Bilbao Artek produkzino artistikoko beka bi eskainiko ditu Austriako Bregenzeko KUB museorako
2014-05-20 18:35 kulturbizBilbaoArte Fundazinoan bekadun izan diran artisten banakako proposamenak bultzatzea da deialdiaren helburua. Bilbao Artek Austriarako produkzino artistikoko beka horreetarako deia egiten dauen 9. urtea da, herrialde haretako KUB museoagaz sinatua dauen lankidetza hitzarmenaren haritik. Akordio horri esker, 16 euskal artistek aukerea izan dabe Bregenzera joateko, eta, era berean, 16 artista austriarrek Bilbao Artera etorteko.
Bilbao Arte Fundazinoak Bregenz uri austriarreko KUB museoan irailean eta urrian produkzino artistikoa garatzeko beka bi eskainiko ditu. 1999tik 2013ra BilbaoArte Fundazinoan proiektu bat garatu daben artista egoiliarrei zuzenduta dago deialdia, aurreko urteetan deialdi berean parte hartu dabenei izan ezik.
Bilbao Arte Fundazinoko iturriek jakinarazo dabenez, azken 15 urteetan nazionalidade desbardinetako 267 artistek eta zazpi kolektibok egonaldi artistikoa egin dabe Bilbao Arten, eta aurten, 31 artista eta kolektibo artistiko bi egiten dagoz egoitza artistikoa, Bilboko zentroak BBK Fundazinoaren laguntzaz sortzaile gazteei eskaintzen deutsezan bekei esker.
Bilbao Arte produkzino artistikorako zentro bat da eta Bilboko Udaleko Kultura Sailari lotuta dago. Sortzaile gazteen eskura jarten ditu beharrezko bitarteko eta azpiegiturak euren egitasmo artistikoak garatzeko: lagapen guneak, grabadu eta serigrafia tailerrak, irudi digitala, eskulturea, argazkigintzea, filmazinorako platoa, dokumentazino zentroa eta proiektu gelak.
1998an sortu zanetik, Bilbao Arteren helburu behinena sortzaile gazteen profesionalizazinoa erraztea da. Helburu horri begira, Bregenzeko Kunsthaus Arte Garaikidearen Museoagaz (KUB) daukanaren moduko trukaketa artistikoko programak garatzen ditu.
BilbaoArte Fundazinoan bekadun izan diran artisten banakako proposamenak bultzatzea da deialdiaren helburua. Bilbao Artek Austriarako produkzino artistikoko beka horreetarako deia egiten dauen bederatzigarren urtea da, herrialde haretako Kunsthaus Arte Garaikidearen Museoagaz sinatua dauen lankidetza hitzarmenaren haritik. Akordio horri esker, 16 euskal artistek aukerea izan dabe Bregenzera joateko, eta, era berean, 16 artista austriarrek Bilbao Artera etorteko.
Kontuak kontu, joan eta etorteko bidaia Bibao Arte Fundazinoak ordaintzen dau, eta gainera, 1.000 euro emoten deutsoz aukeratutako proiektu bakotxari mantenu gastuetarako. Ostatua eta estudioa, eta produzkino gastuak, 1.000 euro arte, Bregenzen eskuratzen dira.
Proiektuaren proposamena eta curriculuma dira aurkeztu beharreko dokumentazinoa, eta azken eguna maiatzaren 28a da. Eskaerak Bilbao Arte Fundazinoan bertan aurkeztu behar dira, edo posta elektronikoaren (info@bilbaoarte.org) eta ohiko postaren bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!