Kulturea  III. urtea // 55. zenbakia

Euskerazko liburuen udabarria


Azkenik, Utriusque Vasconiae argitaletxeak Ur Apalategiren Gure Gauzak SA liburua argitaratu dau. Zazpi urte narratibazko lanik plazaratu barik pasau ostean, euskal literaturgintzan oinarritutako nobela baltz bat ekarri deusku oraingoan.

Eta gogoratu, ganera, Erein argitaletxeak Pako Aristiren Urregilearen orduak gaztelaniara itzuli barri dauala, Jose Luis Padrónen eskutik: Las buenas palabras izenburua ipini deutsie. Ereinek jakinarazo deuskunez, Liburu Egunerako ez, baina maiatzeko lehenengo asterako liburu barri bi argitaratzeko asmoa dauka: batetik, Karlos Linazasororen Mendekuaren graziaz ipuin liburua eta, bestetik, beste zarauztar gazte baten lehenengo lana: Bertol Arrietaren Txikira beti hordago! liburua. Zeozer dauka Zarautzek, hainbeste idazle gazte barri sortzeko.

Itzulpenei begiradatxu bat botata, aitatzeko modukoa da Pamielak argitaratutako Alizia haurrentzat (Lewis Carroll, Manu Lopez Gasenik itzulita). Aliceren abenturak lurralde miresgarrian obra kanonikoaren arrakastea ikusita, Lewis Carrollek berak ume txikientzako moldaketea egin eban, eta Pamielak obra ezezagun baina gozagarri hau berreskuratu dau, eta txikiek bakarrik ez: helduek be ederto gozetako moduko lana dala begitantzen jaku.

Haur eta gazte literaturearen atalean, Elkarrek gazteentzako hiru libururen itzulpenak argitaratu ditu: Agustín Fernández Pazen Aire beltza (itz: Koldo Izagirre), Glòria Llobeten Zugan pentsatuko dut (Antton Olano), eta Marliese Arolden Maitasuna besterik ez (Pello Zabaleta). Ereinek Gemma Lienasen Carlotaren egunkari morea (Jesus Mari Lasak itzulita) atara dau. Haur literaturan, barriz, barriro be Elkarren eskutik, hiru istorio barri heldu jakuz, ondo baino hobeto ezagutzen diran autoreen eskutik: Joxan Ormazabalek Aitona parapentean hegaz ipini dau, Jokin Mitxelenaren irudiakaz; Arantxa Iturbek Bi ipotx gure etxeko sofan idatzi dau, Jon Zabaleta marrazkilari daukala; azkenik, Pello Añorgak Haur zeru-lurtarra plazaratu dau, barriro be Jokin Mitxelenaren laguntzeagaz. Beste alde batetik, Aizkorri etxeak liburu barri bi ekarri ditu: Amak plastakoa eman dit, Ana Urkizarena (Jokin Mitxelena donostiarrak egindako irudiakaz) eta Maite Franko irundarraren lehenengo lana dan Ixone Isilik (beste irundar batek, Lorena Martinezek ilustrauta). Haur literatureagaz amaitzeko, Xabier Olaso poeta otxandiarrak Pupuan trapua emon deusku Pamiela argitaletxean, oingoan be poema txikiak eskainiz umeei.

Errepaso hau amaitzeko, ezin ditugu aitatu barik itxi Pamiela etxeak argitara emon dituan hiru liburu, labur bada be: batetik, Fermin Etxegoienen Neurona zeurona. Hizkuntza estetika bezala saiakera, 2003ko Juan Zelaia Saria lehiaketan aipamen berezia jaso ebana; bestetik, Patxi Salaberriren Euskal klasikoen atarian, gure autore klasikoen obrak aztertzen dituana, baina modu bitxian: ez ditu testuak aztertzen, hitzaurreak baizik. Hirukoteko hirugarrena poesia liburua da, eta izen deigarria dauka: Fitola Balba, Karpuki Tui, oin arte antzerki obrak idazten egon dan Jon Gerediaga gaztearena. Taula ganeko bere obretan legez, poema honeetan be sinbolismo eta begirada kritiko-ironikoa topauko dogu.

Julen Gabiria

Nazinoarteko Liburu Eguna lehengo barikuan izan zan, apirilaren 23an. Egun batzuk lehenago emon zan argitara Euskadiko Editoreen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzinoagaz, EAEko biztanleen irakurzaletasunaren ganean egindako inkestea. Emoitzek dinoenez, 16 urtetik gorako biztanleen herenak euskerazko liburuak irakurten ditu, eta multzo hori goraka doa, erregular.

Giro horretan heldu jaku aurtengo Liburu Eguna, baina datuak datu, Euskal Herriko argitaletxeak ez dira geldi egon, eta lan sorta ederra plazaratu dabe populazinoaren heren horrentzat. Gure eskuetara heldu diran nobedadeak ez dira izango, seguruenik, joan dan barikuko standetan salgai egon ziran nobedade danak; baina han egon ziranetako batzuk bai, guregana batu ditugu.

Helduen literaturan, betiko legez, nobelak dira nagusi eta, horreen artean, bost aitatu behar dira: Elkar argitaletxeak Alberto Ladrón Aranaren Eguzki beltzaren sekretua plazaratu eban orain dala aste batzuk, eta Liburuaren Egunerako idazle barri baten lehenengo emoitza ekarri deusku. Xabier Etxaberen Lurtarra da begiratua da, hain zuzen be, heldu jakun hori. Eguzki Beltzaren Sekretua espioitzazko thriller klasiko bat da, nazien Alemanian kokatutakoa eta, halanda be, ukutu fantastiko eta esoterikoak be badituena. Lurtarra da begiratua liburuan, barriz, Xabier Etxabek bere aitite Jexux hartu dau ardatz, XX. gizaldi hasikerako apustu, korrikalari, soinu-jole eta erromeriakaz girotutako Euskal Herri ha gogorarazoteko. Jolas literarioaren antza be badauka liburuak, Etxabe zarauztarrak idazketa prozesuan euki dituan pozak eta zalantzak be kontetan deuskuz eta, idazkera freskoagaz.

Susa argitaletxeak zeresan handia emongo daben nobela bi plazaratu ditu: alde batetik, Xabier Montoiaren Blackout, eta bestetik Juanjo Olasagarreren Ezinezko maletak. Lehenengotik hasita, trilogia bateko bigarren nobelea dala esan behar da: trilogia horretako lehenengoa Lehen Mundu Gerran egoan girotuta (Hezur gabeko hilak eukan izenburua, eta Jean Etxegoien personaia Frantziako Armadan soldadu egoan), eta orain argitaratu dana, barriz, Bigarren Mundu Gerran dago kokatuta (naziek okupatutako Parisen, Etxegoien kazetaria dala). Montoia trilogiako hirugarrena idazten hasi da daborduko, Aljeriako Gerra ingurura salto eginda. Hirugarren hori Elektrika deituko ei da. Liburuaren erdia irakurri leiteke interneten: (http://www.susa-literatura.com/cgi-bin/liburuok.pl?lib=narr54). Bestetik, Juanjo Olasagarrek bere zazpigarren liburua aurkeztu barri dau, Ezinezko maletak. Nobela ziztatzailea da, belaunaldi baten kupida bako erretratua. Hiru nafar Londresera heldu dira, koadrilakoa izandako laugarrena (Carlos) han hil dalako, eta hiletara joateko asmoagaz. Denporan atzera begiratuz, Sakanako koadrilearen ibileretan, sentipenetan eta bizimoduetan sartuko da irakurlea. Susa argitaletxeak oso-osorik parau dau nobelea interneten (http://www.susa-literatura.com/cgi-bin/liburuok.pl?lib=narr55), lehen be beste liburu batzukaz egin dauen moduan baina, halanda be, guztiz barritzailea dan ekimenean.