Japoniar arteko 221 bitxi ikusgai dagoz Bilboko Arte Eder Museoan

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-06-10 15:44   Kulturea

Bilboko Arte Eder Museoaren funtsetako berrehun bat objektuk osotzen dabe erakusketea. Jose Palaciok 1925. eta 1932. urteen artean batutako lanak ditu oinarrian bildumeak, estadu espainiarreko japoniar arteari buruzko garrantzitsuena. Irailaren 14ra arte egongo da ikusgai.

Bilboko Arte Eder Museoaren funtsetako 221 objektuk osotzen dabe erakusketea. Jose Palaciok 1925. eta 1932. urteen artean batutako lanak ditu oinarrian bildumeak, estadu espainiarreko japoniar arteari buruzko garrantzitsuena. Irailaren 14ra arte egongo da ikusgai.

Aurkezpenean, Javier Viar museoko zuzendariak, Gorka Martinez BBK Fundazinoko buruak, Fernando Garcia erakusketearen komisarioak eta Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak hartu dabe parte.

Japoniar estetikearen ezaugarri nagusiak batzen dituen berehun objektu baino gehiago dagoz ikusgai Japoniar artea eta japonismoa erakusketan: figura budisten pinturak, tearen zeremoniari lotutako zeramika objektuak, liburuak, tsuba-k (japoniar sablearen xaflaren babesa), kozuka-k (aizto txikiaren heldulekuak), kaxak, kiseru-zutsu-ak (pipea gordetekoa), inroa-k (kimonoaren gerritik zintzilik eroaten dan kaxa txikitxua) eta abar.

Fernando Garcia komisarioak tsuba bildumea nabarmendu dau, ez dot inon ikusi bilduma hain osorik. Danetara, 37 pieza dagoz. Dana dala, objektu guztiak nabarmentzeko modukoak dirala adierazo dau.

2007an izan zan lehenengoz museoan, Palacio bildumako piezak sailkatzeko asmoz. Baina, lanean hasi ziranean erakusketa bat atontzeko besteko materiala egoala konturatu ziran. Bildumea harrigarria da. Zenbat eta gehiago aztertu orduan eta harrituago gengozan, gogoratu dau. Piezen kopurua baino kalidadea azpimarratu dau Garciak, kalidade itzelekoak dira danak, harrigarria da.

Japoniar arteak asko azaltzen dau gitxigaz, komisarioaren arabera, eta arau horren adierazle dira erakusketako objektuak. Minimalismorako joerea Japoniako artearen hasiera-hasierako adierazpideetan topau daiteke. Edertasun hori gorapiatu dau. Yayoi Kawamura eta Davis Almazan irakasleen laguntzinoa izan dau.

Erakusketeak hiru atal nagusi ditu, Sagradua eta zaldunezkoa, Edo garaiko grabaduak (1615-1868) eta Egunerokoa. 'Urushi' lakaren artea. Moltso horreek osotzeko, Jose Palaciori eskainitako gune bat dago, bertan bildumagileari buruzko hainbat agiri jaso ditue. Horrezaz aparte, japonismoa jazoerea beragaz loturea daukien museoko bildumako 30 artelan dagoz ikusgai, besteak beste, Paul Gauguin, Dario de Regoyos, Antoni Tapies, Francisco Iturrino, Ignacio Zuloaga, Eduardo Txillida eta Adolfo Guiarden lanak.

Museoko Konserbazino eta Zaharbarritzeko sailak eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Kimika Analitikoko Saileko ikerketa-taldeak piezen azterketa materiala egin dabe, eta oinarrizko metalak eta alezinoak zehaztu ditue. Lau pieza besterik ez dira zaharbarriztau behar izan, oso ondo konserbeta dagoz eta.

Bagilaren 13an, 20:00etan, Koto kontzertua emongo dau Yoshie Sakai musikariak, lan tradizionalak eta garaikideak interpretauko ditu. Kotoa arpa horizontala da, Japoniako musika-tresna zaharrenetakoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu