Musikea  II. urtea // 24. zenbakia - 2003ko apirilaren 15a

Musika jaialdi erraldoien aroa


Makrojaialdien sukar hau Doctor Music eta Festimadegaz hasi zan

Oso oker ez banago edizino gehien dituana Festimad da eta kontutan hartu behar da lehenengo aldiz egin zanean, antolatzaileek duda-muda asko azaldu zituela jaialdiaren jarraipenaz, batez be, arazo ekonomikoak eta zorrak aitatuz. Zelan aldatzen diran gauzak!

Euskal Herrian, Arrosa eta Rockazokagaz pasau dan legez, Espainian gauza bera pasau zan lehenengo bi makrojaialdiakaz. Festimadek urtero urtero antolatzea lortu badau be, Doctor Music jaialdiak gorabehera handiak izan ditu. Lehenengo edizinoak jente kopuruari jagokonez, nahiko arrakastatsuak izan baziran, emoten dau ekonomikoki ez zirala horrenbesterako izan ze urteroko zalantzakaz hiru aldiz egin ondoren, bi urtetan bertan behera geratu zan, beharrezko aurrekontua-dirua lortu ezinik. Aurten, zurrumurruen arabera, esan leiteke egin egingo dala baina oraingoz ez dago barri zehatzik. Benicassimgo Jaialdiak ez dauka zerikusirik aitatu dogun zalantza-malantzazko giro horregaz, aurtengoa bederatzigarren edizinoa izango da eta urtetik urtera progamazinoa hobetuz joan da gaur egun penintsulan egiten dan jaialdirik garrantzitsuena bihurtu arte.

Zorionez, nik neuk jaialdi horreetariko batzuk ezagutzeko aukerea izan dot, bai joten zein ikusle moduan eta autortu behar dot eretxi kontrajarriak sortarazoten deustiezala. Talde moduan, alde batetik, artistentzat esker onekoa da milaka personen aurrean jotea baina beste alde batetik, holako jaialdietan baldintza teknikoak ez dira lar onak izaten parte-hartzaile guztientzat. Ulertzekoa be bada, 50 talde baino gehiagoko kontzertu batean arazoak egotea dana atontzeko, gatxa edo ezinezkoa izaten da talde guztiek soinu frogak behar bezela egitea eta kontzertuen iraupena murriztu egiten da gehienetan. Normalean baldintza onakaz joten dabenak 'izen handiko' taldeak izaten dira eta besteak konformau beharra izaten dabe eta pozik ahalik eta azkarren eta ahal dan moduan errepertorioa eskaintzeko.

Ikusle bazoaz, talde piloa ikusteko aukerea emoten deutsu baina bete betean disfrutetako aukera askorik ez da egoten. Oso gatxa da egun batean zortzi taldeen jardunagaz disfrutetea nahiz eta zortzirak gustokoak izan. Segurtasunaren atxakian, entzuleen eta artistearen arteko distantzia handia izaten da eta horrek ez ditu gauzak errazten, bata zein bestearen kalterako baino ez da izaten. Halan da be, onartu behar dot jaialdi horreetan, musikea barru-barruan daroan jentea eta benetean musikazalea dan jente piloa ezagutu dodala; badakit, zale horreentzat makrokontzertuak urteko opari ederra izaten dirala. Horrezaz ganera, badago multzo haundi bat jaiaren bila baino joaten ez dana eta horreei ez deutsie ardura talde bat zein beste bat ikusi, ondo pasetea izaten da euren helburua eta hori, kasurik gehienetan erraz lortzen dabe. Gusto kontuetan sartzerik ez dago, bakotxak bereak ditu eta kitto.

Badaezpada, hemen dozue zerrendea, jai giroagaz eta musikeagaz disfrutetako aukera ederrak dagoz:

- Viña Rock, Villarobledo (Albacete). Maiatzaren 1, 2 eta 3an.

Avalanch. Avused, La Cabra Mecánica, Tonino Carotone, Hamlet, Mucho Muchacho, Pilt, Skunk D.F., Su Ta Gar...

- Benicassimgo IX jaialdi internazionala. Maiatzaren 4tik 12ra

Moby, Blur, Suede, Beck, Travis, The Flaming Lips, Death In Vegas, Groove Armada, Calexixo.…; zurrumurruen arabera, Coldplay taldeak be joko dau baina oraindino talde hau konfirmau barik dago.

- Primavera Sound, Poble Espanyol, Bartzelona. Maiatzak 23, 24.

Belle&Sebastián, Dave Clarck, Baxter Dury, Mowai, Sonic Youth, Audience, Standstill, Teenage Fanclub, Yo La Tengo, Cristina Rosenvinge....

- Festimad. Parque del Soto (Madrid). Maiatzak 30, 31

Asian Dub Foundation, Audioslave, Deftones, Disturbed, Hell is For Heroes, Him, Marilyn Manson, Molotov, Ojos de Brujo, Sorkun....

- Sonar. Bartzelona. Bagilak 12, 13, 14

Bjork, Aphex Twin, Jeff Mills, Fat Truckers...

- Groove Parade Rave. Los Monegros, Fraga (Huesca)

Techno jaialdia.

- U Zona Reggae. Rubí, Valles (Bartzelona). Garagarrilak 28, 29, 30..

Penintsulako Reggae jaialdirik garrantzitsuena.

- Festival Pirineo Sur. Valle de Tena. Garagarrilaren 12tik abuztuaren 3ra

Folk eta World Music jaialdia.

-……

Rafa Rueda

Uda sasoiaren usaina hartuta gagoz eta, besteak beste, makrokontzertuak eta festibalak ugaritzen hasten dira gure inguruetan; aurten be, laster emongo jako hasikerea urteko lehen hitzorduari: Viñarock jaialdiari.

Zoritxarrez kontzertuei jagokenean, formatu txiki edo sinpleak ez dagoz bere sasoirik onenean eta horren ondorioz, antolatzaileen artean gero eta jente gehiago dago makroformatuei aukerea emoteko prest. Holan sortu dira nahiko izen bereziak dituen 'Tinto rock', 'Morcilla rock' edo 'Viñarock' bera.

Kasu honetan, Euskal Herrian nagusitu dan joerea penintsulakoagaz konparauta nahiko antzekoa da. Hor dogu Arrosako jaialdia edota urte batez Bilbon ospatu zan Rockazoka izeneko hori; arrakasta desbardinagaz bata eta bestea. Makrojaialdi horreetarako jokerearen erakusgarri Bilbon pasau dana ikustea besterik ez da behar; Rockazokaren lehenengo edizinoa ikusle aldetik eskasa izan bazan be, aurten gitxienez bi egingo dira entzun dot, horreen artean Rockazoka bera eta inork ez dau horrenbeste diru jokuan ipinten errentagarria izateko gitxieneko garantia batzuk barik.

Talde bakarreko edo biko kontzertuek, antza ez dabe jentetzarik erakarten izar horreetako bat ez badago tartean behintzat, Rolling Stones edo Bruce Springsteen. Giro horrek makrojaialdiak ugaritzea ekarri dau, izan be, aukera aniztasunagaitik edo ta inertziagaitik jentetza handia batzea errazagoa dalako. Alde batetik, diru inbertsinoa askozaz handiagoa da, baina etekinak egon ezkero, handiagoak izaten dira eta orain artekoak ikusita, emoten dau jaialdi erraldoiak sano errentagarriak dirana ze bestela urtetik urtera kopuruak behera egingo leuke eta oraingoz ez dogu holakorik ikusi.