Lumentxako horma-arte paleolitoko irudien azterketea aurkeztu dabe

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-05-22 15:13

Orain urte bi, ia gura ez dala, Diego Garate eta Joseba Rios arkeologoek gorriz pintautako bisonte bi eta zaldi baten irudia topau zituen Lumentxako koban. Madelaine arokoak dira, 14.000 urte inguru ditue eta Lea-Artibai eskualdean agertutako sasoi horretako bakarrak dira.

Orain urte bi, ia gura ez dala, Diego Garate eta Joseba Rios arkeologoek gorriz pintautako bisonte bi eta zaldi baten irudia topau zituen Lumentxako koban. Madelaine arokoak dira, 14.000 urte inguru ditue eta Lea-Artibai eskualdean agertutako sasoi horretako bakarrak dira.

Bilboko Foru Liburutegian emon dabe aurkikuntzearen barri arkeologo biek eta Miren Josune Ariztondo Kultura diputaduak. Lekeitioko alkate Maitane Larrauri eta Ispasterreko Jesus Lekerikabeaskoa be bertan izan dira. Izan be, Lumentxako kobearen sarrera Lekeition dago, baina zati bat Ispasterreko lurretan be badago.

Lumentxako kobearen sarrereari erretratu batzuk ateraten joan ziran 2012ko zezeilean Diego Garate eta Joseba Rios, atea apurtuta topau eben, eta barrura sartu ziran ia kalterik egoan ikusteko. Alboko gelatxu baten, marra gorri batzuk ikusi zituen, eta hobeto begiratu ostean, han bisonte bi, zaldi bat eta bste hainbat marra eta puntu egozala konturatu ziran. Urte bi emon ditue irudiok ikertzen eta aztertzen. Daborduko argitaratu ditue emoitzak.

Miren Josune Ariztondok irudion garrantzia azpimarratu dau, Lea-Artibai sasoi horretako aztarna asko dagoz, baina orain arte ez da arte-adierazpiderik topau. Bizkaiko puzzle arkeologikoa osotzeko beste pasutxu bat dala nabarmendu dau.

Garate eta Riosek egindako aurkikuntzeak Lumentxa Bizkaiko bigarren aztarnategi garrantzitsuena bihurtu dabe, Santimamiñeren ostean. Bisonteak eta zaldia sabaitik jausitako harri handi batean pintau zituen, lehenengo bisontea ezkerrera begira dago, eta besteak atzetik segiduten deutso. Irudi handiak dira, Santimamiñekoak baino sano handiagoak. Persona baten neurrikoak edo dira, ez da ohikoa. Pirinioetan badagoz holako handiak, baina hemen... Kontuan hartu behar dogu hau paso lekua zala, azaldu dau Diego Garatek. Egileak hatxaren formea apropos erabili eban animalia bien lepoa egiteko. Altxerri eta beste koba batzuetan be antzera egin eban, harriaren formea aprobetxau, ganeratu dau. Bigarren bisontearen barruan dago zaldiaren burua.

Lea-Artibain koba asko egon arren Paleolitoko irudirik ez egotea bitxia egiten jakien arkeologoei, azkenean bete dogu hutsunea, esan dau Riosek. Lumentxako kobeak izan dau, beste danen artean, luzaroen jentea bertan biziten, ganerakoetan epe laburretan besterik ez dira bizi izan eta. Handia da, leku asko dauka. Seguruenik, inguruko erreferentea izango zala erexten deutsie ikertzaileek. Hogeita lau orban edo puntu moltso, okrezko biltegia (artisteak pintetako erabiliko ebana), zulo batean sartutako sukarria eta harriz egindako hormea be topau ditue koba barruan.

J. M. Barandiaran izan zan Lumentxako aztarnategi arkeologikoa aztertu eban lehenengoa, 1921ean. Ostean, T. Aranzadigaz batera jardun eban, 1926-1929 urteen artean. 1984an indusketa proiektu barria hasi eben, J. L. Arribasen zuzendaritzapean. Bizkaian horma-arte paleolitoa daukan seigarren kobea da orain Lumentxa, besteak Venta Laperra, Santimamiñe, Arenaza, El Rincon eta Askondo dira.

Bizkaiko Diputazinoak kaleratzen dauen Kobie aldizkarian argitaratu ditue ikerketearen inguruko artikuluak, 32. zenbakian. Irakurri gura izan ezkero, hemen. Agerkari honen ganerako zenbaki guztiak be digitalizau eta online ipini ditue, Kultura diputaduak prentsaurrekoan bertan azaldu dauenez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu