Kulturea  II. urtea // 27. zenbakia - 2003ko bagilaren 1a

Karmelo Etxenagusia, Urrezko Idazluma // Mark Kurlansky, Zilarrezko Idazluma // Unai Elorriaga, Zazpi Kale Saria

Bilboko Liburu Azokea: maiatzaren 29tik bagilaren 8ra arte


- Mark Kurlansky

Idazlea, kazetaria, historialaria, euskal gaietan aditua. Oso oker ez bagagoz, AEBetako egunkarietan idazten dituan artikuluez ganera, bost liburu daukaz plazan eta horreetako batzuk oso ezagunak: 'A Biography of the Fish That Changed the World' edo 'The Basque History of the World'. Horrezaz ganera, gastronomiagaz lotutako idazletzat joten dabe askok, historiako jateko batzuei buruz idatzi dauelako; horren harian, azkena 'Salt' izenekoa, gatzaren ganeko liburua, Bilboko azokan be erosgai izango dan liburua.

Azken aldian, AEBetan euskal idazleak ezagutarazoteko bideen bila dabil eta udagoienean New Yorken euskal poesiaren ganeko jardunaldiak aurkeztuko dituala iragarri dau. Buruan jiraka dituan asmoen artean, euskal zentro kultural bat sortzea da garrantzitsuena baina onartu egin dau oraingoz amesa besterik ez dala.

- Karmelo Etxenagusia

1932ko apirilaren 4an, Iurretan jaioa (orduko Durangon). Seminarioko ikasketak Gordexola, Artea eta Gasteizen. Eleiz Legeak Comillasen; Teologia eta Eleiz Legeak Erroman; 1955-58 bitartean, Derioko Seminario Txikian irakasle eta hezitzaile; 1960-61 bitartean, Seminario Nagusian hezitzaile eta irakasle; 1961-68 bitartean, Gotzaitegiko Kurian, idazkaritzan laguntzaile; 68-79: Kantziller; 1980-89: Bikario Nagusi; 90-95: Begoñako parrokoa; 95etik Bilboko Gotzain Laguntzailea; Euskaltzain urgazle eta ohorezkoa, Euskerazaleak eta Labayru Ikastegiagaz beti hartu-emonetan; idazlea, artikulugilea...

- Unai Elorriaga:

Idazle saritua, euskal filologoa, Labayruko itzultzailea eta artikulu eta zutabegilea. Hogeita bederatzi urtegaz 2002ko Narratibako Sario Nazionala jaso dau euskeraz idatzitako 'SPrako tranbia' liburuagaz eta honezkero erderazko itzulpena be liburutegietan dago. 'Van Hoffen Ilea', IV. Igartza Saria irabazi dauen liburua be plazan dauka dagoeneko Algortan bizi dan idazle gazteak.

Bizkaie!


Bilboko Liburu Azokako arduradunek hiru lagun saritu edo omendu ditue aurten: Urrezko Idazluma Karmelo Etxenagusiak jaso dau. Zilarrezko Idazluma, barriz, Mark Kurlanskyk eta Zazpi Kale saria Unai Elorriagak.

Bilboko Liburu Azokan liburuak aurkeztuko dituen idazleen artean, honakoak aitatuko doguz: Joanne Harris, Ilaki Egaña, Asdrubal Hernandez, Andres Aberasturi eta Javier Vizcaino. Anne Garreta eta Marie Darrieussecq be aurtengo izarren artean sartuko doguz, izan be, berbaldi bana eskainiko deuskuez. Urtero legez, txikitxuenek be aukera ederrak izango dabez: goizero umeentzako literatur lantegiak egongo dira Arenalean. Horrezaz ganera, Joan Brossa eta Fernando Millanen lanakaz egindako 'Poesia Ikusgarria' erakusketea ikusi ahal izango da.