Musikea  II. urtea // 40. zenbakia - 2003ko abenduak 15

Bilboko Kafe Antzokiaren 8. urteurrena

Euskal artistentzat be txoko maitatua da eta, horren erakusgarri hor dagoz urteroko zitak Benito Lertxundi edota Ruper Ordorika moduko kantariekaz. Kafe Antzokiak zortzi urte honeetan apostu handia egin dau, Bilbon, Bilbo erdian hain zuzen euskerea indartzeko eta, gaur egun, egoerea zelan dagoan ikusita ahalegin guztiak behar-beharrezkoak dira.

Euskaldunon bilgune eta erreferentzia bilakaturik, bai Bilboko euskaldunek zein Euskal Herri osotik hurreratzen diran guztiek euskeraz bizitzeko eta gozetako leku ederra beraz. Hau guztia ospatzeko gabobilaren 15ean arratsaldeko 19:30etatik aurrera jai berezia ospatuko da Kafe Antzokian, sorpresaz beteriko ospakizuna. Zorionak!.

Gotzon Uribe

Zortzi urte pasau dira Bilbo erdian Kafe Antzokiak ateak zabaldu ebazanetik. Gaur egun, bai Bizkaian eta Euskal Herri mailan erreferentzia bihurtu da bilgune hau. Gabonilaren 15ean bere zortzigarren urteurrena beteko dau. Labur-labur, esan, Kafe Antzokia zabalagoa dan bizi-proiektu baten kokatzen dala, Zenbat Gara Elkartearen proiektuan hain zuzen be.

1995eko abenduaren 15ean zabaldu zan topagune errotu eta zabala izateko borondateagaz eta mende honetako antzoki baten kokaturik dago. Kafe-jatetxea egokitu da bertan, baina antzokiari jagokozan gune eta funtzinoei eutsiz.

Ludikotasunagaz batera, beraz, ugaria da da kultur jardueren egitaraua: musika kontzertuak (klasikotik rockeraino, folk, pop, jazz, eta beste estilo batzuk ahaztu barik), antzerkia, dantza, haur jaiak, berbaldiak, bideo-zinema, prentsaurrekoak, liburu eta disko aurkezpenak eta bestelakoak. Euskal Herriko sortzaileez ganera, bost kontinentetako goi mailako musikari eta artistak izan dira bertan dagoeneko.

Kultur eta aisialdi gunea ez eze, gizarte mailako gogoeten topagune bilakatu da. Ez baita barria fisikoki bakarrik ez bada, abiapuntu-ardatz-helburuetan eta horreek orekatzeko ahaleginean be. Gauzak holan, zortzi urte beteko ditu astelehenean. Esandako moduan, musikeari jagokonez, hainbat talde eta musikari handi pasau dira bertatik, nazinoarteko izen batzuk aitatzearren: Jon Spencer Blues Explosion, Manic Street Preachers, Maceo Parker edota Mick Taylor.