XV. Bilboko Kalealdiak 31 konpainia eta 59 ikuskizun ekarriko ditu Bilbora garagarrilaren 1etik 5era bitartean

Bizkaie! 2014-06-16 15:46   Kulturea

Kaleko arte eszenikoetan trebatutako euskal konpainien aldeko apustuari eutsiz, Bilboko Kalealdiak bertako talde honeek batu ditu aurten: Hortzmuga, Ertza, Organik eta Kukai, Ganso & Cía., Malas Compañías, Barbara Govan eta Kolectivo Monstrenko & Zanguango Teatro, Euskadiko talde batez eta Gaztela eta Leongo beste batez osotutakoa.

Bilboko Kalealdia Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren XV. edizinoak 31 konpainiatako 108 artista batuko ditu, Bilboko kaleak ikuskizunez bete deiezan. Garagarrilaren 1etik 5era bitartean, 59 emonaldi antolatuko dira danetara, Abando eta Zazpi Kaleetako leku desbardinetan.

Programan, era askotako ikuskizunak batu dira, besteak beste, kaleko antzerkia, zirku-ikuskizunak, jantzra, mimoa, clowna, objektuen manipulazinoaren inguruko malabarismoa, performance artistikoa edota Arriaga Antzokiaren fatxadearen parean egingo dan antzerki bertikaleko ikuskizun bat.

Aurtengo aurrekontua igazkoa baino %45 handiagoa da, 134.000 eurotik 194.000 eurora igaro dalarik, eta horrek jagokon eragina izango dau programearen kalidadean. Igoera horrek berretsi egiten dau Udalak kaleko antzerki eta arteen alde egindako apustua.

Bilboko Kalealdiak publikoa ohiko ezenatokietara deitu dau barriro be: Arenala, Plaza Barria, Arriaga Plaza, Arbieto kalea eta Aldundiaren Jauregia Kale Nagusian. Era berean, ikuskizun bat eskainiko da Epaltza kalean, Zubi Zuriaren aurrean. Ohikoa danez, Jaialdiaren hasierako bi egunetan, ikuskizunak Zabalgunean eta Zazpi Kaleetan izango dira, eta ganerako hiru egunetan, saio guztiak alde zaharrean egingo dira.

Bilboko Kalealdiaren XV. edizio honetan parte hartuko daben konpainien jatorriari jagokonez, 13 talde edo banakako artista Frantziakoak dira, bi Japoniakoak, bat Italiakoa eta beste bat Holandakoa. Beste sei Kataluniatik etorritakoak dira, bat Gaztela eta Leongoa eta ganerako zortziak Euskal Herrikoak. Danetara, 108 lagunek osotzen dabe Jaialdia amaitu arte bilbon batuko dan artista multzoa.

Kaleko arte eszenikoetan trebatutako euskal konpainien aldeko apustuari eutsiz, Bilboko Kalealdiak bertako talde honeek batu ditu aurtengo edizinorako: Hortzmuga (kaleko antzerkia), Ertza, Organik eta Kukai (uriko jantzea), Ganso & Cía. (clowna), Malas Compañías (akrobazia eta kaleko antzerkia), Barbara Govan (zirkua) eta Kolectivo Monstrenko & Zanguango Teatro, Euskadiko talde batez eta Gaztela eta Leongo beste batez osotutakoa.


Estreinaldiak

Aurten, Hortzmuga antzerki taldearen azken lana estreinauko da. Nola, Bilbon 1989an sortutako konpainia honen lan barria, Arriaga Antzokiaren alboko aldean aurkeztuko da barikuan eta zapatuan, hilak 4 eta 5, 19:00etatik aurrera. Konpainiaren beraren esanetan, ikuskizun hau personen barrruko munduen mundua da, desbardina izatea arrunta dan mundua, istorio bat kontetako bestelako mundua. Hauxe da aforo mugatua izango dauen antzezpen bakarra, eta muntaiaren formatu txikiari erreparauta, saio bakotxean gehienez 20 persona batu ahal izango dira. Erabateko estreinaldi honez gan, aurten taularatuko diran beste lau muntaia be lehenengo aldiz eskainiko dira Estadu osoan.

La Salamandre, O Ultimo Momento eta Sacekripa talde frantziarren emonaldiek be publikoaren atentzinoa erakarriko dabe. Lehenengoa suaren erabileran espezializau da 22 urteko ibilbidearen ondoren, eta musikea, jantzea eta sua buztartuz kultur globalizazinoaz gogoetea egitera konbidatzen dauen Essat ikuskizuna eskainiko dau, eszenatokian 13 antzezle batuta. Bestalde, O Ultimo Momento masta txinatarraz egindako aireko teknikan eta akrobazietan trebatutako taldea da, eta Sacekripa, Frantziako hainbat herritan lortutako arrakastearen ondoren helduko da Bilbora, ezusteko uniberso batean umorea eta fantasia buztartzen dituan traste zaharrez eta egoera absurduez betetako ikuskizun batez.

Frantziako hiru konpainia horreez gan, Manolo Alcantara artista kataluniarrak bi ikuskizun aurkeztuko ditu. Horreetako batek Leioako Umore Azokako saria irabazi barri dau. Era berean, Pirineoetako Zirku Galea be nabarmendu behar da, formatu txikiko eta zailtasun handiko ikuskizunak batuko baititu, esperiantzidun artisten nahiz Kontinente Zaharreko zirku-eskoletatik ateratako artista gazteen eskutik. Europa mailako lankidetza-proiektu hau, FEDER funtsek eta Espainia-Frantzia-Andorrako Lurralde-Lankidetzarako Programa Operatiboak diruz lagundu dabe.

Ikuskizunak era askotakoak dira, genero eta estilo desbardinetakoak. Emonaldi guztiak dobakoak dira, salbu eta Arenalean kokatutako karpa txikiko eszenatoki barrian taularatuko diranak, bi euroko prezio sinbolikoa izango dabelako. Hemen, Sacekripa talde frantziarrak clown-umorea eta fantasia buztartzen dituan Marée basse antzeztuko dau (eguneko bi saiotan, 18:00etan eta 20:00etan, garagarrilaren 2, 3 eta 4an). Arenalean bertan, Manolo Alcantara kataluniarrak ekilibrismoa eta zuzeneko musikea buztartzen dituan Rudo ikuskizuna eskainiko dau harmailez hornidutako eremu zarratu batean. Hilaren 5ean taularatuko da, bi saiotan, 18:00etan eta 20:30ean. Artista honek beste ikuskizun bat eskainiko dau Arenalean, hilaren 4an, hau be bi saiotan, 18:45ean eta 20:30ean.

Programazinoa arratsaldeko bostak edo seiak aldera hasiko da egunero, eta beranduenez, gauerdia baino zeozertxu beranduagora arte luzatuko da eszenatoki desbardinetan. Ikuskizun guztiak edade guztietako publikoentzat egokiak dira, salbu eta hilaren 3an, 23:00etatik aurrera, Arriagaren ondoan eskainiko dan Entre lombrices izenburukoa, 16 urtetik gorakoentzat gomendatutakoa baita.

Jaialdia Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu dau, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Metro Bilbao eta Institutu Frantsesaren lankidetzaz. Bilboko Kalealdia, 2004an sortu eta sektoreari eusten deutsien kolektibo desberdinak (konpainiak, banatzaileak, azokak eta jaialdiak) batzen dituan Artekale Euskal Herriko Kale Arteen Alkarteari atxikita dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu