IXA taldeak eskura ipini dau Euskal WordNet
2014-06-13 14:19Euskal Herriko Unibersidadeko IXA taldeak ikertzaile zein enpresentzat eskuragarri ipini dau Euskal WordNet, euskerarako egin dan lehen ezagutza base lexikala (EBL) edo hiztegi semantikoa. Konsultau eta debalde jatsi daiteke daborduko.
Euskal Herriko Unibersidadeko IXA taldeak ikertzaile zein enpresentzat eskuragarri ipini dau Euskal WordNet, euskerarako egin dan lehen ezagutza base lexikala (EBL) edo hiztegi semantikoa. Konsultau eta debalde jatsi daiteke daborduko. Datorren ikasturtean EHUn eskainiko dan Hizkuntzearen Azterketea eta Prozesamendua Masterrean izango dira aztergai hizkuntza teknologia horreek, besteak beste.
Makinek itzulpen automatikoa, informazino erauzketea eta berben adieren desanbiguazinoa moduko lanak egiteko betiko hiztegiak baino tresna informatiko hobeak behar ditue. IXAk garatutako Euskal WordNet aplikazinoa horretan lagunduko dau.
Euskal WordNet euskerearentzat egin dan lehenengo ezagutza base lexikala da, hau da, informazino lexikala eta semantikoa jasoten eta antolatzen dituan hiztegi semantikoa edo biltegi bat. Datu-base baten antzekoa da, baina desbardintasuna da hiztegi batean jasoten dan informazioaz gan -hitzen adierak eta adiera horreen definizinoak eta adibideak-, kontzeptuak alkarren artean harremanetan ipinten dirala, azaldu dau Eneko Agirre IXAko informatikariak.
Berbarako, hatz sarrerea konsultau ezkero, hau dino: gizakiaren eskua edo oina amaitzen dan bost zatietako bakotxa. Hori da esanahia, baina, horrezaz gan, beste hainbat informazino be jaso daitekez: atzamarra gorputz adar bat dala, atzamarrak eskuen zati bat dirala, eskuak aldi berean besoaren zati bat dirala, eta atzamarak gauzak ikutzeko erabilten dirala. Kontzeptu guztiak euren artean harremanetan ipinten dira hierarkikoki.
Itzulpengintza automatikoan, informazino erauzketan, hitzen adieren desanbiguazinoan eta galdera-erantzun sistemetan sano erabilgarria izan daiteke datu base hau. Itzulpen automatikoan, esaterako, sistemak ulertu behar dau zer berba dabilen itzultzen eta horretarako horrelako hiztegi semantiko baten beharra dauka. Ezinbestekoa da hitz batek dituan adieretatik egokiena bereiztea kalidadeezko itzulpena bermatzeko. Europako proiektu batean gure ardurea da WordNet erabilita gaur egungo itzulpen automatikoen kalidadea hobetzea, dino Agirrek.
Hizkuntzearen Azterketea eta Prozesamendua masterrea
Euskal WordNet eta antzerako aplikazinoak garatzeko hizkuntza teknologia horreek danak landuko dira, hain zuzen be, 2014-2015 ikasturtean EHUn IXA taldeak emongo dauen Hizkuntzearen Azterketea eta Prozesamendua unibersidade masterrean. Helburua hizkuntzea aztertzea eta hori ordenagailu bidez tratetako dagozan teknikak eta aplikazinoak ezagutzea da.
Hizkuntzalaritzea eta informatikea buztartu nahi dituen guztiei zuzenduta dago; filologo eta hizkuntzalariei, informatikako eta telekomunikazinoetako injineruei, matematikari edo itzultzaileei.Masterrak urte eta erdiko iraupena dauka eta ikasketak EHUko Informatika Fakultadean eskainiko dira. Masterra euskeraz zein ingelesez egin daiteke. Bi edo hiru ikasturtetan be egin ahal izango da, lanean dabilzan profesionalek be aukerea eukiteko.
Matrikuletako epea zabalik dago, bagilaren 30era arte. Mastarraren arduradunen arabera, azkenengo bost urteotan masterra amaitu daben ikasleen %98 arloko enpresa edo erakundeetan dabil beharrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!