Igor Meñika: 'Trankiloaren itxurea emoten ahalegintzen naz, baina posea baino ez da!'
2014-05-19 10:51 BarriketanAste arloa pilatu jataz ezer eskribidu barik. Ordurik hona gauza onak ugari pasau eta zereginak be ugaritu egin jakuz. Hileotan, baina, gogoan euki zaituet; horregaitik, ez dakartzuet edozelango protagonistea.
Igor Meñika Bengoetxeak (Arantzazu, 1975) Magisteritza (Heziketa Fisikoa) ikasi eban. Arantzazuarra, Igorrera biaje laburra egin eta Arantzazura biziten bueltau dana. Juanjo Respaldizak deitu eta honezkero badaroaz hamabost urte Bizkaiko gazteei bertsolaritza-eskolak emoten. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko transmisino-taldean be badago.
Arteako Ikastolan 6. mailan egoala hasi zan bertsora hurreratzen: euskera-eskolen barruan astero ordubeteko eskolea emoten eben. Dezente-modu ebilena Jon Lopategigaz hasten zan bertsotan eta hortixik segidu eban Igorrek Eskolartekora, BBk Sariketara, Bizkaiko Txapelketara...
Zuhur entzuteko bertsokerea dauka Igorrek: saioan jesarrita zagozala, belarri galantak eukitea gustauko jatzuna, bidean ezer ez galtzeko. Elegante kantauaz eta, itxura baten, fazil doan bertsoan zenbat gura detaile egoten dira ederto josita eta hautsak ateraten ditu bertso-lerro bakotxean. Sasipoesia alboratu eta esperientziatik kantetan dau Igor Meñikak.
Bertso-trokeladora batek eragindako negar merkeak gura dituanak ez ditu topauko Igorren bertsokeran. Itxaroten ez dozun erantzun bat goitik behera natural arrazoitua, sensibilidade eta trankilidadez beteta jatortzuna: hori gura badozue, hurretik segidu egizue arantzazuarra! Arratiako finaleko bere hasierako agurraren azken bertso-lerro biak, hementxe: Baina inor ez harritu, karkamal honi begira / gazterik ez dauenean, zaharrak itzultzen dira: ¡Qué bueno que viniste, Igor!
1.- Lehenengo beharra: zorionak! Bueltan etorri zara eta txapela etxera eroan dozu. Zelan zagoz?
Egon, Txapelketa aurretik lez nago. Lagun eta ezagunen zorionak jasotetik aparte ez dot ezer berezirik somatu. Poztu, poztu nintzan, baina momentuko gauza bat izan zan beste ezer baino gehiago.
2.- Baten baino gehiagotan bertan parte hartuta, ez zaitugu aspaldian Txapelketan kantetan ikusi. Nondik nora zabilz? Zer dala-eta animau zara atzera be?
Urte batzuk badira -hamabi edo?- Txapelketan parte hartzeari itxi neutsala. Motibazino falteak eta beste gauza batzuk buruan izateak eragin eben Txapelketatik urrundutea. Dana dala, bertso mundutik sekula ez naz urrundu eta Bertsozale Elkarterako beharrean hasteak barriro bertso-korrontean murgildutea ekarri dau.
Txapelketara buelteak azalpen erraza dauka. Talde-antolatzaileko batzarretan langileen ordezkari lez egon naz, eta bertan Arratian eskualdeko saio bat egiteko konpromisoa hartu neban. Bertsolariak lotzen hasi eta batagaitik edo besteagaitik parte-hartzaile nahikoa ez egoala eta neure burua aurkeztea beste erremediorik ez dot euki!
3.- Arratiako finalean saio elegantea egin zenduen danok. Halanda be, txapela Iñaki Iturrioz eta bion artean ebatzi zan buruz burukoan. Saio polita eta parekatua izan zan: holantxe ikusi zenduan zeuk be? Holango saiorik itxaroten zenduan?
Arratiako finala ondo joan zala irudituten jat. Kantetan egon danaren perspektibea ez da entzuleanaren bardina, baina sensazinoa daukat nahiko dinamiko joan zala eta hori behar dau saio batek; ostean, astun egiten da. Finalean lau bakarrik egoteak be lagundu eban horretan.
Saioa gitxi gorabehera espero moduan joan zan. Finalaren aurreko astea alkarregaz entrenetan emon dogu Illartek, Iratik, Iñakik eta laurok eta finalean lez urteten eben bertsoek: arin eta fresko. Esan beharra daukat entrenetan egon garanean Iñaki Iturrioz besteok baino koska bat edo bi gorago ikusi dodala, baina finaleko egunean kartzelako gaiagaz ez eban asmau eta hortxe joan jakola txapela.
4.- Itxura baten, betidanik sano trankil zagozala igarten jatzu kantetan. Zelan pasau zenduan finalean? Ze beharretan sentidu zinan soltuen?
Trankiloaren itxurea emoten ahalegintzen naz, baina posea baino ez da! Finalaren aurretik zuri-zuri eta larri egon nintzan lankide baten esanean. Kontuan hartu nik ez dodala plazan kantetan eta jente-aurrean kantau neban azkenengo saioa orain hamabi urte izan zala.
Behin saioa hasita, ofizioka ondo defendidu nintzala ikusi eta lasaitu egin nintzan. Puntu-erantzunari euki neutsan bildurrik handiena, errimea ez dauelako norberak elejiduten eta kontu horretan nahiko justu nabilelako, baina, kasualidadea, hortxe egon nintzan komodoen.
5.- Desbardintasunik igarri dozu itxi zenduan Txapelketearen eta bueltau zaranaren artean?
Arratian ez hainbeste, baina, orokorrean, asko igarten dana bertso-eskolen lana da. Gazteak oso ondo prestauta datoz eta itzelezko nibela daukie.
6.- Uda ostean jokatuko dan Bizkaiko Txapelketan segiduteko gogorik badaukazu?
Bai. Hasierako idea eskualdekoan saioa egiteko kupoa betetea eta, gero, agur esatea zan, baina txapelak erantzukizuna be badakar, eta ez litzateke polita izango eskualdeko txapelduna Bizkaikora ez joatea, nahiz eta eskubide osoa euki.
7.- Bertso-irakasle zabilz: ze ingurutan? Zelan ikusten dozu bertsozaletasuna gazteenen artean?
Klaseak emoterakoan, bakotxa eskualde edo eremu konkretu bat hartzen ahalegintzen da aspaldion; bertako eragile eta bertso-eskola, bertsozale eta instituzinoen arteko zubi-lanean laguntzeko. Nik Zeberio, Ugao, Arrigorriaga, Basauri, Zaratamo eta Galdakaon daukadaz ikasleak eta, egia esan, bertsolaritzeak baino -nire klaseetan itzel pasetan dabe- hizkuntzeak berak arduratzen nau gehiago. Bertsoagazko interesa agertzen dabe, baina daukiezan baliabide linguistikoak ez dira aproposak.
Horregaz suabe-suabe esan gura dodana da nahiz eta estadistiketan euskaldun lez konputau D ereduan ikasi dabelako, ikasle askok ez dakiela euskeraz patxadaz berba egiten eta dakienak be ez dauela erabilten, erderaz egiten ohituta dagoelako.
Galdera laburrak
- Janari bat: pastea, edozein eratara.
- Biziteko leku bat: Arantzazu.
- Bidaiatzeko leku bat: Andreari, nire andrea izan aurretik, inoz Polinesiara eroango nebala zin egin neutsan eta oindino ez dot eroan.
- Hobby bat: Poteoa hobby bat da? Bizikletan ibiltea.
- Liburu bat: Tom Sharpe-ren edozein.
- Abeslari / talde bat: Ezin dot bakarra elejidu. Oso estilo diferenteak gustetan jatazalako. Benito Lertxunditik hasi eta System Of A Down-eraino doan guztia.
- Bertsolari bat: Andoni Egaña.
- Mania bat: Ez jatort burura bat esanda bera be (ez daukadan seinale).
Igor Meñika Arratiako finalean 2004an entzun neban azkenengoz kantetan. Akorduan daukat elegante pasau genduala: bertso ederrak bota zituan eta Eñautegaz buruz burukoa jokatu eban, baina txapelik ez eban jantzi. Urteetan ondo merezidutako saria hartu dau aurten.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!