José Luis de la Lombanaren New Yorkeko ibilerak jaso ditue Josu Erkorekak eta Iñaki Anasagastik

Bizkaie! 2014-06-12 10:36   kulturbiz

Josu Erkorekak eta Iñaki Anasagastik argitara ekarri dabe ia ahaztuta egoan José Luis de la Lombana y Foncea (EAJko abertzalea eta ekintzailea) arabarra, Gerra Zibilaren eta Diktadurearen urteetan ezin sinistuzko lana egin ebana erbestetik, Europarako bakea eta orduan Estadu totalitario frankistearen uztarripean egoan Euskal Herriarentzat askatasuna eskatzeko.

Josu Erkorekak eta Iñaki Anasagastik argitara ekarri dabe ia-ia ahaztuta egoan José Luis de la Lombana y Foncea (EAJko abertzalea eta ekintzailea) arabarra, Gerra Zibilaren eta Diktadurearen urteetan ezin sinistuzko lana egin ebana erbestetik, Europarako bakea eta orduan Estadu totalitario frankistearen uztarripean egoan Euskal Herriarentzat askatasuna eskatzeko.

Erkorekak eta Anasagastik, Xabier Irujo Nevadako Unibersidadeko (Reno) Euskal Ikasketen Zentroko zuzendarikidearen laguntzinoagaz A Basque Patriot in New York. Jose Luis de la Lombana y Foncea and the Euskadi Delegation in the United States liburua argitaratu dabe AEBetan.

Argitalpenean zehetasunez kontetan dabe José Luis de la Lombana Foncearen ibilbidea: Madrilen jaso eban hezkuntzatik hasi eta 1936ko Gerra Zibila ekarri eban estadu-kolpe militarraren garaiko erresistentzia eta Gasteizen kartzelaratua izan zan sasoia, bai handik iges egin eta Frantziara joan zanekoa, gero Bartzelonako aktibismoa —uri horretan, erbestaldiko Eusko Jaurlaritzea babesten eban Euzkadi egunkari jeltzaleko editore lez egin eban lan— eta azkenik Lombanaren erbestaldia.

Lombana EAJ-PNVren ordezkari izan zan New Yorken, 1938an egindako Bakearen aldeko Gazterien Bigarren Mundu Biltzarrean, Gerra Zibila bete-betean zala. Han, AEBetan ekintzaile ibili zan garaian, Lombanak ezin konta ahala ohar egin zituan estadubatuar gizarteari zein euskal abertzaletasunari buruz, eta zubiak eregi zituan estadubatuarren komunidadearen eta euskal estadubatuar eta euskal katolikoaren artean. Hori guztia oso garai korapilatsu eta iskanbilatsu baten esparruan, AEBetan bertan zein Munduko ganerako lekuetan.

Erkorekak eta Anasagastik euren kontakizunaren zati handi bat Lombanak berak AEBetan bizi zala idatzi eban txosten argitarabako batean oinarritu dabe.

Liburuak, besteak beste, baita aztertzen dau Euskadiko Jaurlaritzearen ordezkaritzeak New Yorken bizi izandako lehenengo urteen garaia, Bigarren Mundu Gerraren sasoian Agirre lehendakaria naziakandik igesi hara heldu baino hiru urte lehenago. Era berean, Euskadiko Jaurlaritzea babestea helburu, Frantzian eta AEBetan egindako ahaleginak be jorratzen dira liburuan, eta propagandearen gaia be aitatzen da, bai euskal abertzaletasunaren aldekoaz eta bai altzatuenaz. Oro har, jelkide horren historiaren bitartez, krisi itzel baten ingurunean jente arruntak ekintza gogoangarri asko egin zituan sasoi baten grafiko bat marratzen da. Gerra Zibila amaitu zanean Lombana Kolonbiara erbesteratu zan eta han Bogotako Euskal Etxea sortzen parte hartu eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu