LGTBI+ komunidadearen kontrako mobimendu politikoak ugaritu dirala dino Berdinduk

Bizkaie! 2019-06-28 09:53   Pil-pilean

Sexu-askapenaren Nazinoarteko Egunaren kontura, adierazpena atera dau Jaurlaritzearen Berdindu zerbitzuak.

Gaur, bagilak 28, Sexu-askapenaren Nazinoarteko Eguna danez, adierazpena plazaratu dau Berdinduk, LGTBI+ kolektiboarentzako Eusko Jaurlaritzearen informazino eta laguntzino zerbitzuak. 50 urte bete dira sexu-askapenaren aldeko burrukea munduan zabaltzen hasi zanetik, New Yorkeko jazoerakaitik, baina Berdinduk gogoratu eragin dau LGTBI+ komunidadeak lehenagotik be lan egin dauela, eta oraindino be egiteko asko dagoala.

Agirikotasun lesbiko, trans edo bisexualaren aldeko, transexualidadearen despatologizazinoaren kontrako eta LGTBI+fobiaren kontrako egunek bat egingo dabe gaur, garenak eta garen bezelakoak izateko eta bakotxak bere moduan desiratzeko harrotasuna aldarrikatuko dogun egunean, dino Berdinduk adierazpenean. 

Alor batzuetan, aurrera barik, atzera goazala ohartarazo dau Berdinduk. Azken urteotan tolerantzia bako mobimendu politikoak areagotu egin dirala ikusten gabiz. 2018an, Euskal Autonomia Erkidegoan erregistrautako gorroto-delituen % 30ek sexu-orientazinoagaz edo identidadeagaz loturea eukien. Aurreko urteagaz konparauta, gora egin dau zenbaki horrek.

Hemendik kanpo be, LGTBI+ kolektiboaren eskubideak mehatxupean dagoz herrialde ugaritan. ILGA txostenaren arabera, 70 estadutan sexu bereko personen arteko hartu-emonak krimena dira. Indiak, Trinidad eta Tobagok eta Angolak, besteak beste, lege horreek kendu barri ditue. Aldaketa horreek egin dira teorian, eta espero dogu benetako aldaketa soziala be ekartea.

Dana ez da negatiboa, baina. Euskal gizarteak aniztasunaren konpromisoa hartu dauela azpimarratu dau Berdinduk. Horregaitik, harro dagozala dino: gero eta gehiagok bizi leikie euren sexualidadea askatasunez. Eusko Legebiltzarrean sexu-identidadearen autodeterminazinoa autortzeko transexualidadeari buruzko gaur egungo legea aldatzeko proposamena onartzea lortu dabe.

Hortaz, gaurko egunean, aurrerapen guztiak ospatzeko eta aldarrikapenerako zein sensibilizazinorako ekitaldietan parte hartzeko deia egin dau Berdindu zerbitzuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu