Musikea  III. urtea // 42. zenbakia - 2004ko urtarrilak 15

38. Midem: Europako industria musikalaren bilgune

Cannes, 2004ko urtarrilaren 25etik 29ra


Euskaldunak Midem-en

Igaz 11 euskal disketxe izan ziran Midem Ferian eta aurten, barriz, 19 (Elkarlanean, Metak, Gaztelupeko Hotsak, Gor,Diskak, Oihuka, Brixton, Esan Ozenki, Agorila, Aus Art Records, Etxe-Ondo, Euskal Internazionala Musika, Goi Music, GP Records, Hilargi Records, Arise, Mar Digital, Musica Autonoma, Noizpop eta Two Bascos), guztiak 'Euskadiko Soinuak' programearen barruan. ‘Euskadiko Soinuak’ Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sektoreko enpresakaz batera sustatzen dauen programea da eta helburu nagusia Euskal Herriko musikea (pop, rock, folk, musika barriak,...) nazinoarte mailan sustatzea da. Esangura horretan, programeak helburu bikotxa dakar: alde batetik, musika-industria lako sektore estrategiko bat laguntzea eta, bestetik, kulturearen adierazpen garrantzitsu honen kanpo-zabalpenerako hainbat jarduera sustatzea.

Azken buruan, euskal industria diskografikoaren ganeko informazino gehiago behar izan ezkero, hona hemen Interneteko direkzinoa:
http://www.euskadikosoinuak.com

Gotzon Uribe


Zer da Midem? Europako musikearen industria batzen dauan foroa hain zuzen be. Urtero, urtarrilaren amaieran, bost egunez Frantziako Cannes urian egiten dan bilgunea oso ezaguna da honezkero. Beste hainbat feria be izaten dira urtean zehar, besteak beste, Womex, Strictly eta Popkomn baina Europako musikearen industriari jagokonez, Midemeko zita ezinbestekoa izaten da. Feria, berez, Palais des Festival deitzen dan erakustazoka erraldoi eta modernoan egiten da eta holakoetan ohikoa danez, stand ugari egoten dira. Datu batzuk emotearren, hona hemen igazkoak: 8620 parte-hartzaile, 92 herrialdetako 4002 konpainia, 1000 artista, 800 komunikabide eta, danetara, 325 stand.

Europa osoko eta baita Estadu Batuetatik etorritako diskoetxeak, promotorak, manager-ak, agentziak, banatzaileak, komunikabideak eta, oro har, musikeagaz lotutako bestelako kide batzuk batzen dira bertan, euren artean hartu-emon profesionalak lantzeko. Horrezaz ganera, erakustazoka eroso horretan egunean zehar hainbat berbaldi eta mahainguru izaten dira, danak be gai interesgarrien ganekoak. Baina Cannes-en ez da eguna bakarrik aprobetxetan, gauean be hainbat gauza egin daitekez, batez be, zuzeneko kontzertu ederrakaz gozau.

Musikearen industriako jentea batzeko leku garrantzitsu eta nagusiak bi dira, Martinez Hotela eta Noga Hilton ezaguna. Lehenengoa lujo handiko hotel erraldoia da, orain dala pare bat mende edo eregitakoa; bertan egiten dira kontzertu gehienak arratsaldeko zortzietatik aurrera, egunero hiruzpalau. Gaueko erritmoa Noga Hilton hotelaren azpialdeann dagoan LOVE diskotekak marketan dau; diskoteka dotore horretan goi mailako musika elektronikoa entzuteko aukerea izaten da munduko leku desbardinetatik etorritako dj ezagunakaz. Askotan, egunean zehar egin ez diran negozioak gauean egiten dira Midemaren atxakian. Aitatutako hotel bi horreen parean hondartza ederra dago eta bertan sekulako yate eta itsasontziak egoten dira, behin eta barriro gogorarazoz Cannes glamourrez beteriko uria dala.