Bilboko Bele lutheria eskoleak ibilbide barria hasiko dau 2014-2015 ikasturtean
2014-05-20 11:29 MusikeaJuan Crisostomo Arriaga musika konserbatorioko Lutheria Eskoleak curriculum barriztau eta eguneratuagaz abiatuko dau hurrengo ikasturtea. Eskoleak Bele izena hartuko dau, Bilboko Euskal Lutheria Eskolea. Ikasketek hiru ikasturteko iraupena eukiko dabe, 3.000 ordu danetara.
Juan Crisostomo Arriaga musika konserbatorioko Lutheria Eskoleak curriculum barriztau eta eguneratuagaz abiatuko dau hurrengo ikasturtea. Eskoleak Bele izena hartuko dau, Bilboko Euskal Lutheria Eskolea. Ikasketek hiru ikasturteko iraupena eukiko dabe, 3.000 ordu danetara.
Hogeita bost urtetik gora daukie Lutheria Ikasketek Bilbon. Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak curriculuma berregituratzeaz aparte, bertara sartzeko betebeharrak zehaztu egin ditue, eta ebaluazino eta promozinorako arauak bere bai. Europako lutheria eskolarik onenen eta entzutetsuenen artean ipini gura dabe Bele.
Sei ikasle barri matrikulau ahal izango dira ikasturte bakotxean. Baldintza honeek bete behar ditue: Batxilergo titulua edo baliokidea izatea edo 25 urtez gorakoentzako unibersidadera sartzeko probea gainditua izatea; eta Musikan Oinarrizko Irakaskuntzen Diplomea edo baliokidea izatea, konserbatorio ofizial batean edo baimendutako zentro batean ateratakoa.
Ikasketa planak 26 ikasgai ditu, lau multzo nagusitan sailkatuta: artisau eregitea (musika tresnak eta arkuak eregi eta konpontzea); oinarri akustikoa; oinarri zientifikoa; eta instrumentuak jotea. Akustika ikasgaia indartu egingo da, eta ikasgai barriak sartuko dira, Ekintzailetzea dalakoa, berbarako. Lutheria tailerreko praktikek garrantzia handia daukie plan barri honetan be, eta derrigor jakin behar da tresnak joten. Egin edo konpondu behar dituan musika tresnen ezaugarriak ondo ezagutu behar ditu. Beleko ikasleek, ikasketak amaitu orduko, sokazko lau musika tresna amaituko ditue gitxienez, biolin bi, biola bat eta biolontxelo bat.
Bele ikasleek Europako mobikortasun programetan parte hartu ahalko dabe aurrerantzean, Europako beste zentro batzuetan ikasketak egiten segiduteko.
Lutheria jardunaldiak
Bilboko Musika Konserbatorioak Lutheria Jardunaldiak antolatu ditu asteon, astelehenetik barikura, berbaldi, mahai-inguru, tailer eta kontzertuak. Asier Polo biolontxelo-jotzaileak ikasturte honetan ikasleek egindako tresnak probauko ditu. Maiatzaren 22an izango da Belen.
Bariku arrastian, Lutheria Eskolearen sortzaile Jesus Alonsoren omenezko ekitaldian, Bele sinadurea daroan lehenengo etiketea ipiniko deutsie biolin bati, erresonantzia kaxearen barruan.
Horrezaz gan, Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Lutheria ikasketak Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan liburua argitaratu dau aste honetako jardunaldietarako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!