Behatokiak dino herritarrek euskerea erabilteko daben eskubidea igaz ez zala bermatu eguneroko bizitzan
2014-05-08 12:50 Euskerea berbagaiHizkuntza Eskubideen Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera Euskal Herrian 2013 txostena aurkeztu dau bart Gasteizen, eta, ondorio nagusietako bat izan da herritarrek euskerea erabilzeko daben eskubidea igaz ez zala bermatu eguneroko bizitzan.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera Euskal Herrian 2013 txostena aurkeztu dau bart Gasteizen, eta, ondorio nagusietako bat izan da herritarrek euskerea erabilzeko daben eskubidea igaz ez zala bermatu eguneroko bizitzan. Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak aurkeztu dau txostena, bere ondoan Murgiako Mertxe Iturrate izan dauela, bere esperientzia kontetako, izan be, herritarrek egiten daben lanari esker administrazinoek pausuak emotea lor daitekeela agirian geratu dala esan dau Petriatik, eta Murgian gertatutakoa da horren lekuko.
Behatokiaren lana, herritarren bizipenetan oinarritzen da, eta horreek Euskararen Telefonoaren bitartez egiten dituen kexa edo zoriontzeek osotzen dabe txostena. www.behatokia.org webgune barritua be aurkeztu dabe agerraldian.
2013an, hamaika traba izan dira euskerearen herrian euskeraz biziteko, gaztelania eta frantsesa lehenestea da behin eta berriro herritarrek topetan daben arazoa. Erakunde publiko zein pribatuek hizkuntza eskubideen bermea aintzat ez hartzearen ondorioz, herritarrak eskubidez bakoturik ikusten dau bere burua askotan, esan dau Garbiñe Petriatik. Erakunde publikoakazko hartu-emonetan ohiko zailtasunez gan, 2013a gogorra izan da Ipar Euskal Herriko murgiltze bidezko irakaskuntzan. Batetik, 1850eko legea erabili dau Estadu frantsesak murgiltze bidezko irakaskuntzearen kontra joteko. Izan be, Falloux legea urratzen dabela arrazoituta, Paueko prefetak eta Baionako suprefetak Hendaia eta Beskoitzeko ikastolen kontra hartutako jokabidea oso larria izan da.
Holan, frantsesaren lehentasuna bermatu eta babesteagaz batera, urrunago joan eta euskerazko murgiltze eredua trabatzeko ahalegina egin dau Frantziak. Bestetik, aurreko urteetan lez, Baionako Etxepare Lizeoan unibersidade aurreko ikasketak euskeraz egiten dituen ikasleei ikas prozesu amaierako azterketea, baxoa, euskeraz egitea ukatu jake beste behin.
Estadu espainiarrari jagokonez, herritarrek, bereizkeriarik barik, jardun danatan euskerea erabilteko daben eskubidea ez da bermatu eguneroko bizitzan. Espainiar Estaduak berak eskaintzen dituan zerbitzuetan eskubide urraketa sistematikoa eragiteaz gan, Gipuzkoako Aldundiak eta hainbat udalek euskerearen normalizazinoa azkartzeko ezarritako kontratazino erispideen kontra egin izanak erakusten dau Espainiako estaduak ez dauela bardintasun printzipioa oinarri hartuta jokatzen. Are gehiago, euskerearen normalizazino prozesua gerarazotea dau helburu, salatu dau.
Era berean, Nafarroako Gobernuaren jardunak ez du aldaketarik izan 2013an eta euskerearen kontrako jarrerea izan dau ezaugarri: euskaltegiak diru-laguntzino barik, euskerazko komunikabideak be diru-laguntzino barik, udaletako euskera zerbitzuetarako dirua nabarmen murriztuta.
Diru gorabeherarik ez dagoan gaietan be hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa izan dala esan dau. D ereduaren zabalkundea oztopatzen segiduten dau, liburutegietan, osasun zerbitzuetan, epaitegietan, ez dau Nafarroako Gobernuak euskerazko zerbitzurik bermatzen, ezta hizkuntza ofiziala dan zonaldean be, kritikau dau.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) euskereak ofizialtasuna dauen arren, Petriatirentzat nabarmenak izan dira euskeraz jarduteko izandako zailtasunak: osasun zerbitzua euskeraz hartzerik ez izatea, ertzain etxeetan gaztelaniaz egitera behartuak, justizia gaietan euskera hutsean aurkeztutako froga agiriak ez onartzea edo izapideak euskeraz egiteko zailtasunak.
Euskerearen erabilerea normalizetako 10/1982 Legeak, orain 32 urte onetsi zanak, herritarrei ikasketak bi hizkuntza ofizialetan egiteko eskubidea autortzen badeutse be, Behatokiko zuzendariak adierazo dau hezkuntza administrazinoak ez dituala eskubide hori bermatzeko behar diran bitarteko guztiak eskura jarten.
Bestalde, interes orokorreko zerbitzuak legez unibersalak izanik be, konsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunek Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan zerbitzu horreek euskeraz jasoteko ezelako berme juridikorik ez dabela salatu dau.
EAEn, barriz, erabiltzaile eta konsumitzaile euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko 128/2008 Dekretuak betebeharrak ezartzen baditu be, horreek ez beteteak ezelako ondoriorik ez dakarrenez, asmo hutsalean geratzen dira konsumitzaile zein erabiltzaile euskaldunei autortutako hizkuntza eskubideak.
Urratze egoerei aurre egiteko, urraketak ahalbidetu leikiezan egoerei aurrea hartzea eta prebentzino neurriak hartzea da euskaldunen eskubide linguistikoak ziurtatzeko biderik eraginkorrena, Petriatiren esanetan.
Aurrerapausuak
2013an, erabagi positiboak eta aurrerapausuak izan dira. Batetik, Gipuzkoako Aldundiak, eta beragaz batera 36 udalek, zerbitzuak kontratetako hizkuntza erispideak onartu eta hainbat neurri onetsi dituela gogorarazo dau. Horregaz batera, Eusko Jaurlaritzeak Auzia Euskaraz proiektuaren aurkezpena egin dauela azpimarratu dau. Proiektuaren helburua justizia administrazinoan izapidetze osoa euskeraz egin ahal izatea da, eta horretarako, euskerea erabilteko programak, aplikazinoak eta lantalde elebidunak sortu ditue.
Herritarrek egoera horreen aurrean daben jarrereak aldaketak eragin dituala esan dau Behatokiko zuzendariak 2013ko elementu positibo legez. Bere eretxiz, herritarrek hizkuntza eskubideak beteteko indar egiten ez daben bitartean, oso jasangarria jake administrazinoei bere-berean mantentzea, eta, alderantziz, herritarrek hizkuntza eskubidea erabilteko jokerea erakusten badabe, posible da euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuko dituen neurriak hartzea eta pausuak emotea.
Murgia
Mertxe Ituartek Murgiako kasua azaldu dau. Udalerri arabarrean dagoan Zuiako Virgen de Oro eskolan ezin dabe seme-alabek D ereduan ikasi, eta eredu horretan matrikulau nahi izan ezkero, autobusean sartu eta zazpi kilometrotara dagoan Izarra herrira joan behar dabe. Kontuak kontu, 2013ko hasieran hartu-emonetan jarri ziran Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailagaz, eskola kontseiluagaz eta zuzendaritzeagaz, seme-alabak Murgiako eskolan D ereduan ikasteko aukerea izateko, 'baina ez genduan erantzun positiborik jaso. Behatokira jo genduan egoerearen barri emonez eta berehala esku hartu eban. Behatokia Arartekoagaz, Elebidegaz eta Hezkuntza Sailagaz jarri zan kontaktuan. Bideo bat be grabau genduan egoerearen barri emonez eta gure eskaerea jasoz. Horreekaz batera, ikastereduen inguruko berbaldi bi be antolatu genduzan herrian. Oraintsu eskolako zuzendariak jakinarazo deusku hurrengo irailean ume hezkuntzako talde bat D ereduan abiarazoko dala. Pozik gagoz lortutakoagaz eta eskerrak emon nahi deutsaguz Behatokiari emondako babesagaitik, esan dau Iturratek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!