Geure txikitasunean, handi

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2016-12-01 12:24

Txikiak izaten ikasi behar dogu. Gure hizkuntzeak arlo jakin batzuetan jasaten dauen minbizia bizimin bihurtutea danon esku dago.

Zer egin eta nola egin. Horixe da kirolaren -eta bestelakoen- zeresan nagusia urte aro honetan murgilduta gagozala. Gabonila ailegateaz batera Euskerearen Egun seinalatu hori heltzen da geurera urtean-urtean. Egun, maila publiko, administratibo, formal eta instituzionalean -kirol erakunde, federazino, klub edota ekimenetan, kasurako- euskerearen irudia eta eragina arestian baino erabagigarriagoa da, bai, baina arlo materialean, hau da, eguneroko presentzia eta erabileran, euskerearen isladea oraindik ere guztiz bigarren mailakoa, diglosikoa eta kasu batzuetan isolatua da.

Hainbeste jarraitzen -eta ia-ia miresten- dodan Edorta Jimenezen berbetan, euskereak badauka lurralderik konkistatzeko eta itsasorik murgiltzeko gure gizarte anitz honetan. Sostengu falta eta gabezia horren aztarrenak hortxe dagoz, kanpoan, bere horretan. Esate baterako, ez daukagu hartu matu edo txutxumutxuetarako aldizkaririk, ez daukagu euskerazko prentsa arrosarik, egunkarien ingurumarian hamaikatxo bide daukaguz urratuteko eta, zelan ez, ez daukagu kirolen inguruko euskera hutseko aldizkari eta pentsa espezifikorik.

Geure hizkuntzearen normalizazino prozesua oso berantiarra eta geldoa izan da. Ez ostera bizindarra eta kemena. Izan bere, egundo inon ikusi ez dan esfortzua egin izan dogu geure hizkuntza txiki baina preziatua egunean-egunean arlo publikoagaz eta administratiboagaz buztartzeko. Kirolaren munduan bere, euskerea dezente barneratua dago; hori bai, goi-mailako kirol jardun konpetitiboak oraindino apenas dauka geure hizkuntzearen lorratzik, eta gainera, prentsea -erdaraz bada bere- ez da gauza (edo ez jako interesatzen) kirol esparruak daukan desoreka linguistiko hau argitara emateko eta azaleratzeko.

Kultura eta gizarte txikia da geurea, bakar-bakarra eta ez betirakoa ezta betierekoa be. Baina hizkuntzeari ezin deutsagu oraindino txikitasun handiagorik egotzi. Hizkuntzea bera ez da txikia, ezta gitxiago bere, eta zaintzen eta ganoraz esportatzen badogu geuk proponiduten doguzan muga orotara heltzeko ahalmena dauka. Oro har esateko, txikiak izaten ikasi behar dogu. Handigurea euki arren, ez gara handiago bihurtuko baina geure txikitasun bakar horretan, handiguraz jokatu behar dogu. Txikitasunez, baina gure handitasunean. Kirolen arloan euskereak daukan bizien edo minbizi hori, hain zuzen bere, bizimin bihurtu beharra dago.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu