Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala zapatuan jokatuko da Orion

Bizkaie! 2014-06-17 17:24   Bertsolaritzea

Bagilaren 21erako egun osoko jai ederra antolatu da Eskolartekoaren harira. Goizeko 11:00etan 15-18 urte artekoen bat-bateko finala izango da, eta, arratsaldez, 15:00etatik aurrera, bertso-eskolen emonaldiak eta erromeria.

Bagilaren 21erako egun osoko jai ederra antolatu da Eskolartekoaren harira. Goizeko 11:00etan 15-18 urte artekoen bat-bateko finala izango da, eta, arratsaldez, 15:00etatik aurrera, bertso-eskolen emonaldiak eta erromeria. Gaur aurkeztu da finala Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Bertan izan dira: Koldo Tellitu, Ikastolen Alkarteko lehendakaria; Beñat Solaberrieta, Orioko alkatea eta Iñaki Murua, Bertsozale Alkarteko lehendakaria.

XXVI. edizinoa dau aurten Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketeak. Bagilaren 21ean Orion ospatuko dan finalak herrialdeetan gauzatu dan Eskolarteari azken errematea jarriko deutso.

Egitaraua:

11:00etan bat-bateko txapelketako finala, Karela kiroldegian. Bertsolariak 15-18 urteko 11 gazte izango dira: herrialde bakotxeko txapelduna eta txapeldunordea:

- Arabatik Peru Abarrategi (1997, Aramaio) eta Maddalen Arrausi (1997, Gasteiz).

- Bizkaitik Asier Galarza (1996, Muxika) eta Aitor Bizkarra (1996, Abadiño).

- Gipuzkoatik Maider Arregi (1996, Oñati) eta Iñigo Ibañez (1997, Azpeitia).

- Lapurditik Aitor Servier (1997, Azkaine) eta Nahia Sasco (1998, Lekuine).

- Nafarroatik Mikel Lasarte (1996, Barañain) eta Maddalen Lopez (1997, Lesaka).

- Zuberoatik Ibai Capot (1997, Zalgize).

Saioan egin beharreko lanak ondokoak izango dira:

- Hasierako agurra. Gehienez 5 puntuko neurrian.
- 8ko handian 2na bertso. Ofizioko gaian, binaka.
- 8ko txikian 2na bertso. Ofizioko gaian, binaka.
- Bakarka bertso bana. Gehienez 5 puntuko neurrian. Gaia emonda.
- 3na kopla trikitilarien laguntzinoagaz. Binaka edo hirunaka, gaia emonda.
- Amaierako agurra. Gehienez 5 puntuko neurrian.

Gai-jartzaile taldean Gipuzkoako bertso-eskoletako gazteek hartu dabe parte, Inaxio Usarralde eta Egoitz Aizpuru gidari zituela: Maddi Alberdi, Maier Fernandez, Nahia Fernandez, Amaia Palazuelos, Aizpea Garmendia, Peru Gabirondo eta Iñaki Rezusta.

Epaile taldea, herrialde bakotxeko epaile banak osotuko dabe: Hodei Lopez de Arkaute (Araba), Jurgi Fuentes (Bizkaia), Zigor Leunda (Gipuzkoa), Joakin Arregi (Lapurdi), Nerea Bruño (Nafarroa), Beñat Soule (Zuberoa). Idazkari lanak Maiteder Sasietak egingo ditu.

Kopletako ariketan, bertsolariek Asier Alcedo eta Eneko Alda trikitilariak izango ditue lagun.

Saioa Beñat Gaztelumendik aurkeztuko dau eta Maialen Lujanbiok jantziko deutso txapela nagusitzen danari.

Sari nagusia Gabonetako oporraldietan egingo dan negulekua izango da. 2014ko Gabonetako oporraldietan antolatuko dira, lehen aldiz, EH mailako negulekuak; 15-18 urteko gazteei zuzenduta, aterpetxe batean. Bertan parte hartzeko aukerea zabalduko jake bertso-eskoletako gazte guztiei. Eskolartekoan EHko finalista izan diranek, barriz, doban izango dabe egonaldia, horixe izango baitabe sari nagusia.

14:00etan bazkaria, plazan. Bertako produktu ekologikoakaz egina. Plazan 200 lagunentzako bazkaritarako lekua jarriko da. Herri bazkaritarako txartelak aurrez hartu behar ziran, eta 140 lagun alkartuko dira. Horreez gan, bazkaria etxetik eroaten dabenentzako be mahaiak eta aulkiak jarriko dira.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluagaz (ENEEK) alkarlanean, plazan eskainiko dan herri bazkarian bertako produktu ekologikoak izango dira oinarri.

15:00-18:00etara bertso-eskolen emonaldiak eta erromeria, plazan. Arratsaldeko jai giroari Orioko bertsolari beteranoa dan Patxi Etxeberriak eta Maialen Lujanbiok emongo deutsie hasierea, libreko saioan. Ondoren herrialde desbardinetako bertso-eskolen emonaldiak etorriko dira.

16:00etatik 18:00etara erromeria izango da, Obaneuke taldeagaz.


Antolatzaile eta laguntzaileak

Eskolarteko barria Ikastolen Alkarteak eta Bertsozale Alkarteak antolatu dabe alkarlanean, bertso-eskolen laguntzinoari esker.

Euskal Herriko finala antolatu ahal izateko beren laguntzinoa eskaini daben erakundeak ondokoak izan dira: Orioko Udala, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK), Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Saila.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu