Musikea  III. urtea // 49. zenbakia

Relaxed Muscle // Explosions In The Sky // Jon Urrutia


JON URRUTIA. “Home made”. Gaztelupeko Hotsak.

Bederatzi pieza barri aurkezten ditu pianojole trebe honek, izenburuak dinoan moduan, etxean grabaturikoak. Beragaz batera Santi Ibarretxe saxojolea eta flautajolea,Toño Miguel kontrabaxua, Borja Barrueta bateria eta perkusioetan Itsaso Gonzalez ibili dira. Disko honetan, betiko pianojole fina izateari uko egin barik eta bere bop sustraiei eutsiz, Jon Urrutia erritmiko eta latinoena topauko dozue, piano bakarrean, hirukote zein boskote formatoetan.

Aurretik grabau izan ditu Bostonen 'Bilbao blues' eta 'Jon Urrutia Latin & Blue' Berklee-ko College of music-ek kaleratutakoa. Gau lasaietan zein domeka goiz eguzkitsuetan entzuteko disko fina eta erritmoz betea.

Gotzon Uribe

RELAXED MUSCLE. “A Heavy night out with...”. Sinnamon records.

Talde barria eta oso interesgarria doinu moderno eta barriak maite dituan edozeinentzat. Taldearen atzean Pulp taldeko Jarvis Cocker azaltzen jaku eta beragaz batera Pulp taldean tarteka ibilitako Richard Hawley eta Jason Bucke Add N (to) X taldekoa. Disko eta era berean proiektu honetan Cocker era bortitz eta energiko batean azaltzen jakuz. Programazinoetan eta rock electronikoan oinarritzen dan proiektua. Tensinoz eta elektrizidadez beteriko lana.

Antzeko artistak: Suicide, Cabaret Voltaire.

EXPLOSIONS IN THE SKY. “The Earth is not a Cold Place”. Sinnamon records.

Texas-eko Austin uritik jatorkun laukotea. Intensidadeakaz jokatzen dauan taldea; kantuak ukutu erromantikoagaz jansten dabez. Crescendoak, isiltasuna, energia. Zerura suziriei begira dagoan umearen lilurearen antzera, talde honek bere musikeagaz mundu propioa sortzen dau.

Antzeko artistak: Sigur Rós, Mogwai.