Kulturea  II. urtea // 26. zenbakia - 2003ko maiatzaren 15a

Labayru Hiztegia, Bizkaiera eta Batua (b)uztarturik (euskera-gaztelania)

'Etxekoa goraldu auzokoa onartuz' (Ander Manterola)


Adolfo Arejitaren (Zuzendaria) gogoetak:

- 'Etxekoa goraldu auzokoa onartuz'

Gure zuzendari Ander Manterolak ahotik atara eban esaldi polit hori Labayru Hiztegia (LH) Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregian aurkeztu zan egunean, gure lanaren izakerea eta sustraia argiro erakutsi guran.

LHak euskera osoa hartzen dau, euskalki eta tradizino idatzi guztietako lexiko-ondarea batu eta landu dau. Baina ahalegin apartekoa egin dau sartaldeko geure euskerea, bizkai euskerea ahalik eta gehien jasoteko. 'Etxekoa goraldu', ze bizkaieradunok geure berbetearen eretxi txarrak galdu gaitu eta geureaz harrotu beharrizan handia daukagu. 'Auzokoa onartu', ze ez gara bakarturik bizi, hango eta hemengo, guztiok gara euskaldunak, eta euskerea dogu guztion enborra. Auzokoen modu diferenteak ikasi eta geugandu egin behar ditugu. Zenbat eta alkarrena hobeto ezagutu, hainbat eta kideago eta hurkoago izango gara.

- Labayru Hiztegia: bizkaiereak batuari egin leikion ekarpenaren erakusgarri.

Alde horretatik, behar honek euskera batuari arnasbideak zabaltzen be lagundu gura izan dau. Behinola Oskillasok edo Mikel Zaratek egin eben legez, eta oraintsurago beste idazle batzuk, gero eta gehiagok. Bizkai euskerako berba eta esamodu asko guztiz baliagarriak dira batuaz idazteko, eta geure bildur eta konplexuok uxatuta, euskera batua geure berbeteaz mendatuten ahalegin egin behar dogu. LHak urrats interesgarriak emon ditu bide horretan.

- Bizkaierearen eredu idatzia finkatzeko tresna

Ez hori bakarrik, baina LHaren ahalegin nagusietariko bat hori izan da. Orain dala urte ta erdi argitara genduan Bizkai euskeraren Jarraibide liburua, sartaldeko gure euskerearen morfologia eredua zehaztu nahirik. Ahalegin hori lexiko aldetik osotzera dator LH. Bizkaieraz darabilguzan berba batzuk (bizk) ikurraz markauta datoz, barri edo ule esaterako, eredu baturako berri, ile ordezkoak dituenak. Baina gure euskerako berbarik gehien gehienak marka barik datoz. Horrek esan gura dau bizkaieraz zein batuz erabili geinkezala.

- Hiztegiak ondare idatzia jaso dau baina ahozkoari be aparteko garrantzia eta lekua emonaz

LHak euskerearen ardatz biak josi gura izan ditu. Idatzizko tradizinoa, batez be klasikoa, ez da besterik, azken baten, gure idazleek, inguruan entzuten eben euskerea idatziz ipinteko egin daben ahalegina baino. Horregaitik Mogel, AƱibarro, Frai Bartolome, Astarloa, Zabala edota Erkiaga, Akesolo, Zarate erreferente inportanteak dira guretzat.

Egia nagusia da, bestetik, berbaz darabilgun euskera-erregistro asko behar dan moduan idatziz jaso barik dagoala ondino. Ondare edo altxor handi baten jabe da ahozko hizkera. Eta euskerearen kasuan beste hizkuntza nagusietan baino inportanteagoa da hori batu eta idatzira ekartea, gure literaturgintza aberatsagoa eta koloretsuagoa izan daiten gerora.

- Bizkaieradunon konplexuak badoaz desagertzen

Bizkai euskerea egiten dogun askok ez deukotso estimazino handiegirik bere euskera horri. Ez beti bere euskerea besteak baino txarragotzat daukalako. Beharbada lehendik datorren uste bati loturik dagozalako sakonean: euskerea ez da inorako, hementxe geure arterako-edo izan ezik. 'Aldeanuen' edo 'baserriko jentearen' gauzea izan da kaletar askorentzat. Bizkaiko urietan erderara jokera handia egon da aspaldirik.

Jente eskolatua eta kaletarra izan da, azken baten, eretxi hori usteltzat jo eta euskera egiteaz harro sentidu dana. Gaur gaztetxo eta gazte asko ikusten da gure urietan, eta unibersidadean bertan be, etxeko euskerea lotsa eta ardura barik egiten dauena. Bagoaz altsika-altsika. Baina konplexua ez dogu guztiz goituko, geure berbakera hori jaso eta landu egiten ez badogu.

Akaitze Kamiruaga (Koordinatzailea):

Makinatxu bat izerdi, burukomin, hasarre eta sufrimenturen ondoren, sano pozik eta arnasea sakon hartzeko moduan gagoz egindako beharragaz. Hasieran, datu base ikaragarria sortu genduan eta norberaren ekarpenaz gainera, hiztegien hustuketea egin, Atlas Etnografikoa eta autore zaharrak, klasikoak aztertu eta beste behar batzuk be erabili doguz, besteak beste, Adolforen Mogelen gaineko tesia edo Eneko Barrutiaren idatziak. Hori guztia atontzea sekulako beharra izan da eta, gainera, beharra aurreratu ahala, sarritan gauzak eta erispideak aldatzen be joan gara. Ahozkoari aparteko garrantzia emon deutsagu eta lantalde zabal-zabala ibili garanez, bizkaierearen berbeta modu guztiak kontuan hartu doguzala esango neuke, segurutik berba asko kanpoan geratu badira be. Finkatze prozesua ez da samurra izan: berben aukeraketea egiteko edo zelan idatzi behar diran zehazteko ordu asko emon doguz. Hogei urte geroago, ekinaren ekinez, azkenean kalean dago bizkaieradunontzat ez eze, danontzat erabilgarria izango dan tresnea.

Eneko Barrutia (Idazketa taldekoa):

Labayru Hiztegian danok egin dogu danerik, momentu batzuetan arloren baten edo hiztegi bietariko baten (euskera-erdera edo erdera-euskera) behar gehiago egin badogu be. Ni ahalegindu naz Bizkaiko arrantzaleen berba batzuk sartzen: arrainen izenak, txorienak, apario batzuk, esakerak eta abar. Mundakan eta Bermeon erabilten diran osterantzeko berba eta esakera batzuk sartzen be ahalegindu naz.

Nire eretxiz hiztegi honen ekarpena alde askotatik da aberatsa eta barria. Ardatz nagusi bi daukaz: 1. Bizkaierea eta batua batera aurkeztutea hiztegi baten. 2. Hizkuntza idatziari ahozkoaren hainbat altxor eta ezaugarri gehitutea. Berba asko barriak dira, sekula argitaratubakoak, hiztun onakandik jasoak edota hiztegigileak eurak sarturikoak. Esaldiak be ugari topauko ditu irakurleak, kontestu egokiak eta argigarriak opatu guran. Ahozko euskerearen aberastasunari atea edegi gura izan deutsagu Labayru hiztegian.

Aitziber Urkiza (Idazketa taldekoa):

Beharra amaituta ikusten danean, pasau doguzan estualdi eta larrialdiakaz akordau be ez gara egiten. Orain hiru urte hasi nintzanean egoana ikusita hiztegiak argia ikusi dauela sinistea be gatxa da, baina holan da, eta orain pozarren gagoz. Beharrean hasi nintzanean, informazino piloa egoan batuta, sekulako aberastasuna, batetik autore klasikoetatik batutako informazinoa eta bestetik lan-taldekoek egindako ekarpenak. Hori guztiori atondu egin behar izan da eta ez bakarrik itxurea emon, erispideak finkatzen be denporea emon dogu eta horrek hasarre bat baino gehiago sortarazo deusku, baina beti be lan-taldean egon dan giro ona galdu barik. Bestalde, gaurkotu be egin behar izan dogu, egungo beharrizanak kontuan hartuta. Hainbeste lagunek hainbeste behar egin eta gero sortutako hiztegi hau danontzat erabilgarria izatea gurako neuke, ez bizkaieradunontzat bakarrik.

Koldo Isusi Zuazo

Labayru Ikastegia bizkaierea eta batua, biak batera eskainiko zituan eskola-hiztegi bat ontzeko egitasmoa 1983an hasi zan lantzen, erispideak finkatzen eta lehenengo pausuak emoten eta 20 urte geroago argia ikusi dau. Erabilerako hiztegi deskriptibo arauemoilea da eta lexikoan bizkaierearen normalizazinoa dakarrena, bizkaierearen ondoan euskera batua daukala. Labayru Hiztegiak euskera baturako onarturik dagozan berbakaz batera, bizkaiera idatzirako finkatu diran berbak eskaintzen ditu corpusean. Abiapuntua bizkaieradunen berbetea izan da eta horrek goitik behera baldintzatu ditu erispide eta ebatzi guztiak. Besteak beste, euskera osoari erantzun gura deutsolako baina bizkaiereari lehentasuna emonez, euskalki diferenteetako berba-ondarea euskera osoaren ondarea dalako.

Ezustekorik ez bada, Labayru Hiztegia, Bizkaiera eta Batua (b)uztarturik (gaztelania-euskera) datorren abenduan, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan argitaratuko da.