Juan Pablo Orduñezek espazioari buruzko bere esku-hartze artistikoak batu ditu 'Hasta la bandera' erakusketan
2014-06-23 15:21 KultureaOrduñezek gauzak aldarazoteko moduko esku-hartze artistikoak ditu ardatz, izan be, bere esanetan, artisteak jazoten danagaz lotuta egon behar dau. Bere lanaren bitartez, funtzionetan dauen artea bilatzen ahalegintzen da, bulegoetan hartu eta gizartean eta etxeetan sufriduten diran erabagi politikoei erantzuteko modukoa.
BilbaoArtek instalazinoak eta bideoak batzen dituan produkzino propioko erakusketa barri bat aurkeztu dau, Juan Pablo Orduñez –Mawatres goitizenaz ezagunagoa– protagonista dauena. Bilbao Arteko 2013ko artista egoiliarra izan dan Juan Pablo Ordúñez epaimahai batek aukeratu dau, bere sorkuntza-proiektua erakusteko aukerea izan daian. Hasta la bandera erakusketea publikoarentzat zabalik egongo da Bilbao Arteko erakusketa-gelan garagarrilaren 11ra arte, 17:30etik 20:30era bitartean astelehenik barikura, eta 11:00etatik 14:00etara bitartean zapatuetan.
Hasta la bandera proiektuak leku batean interbenidutea edo bertan parte-hartzearen desbardintasuna agirian itxi nahi dau. Berbek balioa galtzen daben testuinguru sozial batean, eta lengoaia militarra artean zein politikan bardin agertzen dan testuinguruan, zehaztu barik dagozan kontzeptuen ekuazino honetatik abiatzeko helburua dago. Interbentzinoa disziplina lez ulertzeko ideologiatik, proiektu hau berkodifikautako testuinguruari buruzko ikerketa moduan aurkezten da. Abiapuntu bat planteetan da, baina ezin da proiektuaren amaierea zehaztu, ezezaguna baita.
Aitatutako horrexek dira Bilbon finkatutako Juan Pablo Orduñez artista madrildarraren sorkuntza-proiektuaren gakoak. Arte Ederretan Lizentziatua da Euskal Herriko Unibersidadean, hainbat erakusketa egin ditu: Banderas Negras Gasteizeko Espacio Zuloan (2012) eta Galiziako Kaldarte Caldas del Reisen (2013) edo No como picante Beijingeko Ma Studion, Txina (2011), beste askoren artean. Erakusketa kolektiboak egin ditu Leoneko MUSACen, Guggenheim Bilbao Museoan edo Sicart Galerian.
Orduñezek gauzak aldarazoteko moduko esku-hartze artistikoak ditu ardatz, izan be, bere esanetan, artisteak jazoten danagaz lotuta egon behar dau. Bere lanaren bitartez, funtzionetan dauen artea bilatzen ahalegintzen da, bulegoetan hartu eta gizartean eta etxeetan sufriduten diran erabagi politikoei erantzuteko modukoa.
Erakusketea bi ataletan banatuta dago. Bere esku-hartze artistikoen lekuko dira Bartzelonako Sant Romà de Sau herria eta Bizkaiko bost deiadar-mendiak. Gaur egun, Sant Romà de Sau bi aldiz abandonautako herria da: herri zaharra Francoren garaian eregitako urtegi baten azpian dago, eta haren ordez eregitakoan ez da inor bizi dagoeneko. Errealidade hori erakusteko, Orduñezek eleiza zaharraren erreplika bat, bideoak eta puntzoiaz tentu handiz landutako argazkiak batu ditu.
Bigarren zatian, Bizkaiko Deiadar-Mendietara hurreratu da biribil batean jarritako bost bideoren bitartez. Orduñezek Gorbeia, Oiz, Sollube, Kolitza eta Ganekogortako tontorretara igon dau musikari eta kantarien konpainian, Batzar Nagusietara dei egiteko tradizino zaharra erabarrituz. Antxinako su eta adarren ordez, gitarra bat, baxu bat, bateria bat, ahots bat eta Orduñezek berak eroandako bandera baltz bat, dei egiteko era gaurkotuago baten irudikapen legez, hartzaile gehiagorengana heltzeko asmoz, artisteak nabarmendu dauenez.
Hasta la bandera osotzen daben bi gai nagusien artean, Durerorentzako lekua be izango da, Alemanian jazotako matxinada batean hil zituen baserritarren omenezko monumentu baten diseinuagaz. Kalean egin dauen legez, Orduñezek kartel-itsasketa bat egingo dau BilbaoArteko erakusketa-aretoan, Errenazimentuko artista alemaniarrak marraztutako torreaz.
Orduñezen erakusketa honen ondoren, BilbaoArteko aretoan honako erakusketa honeek antolatuko dira: Waiting for loading Hélène Duboc artistearena (irailaren 5etik 26ra), 18/19/2013 Eriz Moreno artistearena (urriaren 3tik 24ra) eta Guardianes Mika Murakami artistearena (urriaren 31tik zemendiaren 21era).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!