Aritz Martinez de Luna: 'aldizkari edegia, parte-hartzailea nahi dogu, ahalik eta profesionalena'

Koldo Isusi Zuazo 2015-01-12 09:44   Barriketan

Aleako kudeatzailea

Euskerearen normalizazinoan eragiteko asmoz jaio da Alea, euskera hutsezko Arabako astekari barria. Geu Gasteiz alkartea, Berria, Goiena eta Arabako hainbat eragile dira sustatzaileak eta Araban pil-pilean diran gaiak, erreportajeak, alkarrizketak, eretxi zutabeak eta bestelakoak izango dira irakurgai astero. Lehenengo zenbakia urtarrilaren 16tik aurrera, barikuro banatuko da harpidedunen artean.

Igazko zemendiaren 29an, barriz, Alea astekaria jentaurrean aurkeztu ostean, abenduko euskerearen egunaren bueltan zabaldu eben Euskereak 365 egun kanpainearen testuinguruan; erronkea: 65.000 aurkezpen ale banatzea izan zan.


1.- Alea martxan dago honezkero, Facebook eta Twitter sare sozialetan be bazagoze eta egun batzuk barru izango da kalean lehenengo zenbakia kalean. Zelako harrerea egin deutsie arabarrek Aleari?

Oraingoz harrera oso ona, jakin-min handia egon da eta herritarren atentzinoa erakarri dogula esango neuke. Harpidedun kanpainan buru-belarri sartuta gagoz orain eta espero dot apurka-apurka jentea gurera erakarten jarraitzea. Oraingoz, beraz, oso pozik gagoz.


2.- Arazo ekonomikoakaitik Geu Gasteiz hilebetekariak agur esan ostean, 2012an Hirinet proiektu multimedia etorri zan eta orain, barriz, Alea agertu da. Geu Gasteizen haritik dator Alea?

Bai. Asmoa Geu alkartean sortu zan Araban idatzizko komunikabide euskaldun baten hutsunea atzemoten zalako. Hasieran Hirinet euskarri digitalari emon jakon lehentasuna jakinda hori bideragarriagoa zala eta errazagoa izango zala kaleratzen. Hortik aurrera, beste eragile batzuen lankidetzeagaz eta pare bat urte geroago dator Alea.


3.- Lurralde mailan, Berriako Hitzak kenduta ba al dago pareko hedabiderik?

Lurralde mailan, Berriako Hitzak dira eredugarri eta orain, Alea agertzeagaz batera Arabako Hitza desagertu egingo da, pasa dan barikuan, hilaren 9an, argitaratu eta zabaldu zan azkena Berriagaz batera. Hortik aurrera Euskal Herriko leku askotan badagoz tokian tokiko aldizkariak, akaso, kutsu herrikoiago bategaz edo eskualde mailako izaereagaz baina Araba mailan, 8 kuadrillak batzeko proiektu zabalago bat gura genduan eta horren haritik dator Alea astekaria.


4.- Geu Gasteiz alkarteak, Berriak, Goienak eta Arabako hainbat eragilek bat egin dozue euskera hutsezko aldizkaria sortzeko. Erraza izan al da alkarlana? Zeintzuk dira helburuak?

2012ko udagoienean edo, proiektua mamitzen hasi zanean, euskerazko komunikabideak arlo desbardinetan lanean ebilzan, lehen esan deutsudan lez, hutsunea egoalako. Giro horretan, alkarlanerako aukerea ikusita, beharrari ekin jakon eta prozesua erraza eta sano aberasgarria izan da; kuadrillaz kuadrilla informazinoa zabaltzen, lantaldeak osotzen eta ekarpenak jasoten hasi ginan eta orain prozesu horren amaieran gagoz.

Helburuen artean, proiektu edegia, parte-hartzailea nahi dogu, ahalik eta profesionalena eta kalidadezkoa. 


5.- Proiektuaren sorburura joanda, zelan gogoratzen dozuz lehenengo pausuak? 

2009an, Geu Gasteiz hilebetekaria desagertu zanean, Geu alkarteak hutsune handia atzemon eban eta aurrerago, 2012an etorri zan Hirinet, proiektu multimedia, Internet bidezko komunikazinoari aparteko garrantzia emonez. Edozelan be, papelezko aldizkariaren ideia hori ez da sekula baztertu baina Geu alkarteak baliabiderik ez eukanez, ez atzera ez aurrera egon da gaia. Beste erakunde eta eragile batzuen parte hartzea beharrezkoa zan eta holan sortu ziran lehenengo hartu-emonak Goiena Komunikazino Taldeagaz eta Berria egunkariagaz. Erabagiorra izan da euren parte hartzea Alea abiarazoteko prozesuan.


6.- Arabako euskaldun eta euskaltzaleen sarea osotzea izan da emon dozuen pausurik garrantzitsuenetakoa. Prozesua zelakoa izan da? Hartu dozue ezustekorik?

Arabako zortzi kuadrillen artean gorabeherak, desbardintasunak dagoz, neurrian, egituran zein eragile kopuruan eta, beraz, lehenengo hartu-emonak aitatu kuadrilletako euskera teknikariakaz egin doguz eskualde bakotxaren ezaugarriak eta bereizgarriak ezagutzeko. Apurka-apurka sarea osotzen joan gara lekuan lekuko talde, alkarte eta eragileakaz eta, esangura horretan, ezustekorik ez dogu hartu, izatekotan, ezusteko positiboak izan dira ze hasieratik beharrerako prest ikusi dogu jentea, jarrera positiboa ikusi dogu leku guztietan eta hori eskertzekoa izan da.


7.- Arabako zortzi kuadrillen informazinoa emongo dozue astero Alean baina zer gehiago topauko dau irakurleak?

Kuadrilla bakotxak orrialde bat izango dau herri mailako gaiak ezagutzera emoteko eta ganerakoan, Arabako gizartean eztabaidagai diran gaiak, erreportajeak, informazino orokorreko orrialde nagusiak, alkarrizketa sakonak be izango dira, kolaboratzaileen eretxi zutabeak eta Hamaika saltsa atalean, kultur proposamenak, teknologia arlokoak, ume eta gazteen tartea, denporapasa atala be izango dogu eta agendea ahaztu barik.


8.- Zeintzuk izan dira lantaldea zein kolaboratzaile sarea osotzeko erispideak?

Beharginak izango gara, batez be, komunikabideetan esperientziadun kazetariak, bi zehatz esateko, bat Berriatik etorritakoa eta bestea Geu alkarteko partaide izandakoa. Goienatik etorrita beste kazetari bat be izango dogu. Horrezaz gan, neu ibiliko naz kudeaketa lanak egiten eta kanpoko kolaboratzaileei jagokenez, euskera teknikariek eta osotzen daben sarea be ezin ahaztu.


9.- Alea astekaria irakurteko harpidetzea egitea nahitaezkoa da, 50 euro urtean. Bardin pagau beharko dabe norbanakoek zein alkarte eta erakundeek?

Tarifa nahikoa merkea ezarri dogu, izan be, urtean 44 aldizkari jasoko ditu harpidetzea egiten dauenak. Irabazi asmorik bako ekimena da gurea eta horregaitik jarri dogu holako tarifa merkea. Zenbait eragile, erakunde eta alkartek kuota murriztua izango dabe eta bardin Goiena, Berria edota Geu Gasteiz alkartekoek; berbarako, Berriaren harpidedunek gastu estra barik jasoko dabe aldizkaria.


10.- Zenbatekoa izango da tiradea?

O zenbakiaren banaketa masiboa izatea gura izan genduan produktua ezagutzera emoteko eta ahalik eta jente gehiagorengana heltzeko eta, beraz, 65.000 inguru zabaldu genduzan. Hemendik aurrera harpidetza kanpainan gagoz eta ikusi beharko da zenbat jente sartzen dan baina oraingoz helburua izango da 3.000 bat harpidedun edo lortzea eta horreentzat behintzat, astero-astero euren etxeetara bialtzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu