Blas de Otero VI. Lehiaketearen irabazle Unai Baztarrikaren 'Ezinbestean' poesia liburua argitaratu dabe

Bizkaie! 2014-05-20 17:57   Kulturea

Lehiaketearen seigarren edizinoan, euskerazko zazpi obra aurkeztu ziran, ordura arte izandako partaidetza markea hobetuz. Euskerazko nahiz gaztelaniazko modalidadeetan 6.000 euroko sari bana emoten dauen lehiaketeak helburu bikotxa dauka: literatur sorkuntzea sustatzea eta Bilboko bizilagunei Blas de Oteroren figurea ezagutarazotea.

Bilboko Udakeko Kultura eta Hezkuntza Sailak urtero antolatzen dauen Blas de Otero Poesia Lehiaketearen seigarren edizinoaren euskerazko modalidadea irabazi eban lana liburu formatuan argitaratu barri dabe. Ezinbestean izenburuko obrea da, eta Arrasateko kooperatiba batean injineru informatiko legez lan egiten dauen Unai Baztarrika poeta beasaindar gaztearen lehenengo lana da.

Miren Agur Meabe eta Castillo Suarez idazleek eta Jon Kortazar idazle eta literatur kritikariek osotutako epaimahaiak aukeratu eban, 2013ko abenduaren 9an emondako epaian, Unai Baztarrika Otegik (Beasain, 1982) egindako lana Blas de Otero Lehiaketearen irabazle.

Lehiaketearen seigarren edizino horretan, euskerazko zazpi obra aurkeztu ziran, ordura arte izandako partaidetza markea hobetuz. Euskerazko nahiz gaztelaniazko modalidadeetan 6.000 euroko sari bana emoten dauen lehiaketeak helburu bikotxa dauka: literatur sorkuntzea sustatzea eta Bilboko bizilagunei Blas de Oteroren figurea ezagutarazotea.

Unai Baztarrikak Informatika Injinerutzea ikasi eban Mondragon Unibersidadean, eta gaur egun, Arrasateko kooperatiba batean lan egiten dau. Bere literaturzaletasunari eta irabazitako sariei jagokenez, makinatxu bat irabazi zituan Batxilergo garaian (Azkue eta Urruzuno sariak), eta luzaroan idatzi barik egon ondoren, UNEDen Bergarako Idazle Eskoleari esker, betiko zaletasunagaz topo egin eban barriro be.

Bere obraren aurkezpenean, Baztarrikak erraietatik sortutako poemak aitatu ditu, idazteaz, eta idatzi ezin eta sortu beharraren arteko kontraesanaz berba egiten daben ideak, luzaroan gordetakoak. Barruan lehertu jatazan trumoiei emondako berbazko erantzuna da, iraganaren ateak zarratu eta garai barri baten aurrean ezinbestean idatzi dodazan poemak, adierazo dau. Liburua Erein argitaletxeak plazaratu dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu