Kulturea  II. urtea // 22. zenbakia - 2003ko martiaren 15a

'AEKgaz herri bat geroa lantzen'

Korrika 13 Mauletik Iruñeara (apirilaren 4tik 13ra bitartean, 2150 kilometro)


Korrikearen Amaierako Jaia

Iruñeako Udalak ukatu egin deutso AEKri, apirilaren 13an Iruñeako erdigunean Korrikearen azken jaiko ekitaldiak egiteko baimena. Debekurako arrazoien artean, honakoak aitatu ditue: azpiegitura guztia instaletako eta kentzeko denpora asko behar dala, jente asko batuko dala eta leku asko okupauko dala. Atxakia huts eta merkeak AEKren esanetan.

Bizkaie!


Euskerearen aldeko lasterketa herrikoia, euskal herritar gehien mobiduarazoten dauen ekitaldia eta Europa osoan parekorik ez dauena. Horixe da Korrikea, 1980an Oñatitik Bilbora Euskal Herria zeharkatu eban lehenengo Korrikea antolatu zanetik, euskerearen aldeko ekitaldirik jentetsuena eta garrantzitsuenetakoa.

Korrikearen helburuak

Korrika 13ren helburuak, besteak beste, euskerearen aldeko kontzientzia suspertzea, gizartea berpizkunde barri baten atarian ipintea, euskereak lurralde osoan lege babes iraunkorra lortzea eta transmisinoa ziurtatuko dauen helduen euskalduntzea berrindartzea dira.

Edurne Brouard, Korrika 13ren arduradunak azaldu dauenez, Korrikearena ez da lehenaldiko mezua, etorkizunean oinarritutako mezua baino. Esangura horretan, alde batetik, euskereak benetako ofizialtasuna behar dau biziraupenarako eta, bestetik, transmisinoa ziurtatuko dauen hizkuntza politika sendoa bultzatu behar da.

Brouard and.ak aurtengo helburuak gauzatzeko herriaren eta herritarren laguntzinoa behar-beharrezkoa dala esan dau, izan be, azkenaldian euskereari oro har eta AEKri egindako erasoek larri kaltetu dabelako koordinakundea.

Korrika 13ren antolatzaileek alkartasunerako deia egin dabe 'AEKrekin herri bat geroa lantzen' aurtengo Korrikearen leloaren arabera, indar, ilusino eta alkarlanari eutsiz, berpizkunde barri baten atarian ipini behar dogulako euskal gizartea. Gauzak holan dirala, guztion inplikazinoa eskatuz, 'Korrika laguntzaile' kanpainea abiarazo dabe. Korrika 13k metro sinbolikoak saltzen ditu hamar euroren truke, Euskal Herriko hainbat denda eta zinematan % 15eko deskontuak eskainiz. Kontuak kontu, Euskaltzaindia izan da kanpaina honetan lehenengo laguntzailea.

http://www.korrika.org web gunea

Teknologia barrien zabalkundea gero eta handiagoa dan honetan, AEK-k bere ekarpena egin dau eta ikas prozesuan be txertatu dau. Korrikeak beti egin dau teknologia barrien aldeko apustua eta aurreko Korrikan lehenengoz antolatutako Ziber Korrikeari ekin deutso aurten be.

www.korrika.org web guneari jagokonez, hiru arlo dituala esan behar da: eduki estatikoak, informatiboak eta zerbitzuzkoak. Gogoan izan Korrika sasoian, Korrikearen jarraipena zuzenean egin ahal izango dala bertan.

Aurtengo omenduak

'Ez dok amairu' mobimentuak, 60 eta 70eko hamarkadetan euskereari eta euskal kultureari ekarpen ederra egin eutson taldeak jaso dau Korrika 13ren gorazarrea. Horrezaz ganera, 'Ez dok amairu' taldeagaz batera, bertako partaide izan ez arren, kantagintzan, zine zein dantza arloetan ibilitakoek be jaso dabe aurtengo edizinoaren omenaldia.

'Gero bat gaurdanik', Korrika 13ren kantua eta bideoa

Kantuaren musikea Bingen Mendizabalek sortu dau eta berbak, barriz, Igor Elortzak. Abeslariak Mikel Laboa eta Ruper Ordorika izan dira.

Aurreko edizinoetako kantuekaz konparauta, aurtengoa erritmo aldetik ez da hain bizia, ez dau dantzara horrenbeste bultzatzen baina bai, ostera, kantura. Oso abesti hunkigarria da, denporan geldituko dan horreetarikoa. Sarritan, Korrikearen kantuak bi edo hiru hilebetetan asko entzuten dira baina gero ahaztu egiten dira. Alde horretatik desbardina da aurtengo kantua.

Korrikearen bideoari jagokonez, ohiko kantuagaz batera, Korrikearen mezua eta 13. edizino honetako nondik norako nagusiak azaltzen dituan bideoa plazaratu dau AEK-k. Bideoaren gidoia Unai Iturriagak preparau dau eta IKB produkzino etxeak grabau. Bertan Iparraldeko AEK-ko irakaslea dan Joanes Etxebarriak, Itxaro Borda idazleak, Arantza Gurmendi aktoreak, Ana Zubiaga zientzialariak, Rikardo Gonzalez de Durana bertsolariak eta Roberto Martinez 'Tiko' Athleticeko futbolariak parte hartu dabe.