Gratxina Lertxundi: '12 urtegaz edo, lehenengo egunean engantxau ninduan arraunak'

Koldo Isusi Zuazo 2015-06-29 12:01   Barriketan

Orioko arraunlaria

Traineruan arraun egitea amesa zan Gratxinarentzat eta hori aspaldi lortuta, traineru denporaldian bete-betean dabiz orain. Aurten, Orio Babyauto taldea Euskotren Ligarako sailkatzea da erronkea igaz kanpoan geratu ostean. Igazko taldeari eutsita, esperientzia gehiagogaz, aurten sailkatzea da asmoa eta banderaren bat irabaztea. Sailkapen fasea hasi baino ez da egin eta oraingoz Zumaia da talderik indartsuena. Pasai Donibaneko eta Zarautzeko estropaden ostean, Zumaia, San Juan, Hibaika eta Orio dira lehenengo laurak.

Arraunean ez eze, ganerako kiroletan be neskak aspaldi dabiz ekinean eta maila ona emoten ganera; aurrera pausuak emon eta geldi ez egotea da botikarik onena. Bide horretan, txikitatik dabil arraunean Benito Lertxundi eta Olatz Zugaztiren alabea, baina oriotarra izanda, ez da arraroa kirol horretan jardutea eta ganera ibilbide polita egin dau orain arte, banku mobikorrean, berbarako, Euskadiko txapelketan bigarren sailkatu ziran orain hiru bat urte; bateletan, barriz, Gipuzkoako Eta Euskadiko txapelketak irabazita dago eta Espainiakoan, hirugarren sailkatu ziran.

Traineruetan, Hondarribia, Urdaibai eta Orio izan ziran lehenengo hirurak, bart Malagan jokatutako San Miguel Ligako lehen estropadan, Euskadi-Basque Country banderan, hain zuzen  eta, beraz, gai asko doguz Gratxinagaz jorratzeko.


1.- Lehia estua dago aurten be eta Zarautzen, Zumaiaren ostean, segundu erdian sartu zinien San Juan, Orio eta Hibaika. Ganerakoen bildurrik badozu, Zarautz-Getaria edota Donosti-Arraunen bildurrik?

Bueno, esperientziagaitik eta, bildurra baino gehiago errespetua merezidu dauen talde bat Zarautz-Getaria izan daiteke ze Donosti-Arraun talde barriagoa da eta, akaso, beste pausutxu bat emotea falta jake. Esperientziak egiten dauen mesedeari erreparauta, nik uste dot Zarautz-Getaria izan daitekela konpetentzia puntu handiagoa daukan taldea baina gauzak ikusteko dagoz oraindino eta badaezpada ez dago inor gitxiesterik.


2.- Zenbat sailkapen estropada dira? Zenbat sartzen dira Euskotren Ligan?

Sailkapenaren aurretik beste hiru falta dirala uste dot, Pasai Donibanekoaren eta Zarautzekoaren ostean, Zumaiakoa izango da hirugarrena eta oso oker ez banago beste bi faltako dira. Ohikoa dan legez, Euskotren Ligan lau traineru sartuko dira; igaz irabazlea izan zanez, honezkero san Juan sailkatuta dago eta puntuazinoaren arabera beste hiru sartuko dira. Horrenbestez, lauko taldea izango ginateke urtero legez.


3.- Igazko taldea ibili zarie aurtengo denporaldia prestatzen Klaudio Etxeberriaren aginduei kasu eginez. Ze esperantza daukazue, zein da asmoa?

Igaz kolpe gogorra izan zan ez sailkatzea, azkenean Kontxagaz egoerea apur bat arindu bazan be baina aurten, asmoa argia da: Euskotren Ligan eta Kontxan sartzea, hain zuzen be. Urte osoa gabiz horretarako beharrean eta oraingoz esperantzeagaz, aukerea badaukagula sinistuta gagoz.


4.- Estropada sasoia hasita, zelako entrenamenduak egiten dozuez? Zenbat ordu egunean?

Aurtengo prestakuntzan aldaketea igarri dogu, entrenamentu luze eta intensidade ez hain altuko horreek nahikoa berandura arte egin doguz, beste urte batzuetan, udabarri aldera edo hasita egoten ginan serie saioakaz eta erritmoa hartzeko entrenamenduakaz baina aurten, berandu edo hasi gara holakoakaz; entrenatzailearen estrategiak eta, badakizu... Orain gabiz uda sasoian erritmoa bilatzeko entrenamenduakaz eta dana dogu bideratuta estropada horreei begira. Astean egun bat jai hartzen dogu baina ganerakoetan, egunero pare bat ordu edo izaten dira kirol jardueran, pesak, korrika eta abar; baina arraun alkartean, 3 ordu ta erdi be egiten doguz.


5.- Zelan buztartzen dozuz lana, ikasketak, arraunlaritzea?

Ez da bape erraza. Aurten beste ezertarako asti barik nabil, zoratu beharrean ikasketakaz eta arraunlaritzeagaz. Sekula ez dot jakiten ze ordutan amaituko dodazan unibersidadeko lanak entrenetan joateko eta hor ibilten naz burrukan baina badakizu Gustoko lanean aldatzik ez dino esaera zaharrak. oso gustora nabil arraunean eta holan nahasteak eta burukominak errazago bideratzen doguz.

Ikasketei jagokenez, Lidergo ekintzailea eta barrikuntza gradua ikasten nabil unibersidadean.


6.- Kirol gogorrenetakoa da arraunlaritzea ala mito bat baino ez da hori? Indarraz aparte, zer gehiago behar da arraunlari ona izateko?

Kanpotik ikusten dauenarentzat kirol guztiak dira gogorrak. Lehen esan deutsudanaren harian, gustora ibili ezkero, ez da hain gogorra egiten. Baina egia da arraunak sufrimendu puntua daukala, sakrifizioa eskatzen dau, hori da arraunlaritzearen bereizgarria. Nesken estropadak 10-11 minutu ingurukoak izaten dira eta tarte horretan dana emon behar izaten da.

Indarra behar-beharrezkoa da arraunean baina maila fisikoan erresistentzia, esfortzuari denbora tarte luzean eusteko gaitasuna da lantzen doguna; hortik aparte arraunean burua, alde sikologikoa be oso inportantea da, ze jarrera ezkorrak eta baztertu beharra dago, horreek ez deutsuelako bape mesederik egiten ariketa fisikorako. 


7.- Gazterik hasi zinan arraunean, umetan, zerk edo nork eraginda?

19 urte daukadaz orain eta 12gaz edo hasi nintzan arraunean, badira urte batzuk. Sartu nintzanean nire kategoriako bakarra nintzan eta hor hasi nintzan skiffean eta geldiro-geldiro. Zerk edo nork eraginda? Tolosako lehengusu bat jardun izan da arraunean eta harek beti esaten eustan arraunean hasteko eta nik txikitan inondik inora ez neban pentsetan inoiz arraunean ibiliko nintzanik. Aurrerago, barriz, 12 urtegaz edo eskola kirola amaitu eta kirol bat aukeratu beharra egoanean, amak animau ninduan eta probetea erabgi neban. Lehenengo egunean joan eta bete-betean engantxau egin nintzan.


8.- Zergaitik da hain erakargarria zuretzako arraunlaritzea?

Ez dakit. Oriotarra izanda, aita be arraunzalea izanda eta abar, txikitatik jarraitu izan dogu arraunlaritzea etxean. Umetan mutilen entrenamentuak ikusten joaten ginan, petrilean jarrita ohiturea baita herrian. Arraun kulturea umetatik euki dot barruan sartuta. 


9.- Zeinetan zabiz gustorago banku mobikorrean, bateletan, trainerillatan ala traineruan?

Hasieratik niri beti gustau jat banku mobikorra eta modalidade bat aukeratzekotan horixe aukeratuko neuke. Baina aurrerago traineruan arraun egiteko aukerea be sortu zan eta hori amesa zan niretzako.


10.- Emakumeak eta kirola buztartukeran, zer hartzen dozu faltan?

Gai potoloa eta gatazkatsua da. Faltan, zeozelako orekea eta gitxieneko errespetua hartzen dodaz. Gustauko litxakit emakumeak kirolean gaur egun baino onartuagoak izatea, zeozelan kontrako jarrerak be badagoz oraindino eta horreek desagerrarazo gura neukez, arraunlaritzearen kasuan, mutilak arraunean hasi aurretik neskak ikusi behar izate hori ez da bape gustagarria askorentzat eta aukera bat emoteko eskatuko neuskie merezidu dogulako.


11.- Kanturako edo musikarako zaletasuna be berez etorri behar jatzun, Benito Lertxundi eta Olatz Zugaztiren alabea izanda. Pianoagaz behintzat polito moldatzen zara ala polito baino gehiago?

Bueno, piano ikasketak egin nituan Orioko Musika Eskolan eta arraunlaritzeagaz nahastau orduko amaitu nituan ikasketok. Kirol aldera desbideratu eta gaur egun apur bat baztertuta daukat pianoa baina musikea gustetan jat eta larregi jorratu ez arren, moldatzen nintzan. Denpora libre apur bat dauakadanean, jesarri eta dakidanari eustea da nire asmoa baina beste gauza batzuk daukadaz orain buruan.


12.- Etxean ikusi dozun kantu eta musikarako giro horrek ez zaitu erakarri? Genetikea lagun, kanturako ez zara trebea?

Kantua ez dot sekula jorratu edo landu, gustau bai gustetan jat kantetea baina ez dakit zenbateraino emoten jatan ondo. Ez dakit inork entzun nauen kantetan, txikitan nire gurasoak kenduta baina trebetasuna zenbaterainokoa daukadan, ez dakit.


13.- Musikan zeintzuk dira zure gustokoenak?

Musikan ez daukat genero gustokoena edo esateko. Gusto zabala daukat, beti gustau izan jat talde barriak deskubridutea hemengo zein kanpokoen artean baina izen batzuk baino gehiago, pop-rock estiloa gustetan jatala esango deutsut.


14.- Arraunean, erraz asmau neikez zure faboritoak baina etxekoak kenduta ze talde da zure gustokoa mutiletan? Zergaitik?

Konpromisoan jarten nozu. Etxekoak kenduta dinostazu baina nik neuk asko miresten dot herriko taldea, izen handiko taldea da, ibilbide emonkorrekoa eta hortik aparte, arraunketa aldetik begiratuta edo Hondarribiako taldea nabarmenduko neuke, Orioko taldeagaz antzekotasun handiena dauelako. Kanterea, etxeko jentea lantzen daben taldeak gustetan jataz, kultura horretan mobiduten diran taldeak dira nire kuttunak.


15.- Aurten Malagan hasi da San Miguel Ligea baina atarikoan, Pasai Donibanen, Hondarribia izan zan nagusi, Urdaibairi 7 segundu kenduta. Aurten, zigorrik barik, San Miguel Ligea irabazteko hautagi handienetakoa ete da Bermeoko taldea?

Bai, aurten be Hondarribia izan daiteke puntaren puntan baina egia esan behar badeutsut mutilen estropadak ez dodaz hurretik segiduten gurean gabizelako buru-belarri eta, ganera, ez neuke jakingo esaten nor ibiliko dan aurrean eta nor atzean; holako prebisinoak eta iragarpenak egitea ez jat larregi gustetan, normalean ez dodalako ezertan asmetan. Edozelan be, onartu behar dot Urdaibai talde gogorra, indartsua dala, beti gora begira egongo dala.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu