Beatriz Zubikarai: 'Herriari begira egoten ahalegintzen gara'

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-06-16 11:28   Barriketan
Arranondo aldizkariaren koordinatzailea

Hogeita lau urte bete barri ditu Ondarroako Arranondo aldizkariak, eta hogeita bosterako bidean dagozala dinoe agerkariaren arduradunek. Augustin Zubikarai idazle, euskaltzale eta ohorezko euskaltzainak abiatu eban hilebetekaria, eta han egon zan, aitaren inguruan, Beatriz Zubikarai. Gaur egun, bera da aldizkariaren koordinatzailea, eta berak kontau deuskuz gorabehera guztiak.


1.- Aldizkariaren itxurea aldatuz ospatu dozue 24. urteurrena...

Orain dala 24 urte, maiatzean, atera zan lehenengo zenbakia. Augustin Zubikarai izan zan lehenengo burua, proiektua bultzatu ebana, beste batzuen laguntzeagaz. Berak esaten euskun, orain ez bada urteten, laga eta laga joango gara, eta ez dogu egingo. Nahiko prekario hasi ginan, lehenengo zenbaki horrek azalik be ez eukan. Bigarren zenbakitik aurrera aldaketak egiten hasi ginan. Apurka-apurka kolorea sartzen joan ginan, eta aurtengo maiatzeko zenbakian kolorea azalean ez eze, barruan be badaukagu. Egokitzeko gogoa geunkan, zaharkituta geratzen gengozala konturatu ginan. Lau hilebetean edo pentsetan ibili gara, diruaren gorabeherak aztertzen, eta azkenean 24. urteurrena dala aprobetxau dogu aldaketea egiteko.


2.- 1990eko maiatzean pentsetan zenduen hainbeste urte beteko zenduenik?

Guk hasieran ez genduan holakorik pentsetan. Gauza xume bat zan.


3.- Eta zer dala eta Arranondo izena?

Txomin Agirre idazle ondarroarra jaio zala 125 urte bete ziran 1990ean, gu sortu ginanean. Kresala nobelan Arranondo izena erabilten dau Ondarroaz berba egiteko. Holan urten zan izena. Jenteak gustura hartu eban, eta segiduten ginduen. Apurka-apurka aurrera egin eban, eta irakurleak atzeratutako aldizkarien bila etorten hasi jakuzan, gordeteko edo; guk pixka baterako kontua izango zala pentsetan genduan baina...


4.- Zerk bultzatu eban Augustin Zubikarai hilebetekaria sortzera?

Lehenengo zenbakian berak argi azaltzen eban: Herria euskerea irakurri eta erabiltera zaletzea, euskera errez, herrikoi eta jatorrez. Euskereari eusten ahalegintzea. Euskerearen aldeko posturea izan zan, jenteak norbere herriko edo eskualdeko kontuak ikusi ezkero, herriko jaiak, ospakizunak, alkarrizketak... gehiago animetan da. Herritarrak euskeraz irakurtera bultzatu nahi genduzan.


5.- Gaur egun be helburu bera dauka aldizkariak?

Gure helburua azken batean euskereari eustea da, euskeraz idazten segidutea.


6.- Testu gehienak bizkaieraz irakurten doguz, hasieran be holan zan?

Artikulu batzuk bizkaieraz dagoz eta beste batzuk batuaz, sekula ez da egon arazorik. Bizkaierea igual gehitxuago zaintzen ahalegintzen gara.


7.- Zer gai lantzen dozuez? Asko aldatu dira urteotan?

Gai batzuk zenbaki guzti-guztietan agiri dira, jaiotzak, ezkontzak, Kofraditik bialtzen deuskuezan harrapautako arrain kopuruak, herriko berba jatorrak, errezetak... Landaren inguruko informazinoa be argitaratzen dogu, lehenago zugatzakaz egin genduan lez. Erdiko atalean beti dagoz argazkiak, herrian egin dira jai edo ospakizunen inguruan. Ganerako atalak aldatzen joan dira, txanda baten herriko pelotarien aitamenak egin genduzan, beste baten herriko alkarte gastronomikoen ganekoak, arrantzearen mundua eta abar. Orain, Iker Badiola gure kideak Aittite eta amume atalean, bere aitita-amamak atxaki lez hartunda, euren denporetako bizimodua kontetan jabilku, geu be konturatzeko zenbat aldaketa egon diran azkenaldion. Herriari begira egoten ahalegintzen gara.


8.- Libururen batzuk be argitaratu dozuez, ezta?

Liburu txiki batzuk atera genduzan lehenengo, gure inguruko zugatzei buruzko bat, arbolen argazkiak eta deskribapenak; landareena be egin dogu, Gabon-kantena... Orain urte bi Itsaso aldetik kaleratu genduan, itsasoagaz loturea eukan jenteari (makinistak, armadoreak, arrantzaleak, sare-konpontzaileak eta abar) alkarrizketak egin eutsozan Iker Badiolak, eta aldizkarian atera ostean, liburuan batu ziran.


9.- Etxerik etxe banatzen dozue aldizkaria? Zenbateko tiradea dauka?

Bai, etxerik etxe, buzoian ixten dogu. 3.500 ale banatzen doguz Ondarroan, eta inguruan. Irakurle batzuk esaten deuskue euren etxera ez dala ailegau-eta, batzutan jazo da banaketaz arduratzen dan enpreseari ez deutsola inork zabaldu aterik eta ezin izan dabela banatu. Hor igarten da herria zelan aldatu dan, lehen ate guztiak zabalik egozan, baina gaur egun ez.


10.- Bazabilzie 25. urteurrenerako bidean, ospakizun berezirik egiteko asmorik daukazue?

Momentuz ez dogu ezer pentsau, hemen gabilzan gehienak lanean dabilz, denpora gitxi daukagu. Baina, bai, 25. urteurrenari begira zeozer egin beharko dogu.


11.- Zenbat lagun dabilz Arranondo-n?

Aldizkarian baino kultur alkartean jente gehiago dabil. Arranondo-n 15 bat edo izango gara. Alkarteak beste jarduera batzuk daukaz, askorik ez orain, lehenago gehiago eukazan. Zenbat jente dabilen, jentearen zaletasunak, danak dauka eragina. Txanda baten areto-futbol eta pelota txapelketak antolatzen genduzan, mendi urteerak be bai, udan umeentzako jarduerak hondartzan... Hori alde batera itxita dago. Aldizkaria da gure helburu nagusia. Gaur egun, alkarte moduan, marmitako lehiaketea egiten dogu jaietan eta Antxoa Egunean gure antxoak preparetan doguz.


12.- Eta aurrera begira, zein ames eta erronka daukaz Arranondo-k?

Ahal dogun neurrian aurrera egitea da gure asmoa. Hasierako batzuk gure artean dagoz oraindino, beste batzuk hil dira, beste batzuk zahartu egin dira, baina beti agertzen da barriren bat. Ez daukagu holako erronka handirik, hilero-hilero aldizkaria ateratea. Hilea arin pasetan da, testuak eskatu, batu... denporea behar da. Batzuetan irakurleek proposatzen deuskuez gaiak, edo argazki zaharrak ekarten deuskuez Ezagutzen? atalerako.


13.- Badira hamar bat urte Interneten be irakurri leikena aldizkaria, ezta?

Begira, hori erronkea izan zan ba. Ordutik aurrera zenbaki guzti-guztiak gure webgunean ipini doguz. Hasieran argitaratutako guztiak ipintea pentsau genduan, baina oraindino ez dogu egin. Hori da egiteko dagoan gauzatako bat.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu