Pau Sarraute aktorea, Urrezko Hirukia eta Ana Beltran, PPko diputadua, Trapuzko Espartina

Bizkaie! 2019-06-28 11:44   Pil-pilean

Urrezko Hirukia Pau Sarraute aktoreari, Il Circo Italianoan Paute pailazoaren rola beteten dauenari emon deutse.

Pau Sarraute aktorea, Il Circo Italianoan Paute pailazoaren rola beteten dauena. | Ikusi handiago | Argazki originala


Pau Sarraute

Gaur, bagilak 28, LGTBI personen eskubideen aldeko Egunaren harian, EHGAM, Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mobimentuak Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak emoten ditu. Aurten, Urrezko Hirukia: Pau Sarraute aktoreari, Il Circo Italianoan Paute pailazoaren rola beteten dauenari emon deutsagu, ume eta nagusiei zuzendutako bere pistako zereginean dibersidadea ikusarazo eta bardintasuna eta inklusibotasuna erakusten  egiten dauen ekarpenagaitik.

Beste alde batetik, Trapuzko Espartina Ana Beltran PPko diputaduari eta orain gitxi arte Nafarroako Legebiltzarkidea izan danari emotea erabagi dabe, askotarikotasuna barregarri ixteko ahaleginetan, zezeilean egin zitun zorigaiztoko adierazpenakaitik, izan be, gaitzesgarritzat jo eban Hezkuntzako inkesta bat ikasleei eskatzen jakelako neska, mutila edo beste aukera batzuk artean hautatzeko, eta neska edo mutil legez identifiketan ez diranez burlak eta irainak izan ziran, galdetuz zein ete zan beste aukera hori: txakurra, katua, ornitorrinkoa, arraina.... Bera izentau dogu Espartina baina saria eskumako guztientzat da, batez be azken hamarkadatan lortutakoa indarbakotzen amorru biziz ahalegintzen diranei.

Era berean, aitamen berezia egiten deutsegu Nafarroako Gobernuari eta zenbait udali azken lau urteotan aniztasunean bardintasuneranzko bidean emon dituen urratsakaitik, berbarako, Kattalingune eta Harrotu zerbitzuak sortu, LGTBI+ Bardintasun Sozialerako Legea onartu..., eta batez be Skolae programeagaitik.

Zoriondu nahi dogu burrukakide izandako eta dogun Aitzole Araneta, guk dakigula Euskal Herriko lehen agiriko zinegotzi transexuala izateagaitik.


Bilbok LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazinoarteko Eguna ospatuko dau bagilaren 28an

Aurten beteko dira 50 urte New York-eko lehenengo protestak egin ziranetik. 1969ko bagilaren 28an, Sylvia Rivera, Marsha P. Johnson eta beste emakume batzuek LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen aldeko burrukan eta aldarrikapenean bidea edegi eben, New Yorkeko Greenwich Village auzoan etenbako jazarpenaren alde altzau ziranean. Ordutik urtero bagilaren 28a bakotxak gura dauena lakoa izateko, eta gura dauen moduan adierazoteko eta maitatzeko askatasuna aldarrikatzeko eguna da, hau da, duintasunaren alde burrukatzeko eta kolektibo honek lortutakoak ospatzeko.

Kontuak kontu, Pausoz pauso, harrotasunez lemapeko kanpainea atondu dau Bilboko Udalak, 'bilbotarrak animau eta harrotasunez eta sendo adierazo deiezala euren sentimenduak eta sexualidadea eta generoa biziteko modua'. Aldi berean, gizarte osoari dei egiten deutsagu aldarrikatu deien persona guztien eskubidea, genero-nortasuna, sexu-nortasuna eta sexu-orientazinoa harrotasunez adierazo ahal izateko.
Esangura horretan, sexu-dibersidadearen aurrean ezelako eragozpenik ez dauen gizarte edegi eta zabal bat bultzatzen daben ekimenak eta sensibilizazino-kanpainak bultzatzen eta egiten dabiz Udaleko zenbait sail.

Maiatzaren 17an, Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren kontrako Nazinoarteko Egunean bezela, gaur be Udalaren helburua eta nahia bereizketa eta indarkeria bako uri legez sendotzea da, auzo eta kale bat be kanpoan itxi barik, hau da, errespetua nagusi izatea, baita benetako
bardintasuna, normalizatua eta aurreretxi bakoa izatea be. Era berean, bagilaren 28 honetan, Udalak erabat gaitzesten dau LGTBI komunidadearen eskubideak zapaltzea, sexu-orientazino eta genero-identidadea dala eta baztertzeko edozein jarrera edo jokabidegaz agirian jarten dana.


Udaletxea ortzadarraren koloreakaz

Orain 5 urtetik hona Bilbao Bizkaia Harro egiten da bagileko egun honeetan eta kultura, olgeta eta sensibilizazino-jarduera asko dagoz LGTBIQ+ eskubideen alde. Udala horreetan laguntzailea da. Aurreko astean, hilaren 20tik 23ra bitartean, kontzertuak, zinemea, umeentzako olgetak, erakusketak, drag gala bat eta dibersidadearen aldeko ontzien desfilea, Ur Parade, egin dira Bilbon. Ekimen horreen artekoa da Bilboko Udalaren eraikin nagusiko fatxadea ortzadarren banderearen koloreakaz argiztatzeko asmoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu