' bihurtu eban gero. Batez be, neska-mutilen jantzea dala ganeratu dau Irigoyenek.

Zezeilaren 12an estreinauko dabe Jotamentala Bilbon, Bizkaia aretoan (19:30). Sarrerea librea izango da, baina gonbidapena eskatu behar da  aurretik. Ondoren, Errenterian egingo dabe saioa, hilaren 19an eta Iruñea eta Gasteizen be proiekzinoak egongo dirala aurreratu dabe. Bideografik Ekoizpenak etxeagaz batera produzidu dau Aikok dokumentala.

Jotea bizi-bizirik dagoala aldarrikatu nahi dau Aiko Taldeak eta herririk herri zabaldu, jenteak jantzan egin daian. Tradizinoa eten barik barritzen dala uste dau Patxi Labordak: Mundu tradizionalean be sortu egiten da, ez dago geldirik. Horixe da Jotamentalak proponiduten dauena, beti-betiko jantzea ezagutu, gero nork bere erara moldatzeko.

Dokumentalaren trailerra ikusteko, hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu