Harley Davidson motorren soinuak hartuko dau Bilbo astegoienean

Dabi Piedra Robledo 2014-06-10 15:33

BilboRoad izeneko topaketea egingo dabe lehenengo aldiz Bizkaiko uriburuan. Harley Davidson motorrak ez eze, beste marketakoak be konbidau ditue antolatzaileek. Bagilaren 13an hasita, jarduera ugari egongo dira, esate baterako, ibilaldiak, erakustaldiak eta akrobaziak.

BilboRoad izeneko topaketea egingo dabe lehenengo aldiz Bizkaiko uriburuan. Harley Davidson motorrak ez eze, beste marketakoak be konbidau ditue antolatzaileek. Bagilaren 13an hasita, jarduera ugari egongo dira, esate baterako, ibilaldiak, erakustaldiak eta akrobaziak. Aurten estreinaldia izango dauen arren, antolatzaileek nahi dabe datozan urteetan be BilboRoadek jarraitu ahal izatea eta motozaleen ohiko topaleku bihurtzea.

Bilbao Chapter izeneko taldeak eratu dau BilboRoad topaketea. Harley Davidsonen Bilboko kontzesionarioak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lagundu dabe. Iñaki Lopez telebistako aurkezle eta motozaleak gaur Bilboko Alondigan egindako aurkezpenean gogora ekarri dauenez, orain dala urte asko Sestaon egiten zan motozaleen topaketa bat, gogoan dot 5.000 motor inguru batzen zirala, Sestaoko jaiek baino jente gehiago erakarten eben, baina orain dala 15 urte inguru desagertu zan ekimen ha. Harrezkero, pareko topaketarik ez da egin Bizkaian, BilboRoad heldu arte.

BilboRoad bagilaren 13tik 15era arteko asteburuan egingo da. Lehenik eta behin, barikuan, Alondigan batuko dira parte-hartzaile guztiak, inskripzinoa egiteko eta Bizkaitik kanpokoei harrerea egiteko. Ondoren, Txinbito itsasontzian ibilaldia egingo dabe. Zapatuan eta domekan, motorren soinuak hartuko ditu kale eta errepideak. Batetik, Bilbo eta Laukiz arteko osterea egingo dabe, Bizkaiko leku esanguratsuetatik pasauko dan ibilaldiagaz. Laukizen bazkaria izango dabe. Bilbao Chapter taldeko presidente Toñok esan dauenez, edozein motor etorri leiteke geugaz, ez dau zertan Harley Davidson izan, jenteak parte hartzea nahi dogu. Bilboko kaleetatik be egingo dabe txangoa, bandera-desfile ikusgarriagaz. Era berean, motorren eta auto amerikarren erakusketea egongo da, akrobaziak ikusi ahal izango dira eta kontzertua be eratu dabe. Ekitaldi guztietan parte hartzeko izena emotea 40 euroan egin leiteke, baina egun bakarreko sarrerea 10 euroan lortu ldaitekela zehaztu dabe antolatzaileek.

Sabin Anuzita Bilboko Udaleko zinegotziak gaurko aurkezpenean nabarmendu dauenez, era honetako ekitaldiek oihartzun handia izaten dabe, baita Bizkaitik kanpo be. Iñaki Lopezek be uste dau, Bilborentzat mesedegarria izango dala BilboRoad. Gaur egungo motorzaleak, oro har, jente heldua izaten dira eta badaukie dirua gastetako, zer esanik ez Harley Davidson bat daukanak, esan dau Lopezek. BilboRoaden helburu nagusia, edozelan be, ekitaldi ikusgarria antolatzea da, ume, gazte zein helduek motorren inguruko kultureagaz disfrutau deien.

Aurten lehenengo aldiz egingo da BilboRoad topaketea, baina hitzordua urtero errepetidutea da asmoa. Sabin Anuzitaren arabera, espero dogu hitzordua finkatzea, beste uri batzuetan ikusten dogu zelan Harley Davidson motorrek kale nagusiak hartzen dituen eta, denporeagaz, geure topaketeak be holako tamainua hartzea polita litzateke. Zinegotziaren esanetan, Harleyek askatasun sensazinoa emoten dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu