Altzoko Handiaren bizitzea aztertu dabe liburu baten

Bizkaie! 2019-06-26 10:27   Kulturea

Luis Angel Sanchez Gomezek artxiboetako datu errealak hartu ditu kontuan, kondairak alboratuta.

Liburuaren aurkezpena, Donostian (argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Miguel Joakin Eleizegi, Altzoko Handia (1818-1861) bere sasoiko gizonik altuenetako bat izan zan, eta, beharbada, sekulako euskaldunik altuena, 2,42 metro luze zan eta. Luis Angel Sanchez Gomezek idatzitako izenburua be neurri luzekoa da: Altzoko Handia. Euskaldun mitiko bat (baina guztiz erreala) XIX. mendeko Europan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzadaz argitaratu dau, eta gaztelaniazko bersinoa be badago.

Sanchez Gomezen helburua garbia izan da: Altzoko Handiaren bizitzea zehaztasunez ezagutzea, artxiboetako datuetan oinarrituta. Izan be, Handiaren inguruko kontakizun asko entzun leitekez, kondairan eta mitoan oinarrituak, errealidadean baino gehiago. Egileak sakon ezagutu nahi izan dau benetako Miguel Joakin Eleizegi.

Artxiboetan eta agiri zaharretan arakatuta, datu asko batu ditu egileak, Espainian, Frantzian, Portugalen eta Erresuma Batuan. Informazinoaren parte handi bat lehenengo aldiz atera dau argitara, eta Altzoko Handiaren errepresentazino grafiko batzuk lehenengoz editau dira.

Lan horri esker, Altzoko Handiaren inguruko detaile asko dakarz liburuak. Eleizegik egindako bidaien nondik norakoak ez eze, familiaren egoera ekonomikoa ezagutzeko erea be emoten dau. Aitak oinordetzan Altzoko baserri bi jaso zituanez, alde ekonomikotik eleizegitarrak eroso bizi zirala ondorioztau dau Sanchez Gomezek. Ganera, baserrira bueltetako gogoz egoan persona triste eta ilunaren irudia baztetu beharrekoa dala uste dau egileak.

Halako altuera ikaragarria eragin eutsan gaixotasuna jorratu dau Sanchez Gomezek kapitulu baten. Akromegalia edo gigantismoa eukan Altzoko Handiak, baina horrek ez eban baldar edo inozo bihurtzen, gaixotasunak ez deutsalako adimenari eragiten.

Datu horreetako gehienek, hortaz, Handia film arrakastatsuaren ikuspegiari kontra egiten deutsie. Egileak kritika batzuk egin deutsaz Jon Garaño eta Aitor Arregiren pelikuleari, baina haren kalidade zinematografikoa zalantzan jarri barik.

Luis Angel Sanchez Gomez (Madril, 1962) Historian doktorea eta Complutense unibersidade entzutetsuko irakaslea da. Dozenaka artikulu eta liburu batzuk ditu argitaratuta antropologiaz, kolonialismoaz, etnohistoriaz eta abar. Azkenaldion, XIX. mendeko akromegaliadun personak aztertzen dabil, beraz, Altzoko Handiaren gaia bete-betean sartzen da asmo horretan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu