Kulturea  II. urtea // 37. zenbakia - 2003ko zemendiaren 1a

Fernando Morillo: 'Gazteei esker lortu dot eurakandik hurrago idaztea'

Eszena laburrez betetako narrazinoa da. Ikus-entzunezkoen hizkerea erabili gura izan dozu gazteak literaturara hurreratzeko?

Irudiaren belaunaldian hazi gara. Zinea, telebista, iragarkiak...; irudi arin eta ikusgarriek hartu dabe gure ingurua, eta ohitu egin gara, eta orain ia beharrezkoak doguz. Pasarte arineko testuak, segurutik, hurrago sentiduko ditue. Baina, batez be, holan idazten dot holan gustetan jatalako: bizi-bizi eta jolas giroan. Batzuetan, sakonera heltzeko arin mobidu behar da.

Liburuetan filosofia-pildoratxuak be sartzen dozuz.

Deformazino profesionala izango da. Filosofia ikasi dodan arren, ikaragarri maite dot. Eta filosofook filosofetea maite dogunez, pildoratxo horreek jasaten jarraitu beharko dabe irakurleek. Ahaleginduko naz ahalik eta erakargarrien egiten!

Hamaika sari lortu dozuz hamaikatxu modalidadetan. Non zagoz gusturen?

Gizakiok oso aldakorrak gara. Eta idaztean be, egunaren araberako narrazinoa egiten ahalegintzen naz. Baina gurako neuke, denporeagaz, nire grinak (neskak, mendia, zientzia, filosofia, literaturea) buztartzen dituen liburu ederrak idaztea. Ezin naz geratu arlo bakarrean, orojale nazenean gozetan dot-eta gehien.

Sari honek liburua itzultzeko aukerea emoten dau. Zer egingo dozu alde horretatik?

Literaturea herrien altxor handienetakoa da, zer esanik ez txoko guztietara zabaltzen bada. Gainera, oso aberasgarria da edozein hizkuntza lantzea. Orduan, bai, itzuli egingo dot. Eta euskeratik aparte ondo egiten dodan hizkuntza bakarra gaztelania danez, horretara itzuliko dot. Neuk egingo dot. Oso arrotza egingo litxakit beste edonoren berbatan leidutea neure testuren bat. Gainera, egilea nazenez, itzuli bakarrik ez, testua berridatzi edo aldatu be egin neike eta itzultzaile batek ez. Sortzea izango da, itzultzea baino. Uste dot interesgarria egingo jatala.

Julen Gabiria

Fernando Morillo (Azpeitia, 1974) izan da aurtengo Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso dauen idazlea, Aizkorri argitaletxeak ateratako “Izar-malkoak” liburuagaz.

Handia izan da egin dozuna. Daborduko sinestu dozu?

Finalista nintzala esan eustenean asko harritu nintzan. Gero, lehiakideak nortzuk ziran jakitean (Mariasun Landa, Anjel Lertxundi, Patxi Zubizarreta, Pako Aristi eta Jon Suarez), trankil geratu nintzan: ezinezkoa zan nik irabaztea. Orduan, esan eustenean neu nintzala irabazlea, dardara galantak euki nituan goitik behera. Baina uste dot oraindino ez nazela jaubetzen sari honek zer dakarren.

Gazte literaturan zabilz espezializetan..., gazteentzako gaiz betetako zakuren bat ete daukazu?

Hainbeste gozau nituan liburuak gaztetxotan...; zenbat abentura ez ete neban bizi Istorio Amaigabeagaz, Eraztunen Jaunagaz, edo Stevenson, Verne, Asimov, Clarke, Dick, Poe eta beste mila egileren ipuinakaz? Hareekaz elikatu zan nire garun gaztea. Gainera, kuxkuxero galanta naz eta belarriak tente-tente eukiten dodaz beti, begiak zabal-zabal.

Zer kontau gura zenduan "Izar-malkoak" liburu sarituagaz?

Nobela hau geure barruko gauen ingurukoa da; ondo menperatzen ez doguzan txokoena. Gazte bat dago samurtasun ezagunaren eta misterio arriskutsuaren artean, eta burua eta bihotza burrukan hasiko jakoz. Idaztean ez dot bilatzen lerro arteko mezu zehatzik, baina testua amaitzean konturatzen naz, batzuetan, gura barik be sartzen dodazala mezuok. Edozelan be, interpretazinoak irakurleen araberakoak izaten dira beti.

Irakurle molderen bat eukiten dozu buruan holako liburuak idaztean?

Konturatu barik be, beti erabilten dozuz ezagunen eta ingurukoen moldeak pertsonaiak sortzeko. Halanda be, normalean ez dot eukiten pertsonaien oso ideia garbia, hasieran behintzat. Testuak aurrera egiten dauenean, nortasuna irabazten doaz, eta apurka-apurka personalidadea garatzen dabe.

Hizkerea izan da liburua saritzeko arrazoi nagusietakoa.

Edozein hizkuntza hartu ezkero, literaturearen eta kaleko hizkerearen artean tarte bat topetan dogu. Jazoten dana da, euskeraz, tarte hori beste hizkuntza askotan baino askozaz handiagoa dala. Erderak inguratzen gaitu, eta horrek erderakadetara eroaten gaitu sarritan. Euskerak hiztegi aberats-aberatsa dauka, baina askotan ezin dozu gura dan lez erabili, sinisgarritasuna eta naturaltasuna galtzeko arriskua daukazu eta. Orduan, zelan lortu hizkera zuzena eta, gainera, sinisgarria eta freskoa izango dana? Testuari bueltak emon behar jakoz. Oso gustora egoten naz gaztetxoakaz berbetan, eta asko ikasten da holan. Lotsa barik esaten deutsue zer gustetan jaken, zer ez jaken begitantzen zuzena. Hareekaz ikasteko aukerak handiagoak dira helduakaz baino. Gazteei esker lortu dot gazteakandik hurrago egotea.

Liburuak sexualidade karga handia dauka.

Sexua da gizakiok daukagun hartu-emon interesgarri eta ederrenetakoa. Zentzun horretan (horretan be) asko erakarten nau. Eta pentsetan dot gaur egungo gaztetxoek askosaz be naturaltasun handiagoz hartzen dabela sexua, guk hartzen genduana baino. Zorionez, naturaltasun handiagoa dago, baina nahasmenek eta txarto-ulertuek hortxe segiduten dabe! Idazleok hortxe daukagu jokua: naturalagoa izan zaitekez, baina, zoratutakoan, danok egiten dogu dar-dar; hor danok gara ume.