Mitxel Santamarina Albizua: 'Momenturik onenak, antzezten nengoala ama niri harro begira ikusten nebanean'

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2015-02-16 09:39   Barriketan

Aktorea eta Cabaret Chihuahuako kidea

Mitxel Santamarina Albizua (Gernika-Lumo, 1985) aktorea da. Hamaika urtegaz hasi zan antzerkian herrian bertan eta interpretazino, kantu eta deklamazino kursoak hartu ditu bardin Bizkaiko Antzerki Ikastegian (BAI) nahi Bilboeszenan. Gaur egun, Cabaret Chihuahua musikal famauan dabil eta Cómo conocí a la chica de Ludisoft websailean be bai. Herri Irratian kolaboretan dau La hora del hamaiketako programan, Txetxu Ugalde eta Patricia Gaztañagagaz batera.

Antzerki konpainia desbardinetan ibili da: Pikor Antzerkia, Maskarada, Centro Dramático Nacional edo  Erre Produkzioak-en. Marra zapaldu, Souvenir, historiako kantaririk txarrena edo Max Sarira hautatutako Antartikako Lorea antzeztu ditu.  Klasikoen bersino alternatiboetan be hartu dau parte Woody Allenen Adulterios eta Tennessee Williamsen El zoo de cristalen.

Bere hurrekoakandik dakit txiki-txikitatik eukana ezagun eszenatokia zala bere lekua: horretarako jokatu dau eta jokatzen segiduten dau. Beharra edozein izanda be, sano gatx dago bazter guztietan; oindino gehiago bizibide batzuetan. Cabaret Chihuahuagaz bazterrak guztiak astinduaz eta inguruotan sekulako arrakasta euki ostean, Madrilerantza joaku Mitxel. Balio dauelako, balientea dalako eta joatorduko...


1.- Noiztik hona eta zergaitik ebatzi zenduan aktore izatea?

Betidanik jakin izan dot aktorea izan gura nebala; lau-bost urtegaz nagusitan zer izan gura neban galdetzen eustienean, beti gauza berbera esaten neban: teatrerua. Egia esan, ez nekian zergaitik erantzuten neban hori, baina esan lei oso argi neukala txikitxutatik.

Sasoi horretan antzerkiagaz loturiko nire lehenengo akordua 'Martes y Trece' ikustea zan. Euretako bat izan gura neban. Halanda ze, hamaika urtegaz enterau nintzanean interpretazino-klaseak egozala Gernikan, dudau barik apuntau nintzan. Eszenatoki batera lehenengoz igon nintzanean, Bajarse al moro antzezlana egin behar izan genduan. Bertaratu eta segiduan jentea txaloka hasi jatan eta neure kautan pentsau neban: Beharbada ez da burubakokeria antzerkia ogibidetzat hartzea!. Eta gaur arte.


2.- Gazte-gaztetarik dakizu zer dan zeure burua ateratea... nondik nora ibili zara urteotan?

Esan deutsudan moduan, hamaika urtegaz Gernikako antzerki-talde amateur baten hasi nintzan: eskolez gan, lantzean-lantzean gure beharra erakusteko modua eukiten genduan, bai ikasturtearen amaiera-ekitaldian, baita udalak aratusteetarako deitzen euskunean be.

Hemeretzi urte bete nituanean, baina, bihurtu zan antzerkia nire bizibide. Suberte handia euki neban: amaren laguna zan aktore batek, izekotzat daukadanak, abisua pasau eustan esanez bera partaide zan antzerki-taldea lan-taldea barrizten ebilela eta lau aktore gazte behar zituela. Holantxik ba, kotxean sartu eta Gasteizerako bidea hartu neban; izan be, bertan izan zan castinga. Euria bota ahalean zan; ez zan aterrunerik erraz ikusten. Ganera, karneta atera barri neukan nik eta eskuen artean neukan kotxea be orduan estrenau neban. Autzaganetik nindoala, bihurgune baten... DANBA! Istripua! Bidea kurutzatu, trabesetara parau eta bazter-babesa jo neban. Zorionez ez jatan ezer pasau eta kotxeak be markatxuren bat baino ez eban euki.

Hartu neban sustoa dala-eta, etxeranzko bidea hartu neban. Etxeranzkoan kilometro batzuk eginda nituala pentsau neban neure artean: Ze demontre! Bueltea hartu egizu atzera eta tira castingera!. Eskerrak erabagi hori hartu nebana, antzezlanerako hartu egin ninduen-eta. Hortik aurrera akabau ziran nire zereginak behar egiten neban tabernan eta buru-belarri hasi nintzan saioakaz. Pisa la raya/Zapaldu marra da amateur ez nintzala egin neban lehenengo beharra.

Suberte handia izan nebala dinotsut, istripuarena pasauta be, antzezlan horri eskerrak Espainia guztian zehar ibilteko aukerea euki nebalako. Ia berrehun bider antzeztu genduan eta hori ordura arte sekula ikusi bakoa zan produkzino euskaldun bati jagokonez. Horren ostean eta horregaz batera behar asko eta askotarikoak egin dodaz: pailazo jantzita animazinoa, diskofestak, baita Shakespeareren behar bat be Centro Dramático Nacional dalakoan Madrilen.

Bizibide hau kolore askokoa da: danerik egiteko aukerea egoten da, baina ni azken urteotan musikaletan nabil batez be. Umeakan pentsauta egindako Antartikako Lorea edo helduentzat egindako Souvenir, historiako kantaririk txarrena dira bi aitatzearren. Momentu honetan, batetik, Cabaret Chihuahua antzezlanean nago, arrakasta ikaragarria euki dauen musikalean. Bizkaia eta Araban ehun eta hamar bider antzeztu eta gero, Madrilera joango gara, bertan be ikusi dagien. Bestetik, Arriaga antzokiak produzidu dauen El Dúo de la Africana beharragaz Oviedora joango gara.


3.- Zelangoa da Madril biziteko? Eta Bilbo? Eta bakotxa beharrerako?

Madrilen hartzen dira erabagiak. Milaka gauza dagoz bertan egin eta ikusteko, baina, era berean, milaka aktore gehiago dagoz eta, beraz, konpetentzia be handiagoa da. Ni bertan lau hilabete bizi izan nintzan nasai-nasai. Como Gustéis egiten ibili nintzan, William Shakespearen bersino musikala, Marco Carnittik zuzendua. Esperientzia ikaragarria izan zan hareekaz lankide guztiakaz behar egitea, niretzako hain desbardina zan zeozertan. Ganera, Edu Soto edo Roberto Enriquez ezagutzea itzela izan zan.

Horregaitik, ez dot ezagutu burua atera eta castingik casting ibilteko Madril. Ez litxakit ardurako bertan bizitea: kultureari jagokonez, uri sano aberatsa eta jenteak beso zabalik hartzean zaituena da. Halanda be, esan lei nire bizimodua Bilbon dagoala orain. Aurten denporaldiak egingo dodaz Madrilen, baina etorkizuneko ia egitasmo danak Bilbon daukadaz; halanda ze, hemetik ibiliko naz, eta ondo gustura, ganera! Nire benetako eta neuk elejidutako familia hemen dago, gehienak eszenatokiko familia, hatan be. 


4.- Zelangoa da aktore baten ogibidea? Ardura handia izaten da hil-akabuan?

Ez da erraza. Honetan daroadazan hamar urteak ez dira debaldekoak izan. Sarritan, beste gauza batzuetan be egin behar izan dot behar, hil-akabura ailegau ahal izateko. Gatxa da beste behar batzuk egin behar izatea, zure ogibidea lanaldi osoan egin ezin zeinkelako. Halanda be, azkeneko hiru urteotan antzerkia da nire ogibide bakarra: proiektu bat euki izan dot beste baten atzetik, eta urte osorako eta hurrengorako beharra badaukat. Hori ia miraria da.

Badago jentea pentsetan dauena diru piloa irabazten dogula edo egiten dogun beharra behar erraza dala, baina horrek gitxi dauka egiatik. Behar honetan ekin eta ekin ibili behar da, horregaitik dirurik kobrau ez arren. Proiektu baten parte garenean, ondo, baina ez garenean be bai, formazinoa ezin dalako eten: proiektu barriak sortu behar dira eta aurrera egiteko ahalegina egin behar da beti. Horregaitik batzuetan aktore izateaz gan, enpresari be izan behar izaten dogu, udalei edo antzokiei norberaren edo taldearen proiektuak saltzeko. Horrek ez dakar inongo onura ekonomikorik; izan be, askotan norberak ipini behar izaten dau dirua, proiektuak aurrera egingo badau.


5.- Zer izan da zuretzako Cabaret Chihuahua?

Niretzat Cabaret Chihuahua erronka handia izan da, opari handia izan dan modu berean. Lehenengo eta behin, zoragarria da egile eta zuzendari batek proiektu baterako norbera gogoan eukitea. Horretaz aparte, gogo handia neukan kabaretean behar egin dabenakaz behar egiteko.

Bizibide honetan aukerea egoten da norberak miresten dauen jenteagaz behar egiteko eta hau izan da kasu horreetako bat. Ganera, musikala da, eta musikala da gehien landu dodan eta erosoen sentiduten nazen generoetako bat. Asko gustetan jat obra berean kantetako eta jantzan egiteko aukerea eukitea. Sarritan pentsau izan dot abesteko jaio nazela. Hori da gehien gustetan jatana: aske sentiduten naz eta kantetan ibilten nazenean ez dot beste arduratik eukiten.

Cabaret Chihuahuak nire moduko aktore batek gura dauen guztia dauka. Guztiz desbardinak diran personaia biren azalean ipinteko aukerea emoten deust: bata Montserrat Caballé; bestea, Lehman Brotherseko bat, personaia antagonikoetan antagonikoena. Ez daukie inongo antzik: bozak diferenteak dira, mobiduteko erak be bai, kantetakoak... Dana da diferentea. Eszenatokian aktoreon artean daukagun kimikea ikaragarria da; Felipe Lozaren testua oso-oso ondo eskribiduta dago; eta, ganera, kantak ikusleentzat oso ezagunak dira. Kontu egizu: Amy Whinehouse, Frida Kalho, Marylin Monroe, Cantinflas eta Sabino Arana, beste batzuen artean, eszenatoki berean. Aurrean aitatu dodan guztia gehitu ezkero, cabaret mexikar-euskaldun-zonbi lotsabako batek urteten dau.


6.- Horretaz aparte, beste zeozetan be bazabilz?

Hainbeste proiektu daukadaz. Zarzuelea Oviedon, Cabaret Chihuahua Madrilen eta apirilaren hasieran hasten dodaz La Viuda Alegre maiatzaren 13an Arriagan estrenetakoa dan musikalaren saioak. Gogo handiz nago proiektu horregaz hasteko. Musikal handia da, eszenatoki ganean hogei aktore baino gehiago egongo gara eta itxura baten zoragarria izango dala esango neuke.

Cabaret Chihuahuaren harrera ona ikusita, talde berberak Chichinabo Cabaret entrenauko dogu Bilboko Aste Nagusian, Pabellon 6 dalakoan. Hau be kabaret lotsabakoa da eta seguru nago jenteari asko be asko gustauko jakona. Horretaz gan, beste lankide batzukaz Improtxou deitzen dan antzerki-ikuskizun bat-batekoa sortzen nabil. Oso ikuskizun zoroa da, aktoreak antzeztu behar dauena ikusleak erabagiten dauen ezkero.

Esan dodana aurten egitekoa da. Hurrengo urtekoaz ez dot txitik be esango, horren ganean berba egiteak suerte txarra emoten dau-eta.


7.- Antxina barik eta zure personaia dala eta Montserrat Caballé bera be ezagutu dozu, ezta? Urteotan ze aktore ezagunegaz egin dozu topo?

Montserrat Caballé ezagutzea urte askoan bizi izan dodan gertaera surrealistena izan da. Shock handia izan zan, bere moduko mito bat ikustea. Urteotan aktore ezagun asko ezagutu dodaz: Madrilen egon nintzan hilabeteetan Al salir de claseko aktore askogaz egin neban topo. Telesail honegaz hazi nintzan ni eta dibertigarria izan zan euretako batzuk ezagutzea.

Txikitan ikusi izan neban Goenkale edo antzeko saioren bateko aktore askogaz egin dot behar: Loli Astoreka eta Gurutze Beitia, gaur egun nire lagun onak diranak, batzuk aitatzeagaitik. Aspaldion, Txetxu Ugalde eta Patricia Gaztañaga ezagutu dodaz kolaboretan dodan irratsaioari esker: horreek be oso atseginak dira.


8.- Aktore izatea ebatzi zenduanetik zein da daukazun akordurik onena? Eta txarrena?

Momenturik onenak, antzezten nengoala ama niri harro begira ikusten nebanean pasautakoak dira. Txarrena, gehiagotan ezin izan nauela ikusi.


9.- Antzerkia, telebisinoa, zinemea... zeinegaz geratzen zara? Etorkizunean egiteko daukazuzan beharretatik zer da gehien gustauko jatzuna?

Ezin neike bakarra elejidu, asko gustetan jataz hirurak. Antzerkia egin dot batez be, eta arlo horretan ikuslearen erantzun zuzena eukiten da, eta nik asko eskertzen dot hori. Telebisinoa eta zinemea ia ikutu be ez dodaz egin eta beharbada horregaitik erakarten nabe. Halanda be, nire burua pantaila handian ikustea ez jat bape gustetan. Ez dot neure burua ezagutzen eta akats piloa ikusten deutsadaz. Etorkizunean hirurak batera egin ahal izango banitu, poz-pozik egongo nintzateke (kar-kar).


Galdera laburrak

- Aktore bat: Antonio de La Torre.
- Eszenatoki bat: Arriaga Antzokia eta Pabellón 6.
- Pelikula bat: La bruja novata.
- Liburu bat: Hanna, el pequeño ángel.
- Jateko bat: Patatak errioxar erara.
- Biziteko leku bat: Madril.
- Hobby bat: Karaokeetan showa montetea.
- Mania bat: Ez daukat maniarik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu