Musikea  II.urtea // 34. zenbakia - 2003ko irailaren 15a

Mercat de la musica viva de Vic

Gotzon Uribe

Irailaren 25etik 28era bilgune berezia ospatzen da urtero Bartzelonatik automobilez bi ordutara dagoan Vic urian. Peninsulako programatzaileak, agente, management eta mundu horretakoak batzen dituan feria nagusia da eta parte hartzaileen artean, gehinak Kataluiniakoak eta Euskal Herrikoak izaten dira. Eusko Jaurlaritzak orain urte batzuk martxan jarritako ekimenaren bitartez, Euskal Herriko management eta kontratazino etxeak hurreratzen dira estadu espainiarreko enpresakaz euren hartu-emonak bideratzeko asmoagaz.

Lau egunetako jaialdia da eta bertan ehun kontzertutik gora ikusi daitekez uri osoan zehar ipinitako hamabi eszenatokitan. Jaialdiaren hamabosgarren edizinoa dogu berau eta, esan dogun moduan, bertan hainbat kontzertu eder izango da, besteak beste, Madee, Abüs, El Diablo en el Ojo, Jan edota Refree moduko taldeak, baita Cathy Claret edota Leo Minax.

Euskal Herritik be hainbat talde eta artista joango dira Vic-era kontzertuak emotera: Tapia eta Leturia –Katalunian sekulako arrakastea dabenak-, Mikel Urdangarin zornotzarra bera be han izango da eta bakarlarien artean, Xabier Montoia be bai; Ortophonk gasteiztarren erritmo bizi eta dantzagarriak zuzenean disfrutetako aukerea be iragarri dabe eta Euskal Herriko jazz musikeak be bere ordezkaritzea izango dau Miren Aramburu Ensemble proiektuagaz.

Kontzertuez ganera, Vic-eko Feriaren eskaintzea benetan zabala da bertara hurreratzen diran musika munduko profesionalentzat. Egunez, zenbat-gura berbaldi, ikastaro eta erakustaldi izaten dira, teknologia barriak, multimedia, Internet eta komunikabideak eta antzeko gai interesgarriekaz. Disko azokea be egiten da bertan, Feriako egunak ahalik eta ondoen aprobetxetako; Vic-eko Plaza Nagusian urtero batzen dira hainbat lekutatik hurreratutako disko saltzaile, bildumagile eta bestelakoak.

Eusko Jaurlaritzeak, euskal musikea kanpora atarateko lantzen dituan plangintzen barruan sartzen da Vic-eko Feria; dana dala, Vic-ekoa ez da bakarra, garrantzitsuenen artean, urrian Sevillan egingo dan Womex Jaialdian (munduko musikei zuzendutako feria haundia) euskal musikearen industrian mobiduten diran enpresa euskaldunak be izango dira. Beste alde batetik, Frantziako Cannes urian egiten dan MIDEM jaialdia be ez da ahaztu behar. Kontuak kontu, geldiro-geldiro baina bagoaz euskal musikea kanpora atarateko bideak urratzen.