'J. S. Elkanoren aztarnen bila' Bilbon

Bizkaie! 2019-06-27 09:00   Kulturea

Aldi baterako erakusketa hau, alkarlanean atondu dabe Itsasmuseum Bilbaok eta Donostiako Aquariumek.

Lorea Bilbaok –Itsasmuseum Bilbaoko presidente eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera eta Kultura diputaduak– eta Jon Ruigomezek – Itsasmuseum Bilbaoko zuzendariak– erakusketa barri bat aurkeztu dabe: J. S. Elkanoren aztarnaren bila. Gaurtik aurrera Bilbon ikusgai egongo dan aldi baterako erakusketa hau, alkarlanean atondu dabe Itsasmuseum Bilbaok eta Donostiako Aquariumek.

Dokumentu garrantzitsu ugari, 400 metro koadro baino gehiagotan bananduta, Elkanoren bizitza eta orain dala 500 urte, honek egindako zirkunnabigazinoen aztarnak segiduten ahalbidetzen deuskuna, eta bisitariari bere ondorioak ateratzen gonbidatzen deutsona.

Erakusketeak Juan Sebastian Elkanoren bizitzan sakondu nahi dau (1487/88-1526): bisitariek aukerea izango dabe Elkanoren bizitzearen aztarnei segiduteko, eta jakiteko zelakoa zan Elkanoren bizitza zirkunnabigazinoaren aurretik, bitartean eta ostean. Orain 500 urte abiatu ziran, espezia-ugartera joateko bide barri bat topau guran.

Julián Díaz komisarioa dauen erakusketa honetan, bisitariak eskura izango ditu Elkanoren bizitzeari buruzko informazinoa gordeten daben iturri originalak, eta bisitariak berak aterako ditu bere ondorioak. Gainera, erakusketa honetan batutako erakusketa-gailuen bitartez, galdera honi erantzun nahi jako: zer ete dakigu Juan Sebastian Elkanori buruz?

Erakusketan, Elkanoren bidea ezagutuko dogu: hasieran, maisu moduan ibili zan; ondoren, Fernando de Magallanesek zuzendutako espedizinoan parte hartu eban, eta, zirkunnabigazinoaren ostean, Extremadura eta Portugal aldean ibili zan, Karlos V.a enperadorearen agindutara; azkenik, beste bidaia bat egin eban untzearen ugarteetara. Bidaia hori Bermeotik abiatu zan, eta Ozeano Barean barrena ebizala, Elkano hil egin zan. Andrés Urdaneta gazteak hartu eban nabegatzaile ospetsuaren lekukoa, lehenago haren agindutara ibili zalako.

Dokumentazino ugari eta osoa ikusgai dago, besteak beste, badira hainbat hizkuntzatan idatzitako agiriak –gaztelaniaz, portugesez, italieraz, latinez eta malaysieraz–, eta horreetako asko ez dira sekula erakutsi jentaurrean. Agiri horreek transkribidu eta itzuli egin dira gaztelaniara, euskerara eta ingelesera; hola, bisitariak aukera ezin hobea dauka historiari begiratzeko.

Hautaturiko irudi eta objektuei esker, salto bat egin eta orain bost mendetako girora bidaiatu geinke: munduan barrena ebilzala nabegatzaileek ezagutu eben jentea ikusiko dogu, berbarako, Brasilgo indigenak eta Patagoniako erraldoiak. Era berean, nabegatzaileen eguneroko bizitzari buruzko pintzeladak be eskaintzen dira erakusketan: besteak beste, elikadurea, nabegetako tresnak, sexualidadeari eta euskerearen erabilereari buruzko arauak ezagutuko ditugu. Horri guztiari esker, iraganaren eta gaur egungo bizitzearen artean loturak ezartzeko aukerea izango dogu.

Erakusketa hau antolatzeko, oinarrizkoa izan da hainbat artxibategi, instituzino eta museoren laguntzinoa; ondoko erakundeek lagundu dabe: Archivo General de Indias (Sevilla), Euskadiko Artxibo Historikoa –Laurgainen deskubridutako agiri garrantzitsuen erreprodukzinoak emon ditu erakunde horrek–, Arquivo Nacional da Torre do Tombo (Lisboa), Bibliothèque Nationale de France, Biblioteca Nacional de España, Euskal Museoa, Museo Nazionale della Montagna de Torino eta Arabako Armagintza Museoa.


Euskadi eta Bizkaia

Euskadik eta Bizkaiak ekarpen handia egin eutsien Elkanoren bidaiei, berbarako, Bizkaikoak ziran espezia-ugarteetara egindako espedizino bietako 12 itsasontzietatik 7, eta, era berean, Bizkaiak hainbat lanabes emon zituan, batez be burdinezko tresnak.

Victoria itsasontzian Sanlucarrera heldu ziran 18 marinelen artean, 4 ziran euskaldunak: Juan Sebastian Elkano bera –Getarian jaioa–, eta Bizkaiko beste hiru gizon: Juan Arratia –Bilbokoa–, Juan Zubileta –Barakaldokoa– eta Juan Akurio –Bermeokoa–.


Balioak

Proiektu honek agirian ixten dau gaur egungo gizartearen eta orain dala 5 mende bizi ziran personen artean badirala balio komun edo unibersal batzuk, besteak bestehala nola ausardia, eskuzabaltasuna, lankidetza eta adimena.


Komisarioa

Julián Díaz Alonso arduratu da erakusketearen gidoia osotzeaz eta komisario-lanak egiteaz. Díaz Alonsok eskarmentu handia dau alor honetan, hainbat erakusketa produzidu eta muntau ditu hainbat museo eta interpretazino-zentroetan, eta, azkenaldian, espezia-ugartera egindako nabegazinoei buruzko dokumentazinoa aztertzen ibili da. Holakoak zabaltzeko asmoz, saga bat sortu dau, Sangre y especias, eta, oraingoz, eleberri bi argiratu ditu horren barruan. Azkenik, Elkano Fundazinoak eskatuta, Juan Sebastian Elkanori buruzko audio-liburu biografiko bat amaitzen dago.

Erakusketa hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak eta Seguros Bilbao enpreseak babestu dabe, eta beste hainbat kolaboratzaile izan ditue, adibidez, IKEA Barakaldo, Baskegur, Siloe, Antiquus, Horizonte Elkano eta Taberna Libraría. Gainera, bisitariak eskura izango ditu bai infografia interesgarriak –El Correo egunkariko infografistek egin ditue, Gonzalo de las Heras buru dabela– bai audio gidak –lau hizkuntzatan dagoz: euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez–.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu