Musikea  III. urtea // 58. zenbakia

Osti bi: Brigada Criminal + Stupenda Jones


OSTI BI zuzenean:

- Maiatzaren 29an, Tolosako Bonberenean (Brigada Criminal + Stupenda Jones).

Brigada Criminal:
- Maiatzaren 12an, Iruñean, Txantreako Akelarren.
- Maiatzaren 29an, Sestaon.
- Maiatzaren 30ean, Bergaran.

Stupenda Jones:
- Maiatzaren 19an, Iruñean, Txantreako Akelarren.

Bon

'Osti bi', Brigada Criminal eta Stupenda Jones taldeek erdibana grabautako diskoa da oraintsu Gor disketxeak argitaratutakoa. Rock & Roll garbia darabile bi taldeok eta euskeraz eta gaztelaniaz grabautako kantuetako berbak be nahikoa gogorrak dira, besteak beste, torturea, zapaltzaileak eta zapalduak eta kapitalismoaren harian.

'Osti Bi', inguruko epelkeria musikalari emondako soinu-erantzuna da batzuen esanetan. Talde bien ezaugarriak gordintasuna, gogortasuna eta abiadea dira baina beste edozeren ganetik, kantu biribilak egiteko berezko abilezia erakusten dabe.

Brigada Criminal (Lazkao, Gipuzkoa)

Talde atenporal horreetakoa dogu, zahagi zaharrean ardao barria dakarrena. Euren musikeak kutsatu bako punk zaharraren ukutuak ditu baina euren estiloa darabile. Berbetan etsipena eta musikan energia adierazoten dabez. Zeresan ekarriko dauan taldea.

'Osti Bi' honen aurretik CD bat argitaratu eben euren kontura eta baita single bat be. Fist Fucking, Factoria 77 edo Los Rockinson lako taldeetatik datoz.

http://www.brigadacriminal.com

Stupenda Jones (Olazti, Nafarroa)

Lizarrustiko beste aldetik, Olaztitik datorren taldea da. Euren rock & rollak punk musikea ez eze, bailarako hainbat taldek aurretik eginikoa gaurkotzen dau.

Aurretik maketa bat grabau eben baina aurtengo apirilean Brigada Criminal taldeagaz batera grabautako diskoagaz egurra emoteko gogo itzelagaz dagoz.