Kulturea  I. urtea // 4. zenbakia - 2002ko bagilaren 15a - Hamaboskaria

Novecento, ezin huts egin


Edorta Jimenez,
Idazlea.

Literaturearen itsasoan liburu batzuk zorigaiztoko ontziak legez galtzen dira. Beste batzuk, ostera, liburudendako erakusleiho handietara, zinemako pantailara, antzokiko taula ganera, noranahi heltzen dira. Lehenengo atalekorik zertan aitatu ez dago, hain dira ugariak letren itsasoan behin eta betiko hondoratu diran letrazko ontziak; bigarren atalekoen artean, barriz, Alessandro Baricco italiarrak idatzitako ‘Novecento’ aitatu daikegu, besteak beste.

Alessandro Bariccok berak liburuari egin eutson sarreran dinoan moduan, buruan antzezle jakin bat –Eugenio Allegri– eta zuzendari jakin bat –Gabriele Vacis– zituala idatzi ei eban Novecento. Egileak berak be ez ei ekian testua antzeztutekoa ala ipuin modura ozen irakurtekoa, zer ete zan. Antzeztu egin eben, eta gero Giuseppe Tornatore zuzendariak zinemara ekarri eban testua, ‘Ozeanoko piano jolea’ izenaz.

Antzerkian eta zineman ‘Novecento’ bere bidea eginda egoala, hara non, Tanttaka Teatroak hartu eban Bariccoren testua, euskeraz eta gazteleraz taularatzeko. Ez zan makala Tanttakaren apostua; balizko ikusleak lanaren funtsezkoena, mamina edo esan geinkena, zinema komertzialaren bidez ezagututa izan eikean-eta. Hori batetik, ze bestetik, ‘Novecento’ bakarrizketea da, eta egungo antzerkingintzaz zeozer dakianak badaki bakarrizketak zein apostu gogorra izaten diran etekin komertzialaren aldetik. Ganera Novecento ez da edozelako bakarrizketea, ez.

Novecento XX. gizaldiko lehenengo egunean agertu zan, jaio barri, Virginian itsasontzian. Ez dakigu nork, baina nonork hantxe itxi eban, kuman, eta gizaldiagaz batera etorri zala eta, marinelek Novecento izena ipini eutsien. Harrezkero, lehorraldea sekula zapaldu barik bertan hazi eta bizi eta, halako batean, artean itsasontzikoa ez zan beste lehorrik zapaldu barik, non edo non desagertu zan Novecento. Horrenbestez, ‘Novecento’ munduko gerra bien arteko urteetan bizi izan zala esan geinke. Atlantikoa izan eban bizileku eta amets-toki.

Bada, Novecento pianojolearen bizialdia azaltzen deusku izen bereko bakarrizketeak. Bakarrizketaria bera be –hau da, piano jolearen bizialdia azaltzen deuskuna– musikaria izateak –tronpetajolea, hain zuzen–, eta bigarren musikari horrek behintzat zuzenean jo beharrak, antzezleari oztopo itzela tartekatzen eutson testua taulara eroateko bidean. Bakarrizketariak tronpetea joten jakin beharko eban, bestela jai antzezlanak.

Tanttaka Teatroak Jose Ramon Soroiz euskerazko saioetan eta Kike Ruiz de Rada gaztelerazko antzezpenetan taularatu zituan Tom tronpetajolearen errolean. Dana dala, horri nahikoa eretxi ez eta pianojolea be taularatzea otu jaken. Horretara ba, Iñaki Salvador pianojole handiak hartu eban Novecentoren errola.

Antzelazna Tàrregako Firan ikusi neban. Han ez egoan aurreretxirik, antzeztaldea kanpokoa zan-eta. Ba, hunkigarria izan zan. Ikusleen txaloek eskertu egin eben antzezleen lanari esker Virginian itsasontzian sartuta lez ordu eta zeozertxo igaro izana. Ni neu ere hunkitu ninduan Tom eta Novecentok, bai. Ezerk hunkitu banindu, barriz, Iñaki Salvadorrek ‘Etorkinak / Emigrantes’ titulua jarri deutson ezpatadantzea izan zan.

Ez naiz honetan aditua, baina inoiz musika hunkigarririk bada, horra Iñaki Salvadorren ezpatadantza hori, esan neban nire artean. Eta atzera noiz entzun ahal izango lotu nintzan, harik eta joana jakun maiatzaren 31n Zornotza Aretoan Iñakik eta Mathew Simon tronpetajoleak eskaini euskuen emonaldian izan nintzan arte. Bihotzean hunkidura barritua eta eskuetan Novecento izeneko diskoa ekarri nituala itzuli nintzan etxera.

Orain izen bereko hiru maisulan badodaz gordeta, hain zuzen be, Novecento liburuaren gaztelerazko bertsinoa apalategian, antzezlanaren akordua gogoan eta Iñaki Salvadorren musikea CD euskarrian (Aztarna zigiluak argitaratua). Hiruretako edozein da gomendagarria. Aitzitik, udan zehar adi egoteko ia Iñakik eta Simonek ‘Novecento’ kontzertua non eskaintzen daben, eta joateko, eta antzezlanagaz bardin egiteko. Aztarna Zigiluaren arduradunek behintzat baietz esan deuskue, udan zehar hor ibiliko dirala Iñaki eta Simon, nire belarriek inoiz entzun daben ezpatadantzarik zoragarriena eta beste hamasei pieza joten. Ezin huts egin.