Adur Larrea: 'Gabriel Arestik gauza handiak esaten zituan kopla txikietan'

Dabi Piedra 2015-11-19 13:42   Kulturea

Gabriel Aresti BioGrafikoa eleberri grafikoa aurkeztu dau Adur Larrea irudigileak, Erroa argitaletxearen eskutik. Idazlearen bizitzea alderdi personaletik erakutsi nahi izan dau Larreak irudi eta testuzko biografia horretan. Horretarako, familiaren kontakizunak jaso eta Arestiren obrako pasarte autobiografikoenak aztertu ditu. Egunerokotasunetik abiauta gogoeta sakonak egiteko gauza zan Aresti, Larreak adierazo dauenez.

Gabriel Aresti BioGrafikoa eleberri grafikoa aurkeztu dau Adur Larrea irudigileak, Erroa argitaletxearen eskutik. Idazlearen bizitzea alderdi personaletik erakutsi nahi izan dau Larreak irudi eta testuzko biografia horretan. Horretarako, familiaren kontakizunak jaso eta Arestiren obrako pasarte autobiografikoenak aztertu ditu. Egunerokotasunetik abiauta gogoeta sakonak egiteko gauza zan Aresti, Larreak adierazo dauenez.

Gabriel Aresti persona arrunta izan zan, Bilbo inguruan bizi izan zan beti eta lanpostu normal bat eukan, dino Adur Larreak. Egunerokotasun horren atzean, baina, barruko uniberso handia eukan idazlea egoala ganeratu dau marrazkigileak. Gauza txikietatik gogoeta handiak ataraten zituan, egunero ikusten zituan gertakariak ziran bere idazlan askoren abiapuntua.

Kontraesankorra eta, kontraesan horren barruan, konsekuentea, holan azaldu dau Arestiren nortasuna Larreak. Gizarte gaietan zirikatzailea zan baina alderdi samurragoa be baeukala azpimarratu dau eleberri grafikoaren egileak. Andreagaz edo alabakaz beste portaera bat eukan, dino Larreak. Kritikeari hauspoa emoteko prest egoan beti Aresti, baina era berean, asko hasarratzen zan berari egindako kritika batzutan, holakoak ziran bere kontraesanak.

Hain zuzen be, familiaren lekukotzea eta Arestiren obrea dira Gabriel Aresti BioGrafikoa egiteko Adur Larreak erabili dituan zutabe nagusi biak. Arestiren alargunak eta alabek laguntzino handia emon deutsie materiala batzen, idazleagaz bizitakoak gogora ekarten eta abar. Oso eskertuta nago Arestiren familiak emon deustan laguntzinoagaitik, adierazo dau marrazkilariak.

Bestetik, Arestiren obrak be lagungarri izan jakoz idazlearen atzeko personea azalera atarateko. Arestiren poema asko ia-ia autobiografikoak dira, azaldu dau Larreak, egunero ikusten zituan gauzek eragindako gogoetak dira, bere bizipenetan oinarrituta dagoz asko. Holan, Arestiren barru-barruko sentimenduak hobeto ulertu ahal izan ditu, komikiari alderdi humano hori topetako orduan.

Erroa argitaletxeak eta Gabriel Aresti Kultura Alkarteak egindako proposamenaren haritik ekin eutsan Adur Larreak Arestiren marrazkidun biografia egiteari. Euskara, Bilbo eta justizia soziala dira Erroa argitaletxearen hiru oinarriak eta Arestiren bizitzan hirurak dagoz, bete-betean dator bat gure helburuakaz, azaldu dau Xabier Monasterio Erroako kideak. Proiektu honetan, idazlearen atzean dagoan gizona erakutsi nahi izan dogu, Gabriel Aresti Kultura Alkartearen aurreko proiektuetan idazkietan gehiago zentrau gara eta, gehitu dau Monasteriok berak.

Monasteriok eta Larreak, biek uste dabe nobela grafikoa izan leitekela Arestirena moduko biografia bat egiteko mediorik aproposena. Irakurtzeko ohiturarik ez daukienakana edo publiko gazteagana heltzeko bide egokia dala uste dau Monasteriok. Halandabe, lan gatxa izan dala dino Larreak, proiektuari baietza emon neutsanean nik neuk be ez nekian non sartu nintzan. Dokumentazino lan handia egin behar izan eban.

Kontuak kontu, Gabriel Aresti orain arte jorratu ez dan ikuspuntu batetik ezagutzeko aukerea emoten dau nobela grafikoak. Baita Arestiren sasoia ezagutzeko be. Horren erakusgarri da, euskera eta gaztelania nahastau izana, orduko egoerearen lekuko: Sinesgarriagoa da erderea sartuta, holan ikusten da euskereak sasoi haretan bizi eban jazarpena. Francoren diktadurea bete-betean bizi izan eban Arestik.

Obrearen hitzaurre legez, poema bi sartu ditu Adur Larreak. Bata, Iñigo Astizena, poeta freskoa begitantzen jatalako. Bestea, Luigi Anselmirena, Gabriel Arestiren antza daukala uste dodalako. Euskerearen historian lekua egin dauen idazle handi baten alderdi gizatiarrena, hurrekoena, beraz, erakusten dau Gabriel Aresti BioGrafikoa nobela grafikoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu