Musikea urpean: Noiserv
2014-06-10 12:34 MusikeaNoiserv zuzenean ikusteko aukera izango da Bilbon datorren astegoienean; kontzertua barikuan, hilaren 13an, izango da Bilboko Alondigako Kulturen atarian, gaueko 21:00etatik aurrera.
David Santos musikariak 2005ean sortua, Noiserv Portugalgo azken hamarkadako musika-arloko musika-proiekturik sortzaile eta bizigarrienetakotzat finkatu da. Bere ibilbide artistikoa errealidadearen eta amesaren artean dagozan momentuak eta gomutak gogorarazoz norbanako bakotxa bere intimidadean hunkitzeko gai diran abestiak sortzera dago bideratuta.
Noiserv orkestra-gizona edo gizon bakar bateko banda izentau dabe dagoeneko; instrumentu guztiak joten ditu bakarka eta bere diskoak autoeditau egiten ditu. Bere ibilbidean, zenbait arrakasta ditu, besteak beste, One Hundred miles from thoughtlessness CDa (2008) eta A day in the day of the days Epa (2010); era berean, 400 kontzertu baino gehiago emon ditu Portugalen eta munduko beste hainbat tokitan, eta antzerkian eta zineman be ibili izan da alkarlanean, besteak beste, José Saramagori buruzko dokumentalaren soinu-bandan: José y Pilar, atzerriko Film onenaren Oscar sarirako hautagaia.
2013ko urrian, Noiservek disko barria editau eban: Almost Visible Orchestra. Disko horretan, Noiservek alde batera itxi ditu baltza eta zuria, eta bere mundu koloretsua aurkeztu deusku, aurrekoak baino trinkoagoa eta konplexuagoa, baina orain ia hamarkada batetik publikoagaz hain ondo konektau dauen eta musika portugaldarraren fenomeno kutsakor bihurtu dauen nortasuna inoiz galdu barik.
Orain dala gitxi, 2013ko disko onenaren saria emon deutso Portugalgo Autoreen Alkarteak.
Kontuak kontu, Noiserv zuzenean ikusteko aukera izango da Bilbon datorren astegoienean; kontzertua barikuan, hilaren 13an, izango da Bilboko Alondigako Kulturen atarian, gaueko 21:00etatik aurrera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!