Baliabide gitxiago baina ilusino gehiagogaz

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-03-22 22:38

Zure buruagatik egin zeinken gauzarik sakonena korrika egitea da. Ez besteentzat inspirazino izateko, zeure burua inspiretako baino. Ed Whitlock, goian bego.

Korrikaldietako markakaitik baino, beste marka batzuengaitik da ezaguna marti ilun honetan joan barri dan Ed Whitlock. Eta lasterketako markak, hain zuzen be, ikusteko modukoak ditu. Maratoiaren denporea 3 ordutik bajatu izan dauen 70 urtez gorako persona bakarra da, 2:54ko denporeagaz. Eta hau 78 urtegaz. Ganera, 86 urtegaz korriduten jarraitu dau, prostatako kantzerraren motxila eta guzti. Bien bitartean, gazteagoak -edadez, ez ilusinoz-, bizkorragoak eta sendoagoak garenok daukagun motxila bakarra atxakiena da antza. 

Edonork pentsau leike gizon honek preparazino miragarritsu edo berebiziko sekreturen bat eukiko dauela. Ba hamen bere eguneroko entrenamentuetako datuak, igaz egunkari baten autortu ebanaren arabera: 25 urteko zapatilakaz egiten eban korrika, 20 urteko kamiseta bategaz, ez eukan entrenatzaile, dietista edo fisiorik eta ez jakon batere gustetan medikuarenera joatea. Lesionau ezkero, geldialditxu txiki bat egin eta handik egun batzuetara arineketan hasten zan atzera. Beste barik.

Etxe inguruan entrenetan ei eban gizon honek. Han, etxalde inguruan, 5 kilometroko zirkuitu bati emoten eutsozan birak. Kuriosoa da baita zirkuitu ha ortu santu baten bueltan egoala kokatuta eta bueltaro-bueltaro kanposantu hartatik igaroten zala.

Jenteak berak egiten ebana egundokoa, inspiratzailea edo berezia zala esaten eutsonean, ondorengoa erantzuten eutsien danari: Nik egiten dodana gura dodalako eta gustoko dodalako egiten dot. Nire asmoa ez da inor inspiretea. Hori lortu eta gura dabena egitera animetan badodaz, ederto; baina nik neugaitik egiten dot arineketan, neuk gozau daidan eta nire burua inspirau.

Izan bere, sarri kirolaren ludikotasuna eta gozamena bidean lagaten dogu eta ahaztu egiten dogu zergaitik egiten dogun hori, hau da, gozetako eta ondo pasetako. Goian bego, Ed Whitlock.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu