Gai-jartzaile Eskolea abiatuko da urrian
2014-06-09 14:35 BertsolaritzeaJosu Goikoetxea izango da zuzendaria eta datorren ikasturtean hilero batuko da taldea. berbaldi tematikoak eta ariketak tartekatuko dira. Izen-emotea bagilean edegi eta irailean itxiko da.
Bagilean amaituko dabe behin-behineko diseinua, iraila bitartean izen-emoteko aukerea izango da eta urrian abiatuko da Gai-jartzaile Eskolea. Josu Goikoetxea izango da zuzendaria eta datorren ikasturtean hilero batuko da taldea. berbaldi tematikoak eta ariketak tartekatuko dira. Izen-emotea bagilean edegi eta irailean itxiko da.
Hiru helburu nagusi ditu Gai-jartzaile Eskoleak: gai-jartzaile lana eta ofizioa prestigiatzea, gai-jartzaileak trebatzea eta gaien inguruko gogoeta bideratzea. Plazan jarriko dau begiratua eta horretarako beharrezko ikusten dau Bertsozale Alkarteak bertsolari eta gai-jartzaileen topalekua osotzea.
Josu Goikoetxea gai-jartzailearen esanetara bertsolari askok parte hartuko dabe egitasmoan. Sustrai Colina Sustapen saileko arduradunak azaldu dau Josu Goikoren hautaketearen arrazoia: 'Urtetako ibilbide eta eskarmentua dauka, gai-jartzaile ofizioa ezagutu eta bizi dau, eta bertsolari zein bertsozaleen onarpen handia dauka'. Gernikarrak onartu dau proposamena eta Sustapen taldeko kideakaz batera dabil lanean egitaraua osotzen.
Bederatzi eskola
Urritik maiatzera bederatzi eskola egun izango ditu Gai-jartzaile Eskoleak. Saioak hileko lehen zapatu goizetan izango dira salbuespenak salbuespen, gehienak Amasa-Villabonan. Senperen, Iruñean, Gasteizen eta Durangon be izango da saio bana.
Teoria eta praktika saioak tartekatuko dira: aurrez lotutako emoileek berbaldiak eskainiko ditue eta ondoren eztabaida foroak, tailerrak, ariketa praktikoak eta ikustaldiak egingo dira. Egitasmoaren barruan bi bertso saio egitea be aurreikusten da. Zuzendariak biribildu eta lotuko ditu saioak alkarren artean. Saioaren egitura, gaien planteamendua, berben ideologia, gaurkotasuna eta lekukotasuna, formulazinoa, aurkezletza eta norbere bidea izango dira astez aste gai-jartzaile eskolan landuko diran gaietako batzuk.
Izen-emotea
Herrialdez herrialde txapelketako taldeetan aritu diran gai-jartzaileak, plazan dabiltzanak, bertso eskoletako kideak eta ofizioa ikasteko interesa izan leiken jenteari zabaldua dago gai-jartzaile eskolea. 15-20 ikasleko taldea aurreikusten da.
Izen-emotea bagilean edegi eta irailean zarratuko da. Ekimen honen inguruko interesa dauen eozeinek sustapena@bertsozale.com helbide elektronikoan jaso leike informazino gehiago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!