Egitekoen zerrendea

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2017-06-14 16:09

Asko miresten dodaz egitekoak buruan gordeten dituen personak, miresten dodaz egitekoen zerrendea ez ahaztuteko daukien gaitasunagaitik, edo beharbada, miresten dodaz buruan gordeteko beste egiteko daukiezalako, ez gehiago.

Nik ezin dot, ezinezko egiten jat buruan gordetea egin behar dodazan gauza guzti-guztien zerrendea. Papelezko agendea behar-beharrezkoa dot. Txiki geratzen jat, ganera, eta mahaigaina post-it edo berrerabilitako orriez ganezka eukiten dot.

Agendea txiki geratzen jatanean, egitekoen zerrendea orri zuri baten idazten dot. Atazak egin ahala, ezabatu egiten dodaz (gozagarria da bolalumea hartuta tatxoiak egitea).

Baina, halako baten, zerrendea argiago eta garbiago, tatxoi barik eta laburrago, ikusi gura neukela eta, atzera berridazten dot zerrendea, beste orri garbi baten, eta, zaharra, bota.

Halako beste baten, jaubetuten naz zerrendako egitekoen ordena ez dala lehenetsitakoena, eta batzuetan azpimarratzeko bategaz nabarmentzen dodaz egunean egin beharrekoak; beste batzuetan, ostera, post-it batera pasetan dodaz eguneko atazak.

Zerrendatik zerrendara egiten dot salto, baten boligrafo baltzagaz, bestean urdinagaz… Zerrendeak asteak egin leikez mobidu bere egin barik, edo bidaiari ibili: altzoan eroaten dot, agenda barruan sartuta, ordenadore eroangarriaren tekladu ganean…  Hori bai, laburrago edo luzeago, hortxe dabil beti: ez dot oraindino lortu zerrenda barik ibiltea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa