UEUk 42 ikastaro eskainiko ditu Udako Ikastaroetan

Bizkaie! 2014-05-14 15:39   kulturbiz

Udako Euskal Unibersidadeak (UEU) bere 42. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu gaur, maiatzak 14, eta danetara, 42 ikastaro antolatu ditu, pasa dan urteko jentearen erantzun bikainari eusteko asmoagaz, bagilaren 30etik garagarrilaren 23ra.

Udako Euskal Unibersidadeak (UEU) bere 42. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu gaur, maiatzak 14, eta danetara, 42 ikastaro antolatu ditu, pasa dan urteko jentearen erantzun bikainari eusteko asmoagaz, bagilaren 30etik garagarrilaren 23ra. Azken bi urteetan baino egoera hobean, udako ikastaroak jakintza eta personak saretzeko gogoz datozela nabarmendu dabe UEUko arduradunek.

Izena emoteko epea dagoeneko zabalik dago eta ikastaroa hasi baino astebete lehenago egin ahal izango da matrikulea. Informazinoa eskuratzeko eta matrikulea egiteko www.ueu.org webgunera jo behar da.

Udako Ikastaroen aurkezpenean, Iñaki Alegria UEUko zuzendariak eta Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak hartu dabe parte. Alegriak gogorarazo dau UEUk lau hamarkada daroazala euskerearen eta unibersidadearen alde lanean, eta tarte horretan egindako ekarpena handia izan dala.

Azken bi urteak gogorrak izan dirala gogorarazo ondoren, gauzak apur bat hobetu dirala eta indartsu datozela azpimarratu dau, eta UEUk beteten dauen funtzino garrantzitsuenetako bat nabarmendu dau, hau da, unibersidade sistemearen barruan sare euskalduna batzea, jakintza eta aditu euskaldunen topagune eta akuilu izatea, hain zuzen. Udako Ikastaroak horren adibide argiak dira, eta sare hori osotzera konbidatzen zaituet, gaineratu dau.

Bestalde, Iciarrek azaldu dau 42 ikastaro antolatu dirala aurten, inoiz baino gehiago, eta antolaketea ez dala erraza izan azpimarratu dau, ia 100 ikastaro proposamen jaso doguzalako eta aukeraketea egitea ez dalako bape samurra izan.

Danetara, 42 ikastaro antolatu ditu UEUk aurten: horreetatik 26 Eibarren (UEUren Ikastetxe Nagusian), zortzi Baionan (AEKn) eta zortzi Iruñean (Jaso ikastolan). Iciarrek azaldu dauenez, sei jakintza arloetan banatuta egongo dira ikastaroak: artea eta musikea, giza zientziak, injinerutzea eta teknologia, zientzia aplikatuak, zientziak eta gizarte zientziak, azken hau izanik jakintza arlorik nagusiena. Era berean, ikastaroakaz batera, lau jardunaldi antolatu ditu UEUk.

Aurten hiru formatu desbardineko ikastaroak dagozala jakinarazo dau Iciarrek. Alde batetik, ikastaro espezializatuak dagoz, eta horreek egiteko aurretik jakintza maila bat beharrezkoa da; bestetik, dibulgazinoko ikastaroak interes orokorrekoak dira eta jakintza maila zehatzik ez da behar; eta azkenik, garapen personaleko ikastaroek persona moduan garatzeko balio dabe, galerak modu baikorrean biziten ikasteko adibidez.


#Saretu lehiaketea

Maiatzaren 26tik 30era bitartean #saretu lehiaketea antolatu dau UEUk Twitterren. Txioen kate bat lortu nahi da ekimenagaz, saretze hori irudikatuko dauena.

Lehiaketan parte hartzeko, berbarako, persona batek bere lagun bati idatzi leikio @IratiIciar-i Komikigintza ikastaroa erergalauko neuskio', eta ondoren #saretu traola eta Udako Ikastaroen webgunerako loturea jarri. Ondoren, @IratiIciarrek bere beste lagun bati bialduko deutso ikastaro oparia.

Sarean arrakasta gehien dauen mezuak irabaziko dau lehiaketea (bertxioak bi puntu eta gogokoak puntu bat izango dau). Saria erregalautako udako ikastaroa izango da.

Era berean, UEUren eta Udako Ikastaroen zabalkundea egiteko, bagilean zehar Bilbo, Baiona eta Iruñean berbaldi zikloa izango da. Oraindino guztiak ez dagoz lotuta, baina aurrerago jakinarazoko ditu. UEUren jardueratik eratorritako berbaldiak izango dira, dakiguna erakusteko asmoz, UEUren argitalpen, batzorde, sail eta ikastaroetan parte hartzen daben ikerle eta profesionalek emondakoak, hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu