Txinako bost hotel konpainia, hostalak baino hobeak

Zigor Aldama 2015-07-23 11:15   Bidaide

Txinak pagotxa izateari itxi deutso. Euroaren beherakadeak, bertako txanponaren -yuan-aren- etenbako gorakadeak eta hazkunde ekonomikoak dakarren inflazinoak, nabarmen garestitu ditu Asiako erraldoian zeharreko biajeak. Danak ez dira albiste txarrak, baina. Azkanengo hamarkadan, 'low cost' hotelen konpainiak be ugaritu egin dira, lehenengo uri handietan eta, orain, ia herrialde guztian. 'Ona, polita, merkea' filosofiak gidatutako bost frankizia garrantzitsuenak aztertu ditu Zigor Aldamak.

Txinak pagotxa izateari itxi deutso. Euroaren beherakadeak, bertako txanponaren -yuan-aren- etenbako gorakadeak eta hazkunde ekonomikoak dakarren inflazinoak, nabarmen garestitu ditu Asiako erraldoian zeharreko biajeak. Orain dala urte bi, euroak ehuneko 30 gehiago erosteko modua emoten eban. Hortaz, amaitu dira fideo katiluak euro baten, metroko bidaiak 20 zentimoan eta hotel duinak 15 euroan, logela bikotxean. Danak ez dira albiste txarrak, baina. Azkanengo hamarkadan, 'low cost' hotelen konpainiak be ugaritu egin dira, lehenengo uri handietan eta, orain, ia herrialde guztian. 

Orokorrean, logelak inpertsonalak eta espartanoak dira, baina funtzionalak, garbiak eta seguruak neurri bateraino. Sarri, hostalak baino merkeagoak dira eta zerbitzu hobea eskaintzen dabe. Hori bai, ez daukie literarik logeletan eta hori aukera merkeagoa da oraindino. Beste bidaiari atzerritar batzukaz topo egin eta alkarren barri eukiteko aukerea be txikia da. Izan be, gehienbat txinatarrek erabilten dituen hotelak dira, alojamendu egokia prezio aproposean topetako modutzat daukiez eta.

Jarraian, 'ona, polita, merkea' filosofiak gidatutako bost frankizia garrantzitsuenak aztertuko doguz. Interneten egin leitekez erreserbak horreetan hoteletan, baina preziorik onenak euren webguneetan dagoz eta ezinbestekoa da txineraz apur bat jakitea horreetan ez galtzeko. Hoteletako beharginakaz antzekoa jazoten da, gitxitan dakie txinera edo hango dialektoren bat ez dan hizkuntzaren bat. Zorionez, hotel guztietan Wi-Fia dobakoa da eta logeletan komuna dago, toalla eta guzti eta, batzuetan, baita txanpua eta bainurako gel-a be.

 

Hanting Inn

Hotel gehien daukan katea da. Are, orain dala urte batzuk mundu guztiko arretea erakarri eban, egun birik behin hotel barri bat inauguretan ebalako, txinatarren anbizino mugabakoaren erakusle. Helburua da, 2020rako 10.000 hotel eukitea eta munduko frankizia handiena bihurtzea. Halandabe, Ibis lako beste batzuen helburuen kontra, honeek ez ei dabe globalizau nahi, negozioa Txinan zentrau baino. Han, behintzat, oso erabilgarria da, urigune handienetako erdigunean zein herri txikiagoetan alojamendua eskaintzen dauelako. Kalidadea, ganera, bardina da hotel guzti-guztietan eta, beraz, urietan hotel diskretu eta espartanoak dira, baina herrietan, aukerarik luxuzkoena izan leiteke. Merezidu dau bertako VIP txartela eskuratzea, deskontuak lortuko doguzalako -prezioak askorik ez dira aldatzen dana dala, beti 150-250 yuan artean- eta logelako atea zabaltzeko be balio dauelako.

Oraintsu, Hanting Inn-en jaubeak bigarren marka bat atara dau, Hi Janting, merkeagoa. Edozelan be, logelak zapata-kutxen tamainukoak dira, oheak granitoz eginda dagozala dirudi eta zerbitzua ez da bereziki ona.

 

Jinjiang Inn

Jinjiang Hotels kateak bost izarreko hotelak be badaukaz, baina Jinjiang Inn familiako 'low cost' kidea da. Txinako frankizia merkeen artean, luxu gehien daukana da. Normalean, lehiakideenak baino logela zabaltxuagoak izaten ditu, bainugelak ekipaduago dagoz eta dekorazinoa ez da begietan min egiteko modukoa. Hori bai, prezioak apur bat garestiagoak izaten dira -lehiakideenean baino bost bat euro karuago gau bakotxeko- eta hirugarren eta laugarren mailako urietan ez da erraza konpainia honetako hotelen bat topetea. Lekurik turistikoenetatik osteratxua egin eta modu merkean biajea egin nahi izan ezkero, baina erosotasunagaz, apropos-aproposak dira.

Home Inn

Txinako ohitureari segiduta, Home Inn taldeak marka ugari daukaz. Danak alkarren antzekoak dira eta badirudi bezeroak nahasteko egiten dabela hori. Horregaitik, azalpen honetan markarik garrantzitsuenaren izenean batuko doguz danak, hotel-moltsoari izena emoten deutsana eta establezimendu gehien daukazana dalako. Barruan dagoz Home Inn-eko markarik luxuzkoena, Home Inn Plus, Motel 168 eta bere hotel guztiak Yunnan probintzian daukazan Fairyland. Yitel talde berekoa da eta Txinako 25 uri nagusietara doan negozio jenteari zuzenduta dago gehiago.

Beharbada, bertora ekarri doguzan bost frankizietatik narrasena da Home Inn eta, oraintsu, eskandalu bateko protagonista be izan da, kazetari batzuek kamera ezkutuagaz grabautako erreportaje bat dala eta. Bideoan ikusten danez, behargin batzuek komuna garbitzen dabe gero bezeroei emongo deutsezan toallakaz. Beste behargin batek, Home Inn hotelean sekula be ez leukela lo egingo adierazoten dau, "zikin-zikin dagoalako". Zuzendaritzeak, parkamena eskatu eta gero, ikerketea egingo dauela agindu dau, baina izen ona zikindu deutsie. Ez dago garbi, dana dala, era horretako jokabidea ohikoa dan beste konpainia batzuetan be, ala salbuespena dan hau.


 

Super 8

Jatorri atzerritarreko koste baxuko hotel-konpainia bakarra da, Txinan presentzia aitagarria daukienen artean. Zehazki, Hego Dakotan sortu zan 1974an eta hasieran kobretan eban preziotik hartu dau izena: 8,88 dolar logelako. Hiru hamarkada geroago Txinara heldu zan, ordurako salneurriak garestituta, eta gaur egun hotelak daukaz ia 200 uritan. Prezio merkeagoaz ganera, ganerako marketatik bereizten dauena da, uri bakotxean bertako estiloa hartzen dauela establezimenduak. Modu horretara, nortasun handiagoa emon nahi deutsie logelei, baina ezaugarri espartanoak galdu barik. Badirudi balio izan deutsala, web txinatarretako erabiltzaileen iruzkinak positiboagoak diralako beste kateen aldean.


7 Days Inn

Behin hona helduta, bardin deutso logelak zelakoak diran. Garrantzitsuena da, 7 Days Inn-en erreserbea egin leitekela, baita  ingelesez be! Duda barik, detaile txiki hori abantaila galanta da Txina bisitetan daben eta euren ibilbidea sasoiz antolatu gura daben bidaiari atzerritar gehienentzat. Halanda be, Jingjiang Innegaz jazoten dan legez, frankiziako 2.000 hoteletatik gehienak herrialdeko uri nagusietan dagoz, sarritan bigarren mailako auzoetan. Horren truke, oheak erosoenak dira ganerako konpainiakaz alderatuta. Detaile hori ez da ezelan be txikia, kontuan hartzen badogu txinatarrak ohituta dagozala oholen pareko koltxoietan lo egitera.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu