Michel Camilo Trio, Jack De Johnette eta Diego 'El Cigala', 38. Getxo Jazz Jaialdian

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-06-17 15:46   Musikea

Aurten be Getxoko Jazz Jaialdiak abiatuko dau EAEko udako jazzaldien denporaldia. Garagarrilaren 2tik 6ra hamazortzi emonaldi eskainiko ditue, tartean, Jack De Johnette, Michel Camilo Trio eta Diego El Cigala-ren kontzertuak. Sarrerak salgai dagoz daborduko.

Aurten be Getxoko Jazz Jaialdiak abiatuko dau EAEko udako jazzaldien denporaldia. Garagarrilaren 2tik 6ra hamazortzi emonaldi eskainiko ditue, tartean, Jack De Johnette, Michel Camilo Trio eta Diego El Cigala-ren kontzertuak. Sarrerak salgai dagoz daborduko.

Iñaki Saitua jazzaldiko zuzendariak, Imanol Landa Getxoko alkarteak eta Gorka Martinez BBK Fundazinoko arduradunak emon ditue jaialdiaren inguruko zehaztasunak prentsaurrekoan.

38. edizino honetako kalidadea eta aniztasuna nabarmendu ditu aurkezpenan Landak, izan be askotariko jazz estiloak batu ditue aurtengo kartelean. Urtero lez, Algortako Biotz Alai plazeak hartuko ditu kontzertu nagusiak, baina beste bi eszenatiko be izango dira, Geltokia Plazea Hirugarren milurtekoa egitaraurako, eta The Piper´s puba, zuzenekoen osteko jam sessionetarako. Saituak gazteen lana ezagutzera emoteko egindako ahalegina ganeratu dau, Getxoko jazzaldiaren hirugarren ezaugarri garrantzitsu lez.

Natalia Dicenta abeslari madrildarrak hasiko dau egitaraua, garagarrilaren 2an. Colours disko barria aurkeztuko dau, taldekide izango dituan Israel Sandoval, Marcelo Peralta, Vicente Borland, Richie Ferrer eta Antonio Calerogaz batera. Hurrengo egunean, hilaren 3an, Jack De Johnette bateria-jole betaranoa igongo da eszenatokira. Askoren ustez, berau da gaur egungo bateria-jotzaile onena. Figura mitikoa da, adierazo dau Saituak. Jazz zaletu amorratuenentzako proposamen erakargarriena izango da, akaso, ganeratu dau. De Johnettek Ravi Coltrane eta Matt Garrison musikariekaz batera jardungo dau.

Oraindino gure artean oso ezaguna ez dan Hiromi piano-jole japoniarrak barikuan joko dau, garagarrilaren 4an. Oso, oso ona da -esan dau jazzaldiako zuzendariak- birtuosoa da, teknika itzela dauka. Indar handia dauka zuzenekoetan, eta jazza rockagaz nahastea gustetan jako. Hirukotean jardungo dau, Anthony Jackson eta Simon Phillipsegaz.

Astegoienean, Michel Camilo pianista dominikarra eta Diego El Cigala kantari espainiarrak zarratuko dabe Getxo Jazz. Michel Camilo beste birritan izan da Getxon, 2002an eta 2009an. Jazz latinoaren munduko artista ezagunenetakoa da, teknika handiko piano-jotzailea eya konposatzaile fina. Lincoln Goines eta Cliff Almondegaz joko dau. Domekan, Diego El Cigala flamenko kantari ospetsuak jazz eta flamenko emonalida eskainiko dau. Biotz Alaiko kontzertu guztiak 21:00etan izango dira.

Kontzertu nagusi horreen aurretik talde lehiaketako finalistek joko dabe, hau da, Massimax Project (Italia-Suedia), Liya Grigoyan Trio (Armenia-Italia-Espainia), Lukas Gabric Group (Austria-Hungaria) eta Ylativ Algo Quintet (Alemania-Errusia). Banda irabazleak beste emonaldi bat eskainiko dau, domekan, Diego El Cigalaren aurretik. 88 talderen proposamenak jaso ditue lehia-ketan, lau horreek egin dabe aurrera.

Hirugarren milurtekoa izeneko atalean bost talde entzuteko aukerea izango da, Algortako Geltokia plazan, 19:00etan: Juan Ortiz Quintet, David Pastor & Nu-Roots, ¡Zas! Trio, Artur Tuznik Trio eta The Groove Investigators Quintet.

Eta Satistegi kafetegian Jose Hornaren Jazz for two erakusketa ipiniko dabe ikusgai, bagilaren 17tik garagarrilaren 20ra bitartean. Jazz agertokietan ateratako makinatxu bat erretratu batu ditu argazkilari getxoztarrak.

38. Getxo Jazzen egitarau osoa, hemen.

Getxokoaren ostean, Gasteizko 38. Jazzaldia etorriko da, garagarrilaren 14tik 19ra, eta Donostiako 49. Heineken Jazzaldia, 23tik 27ra egingo dabe. Jazz Euskadiri buruzko informazino guztia, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu