Sopela Kosta Fest, irailaren 19tik 22ra

Bizkaie! 2019-06-20 11:51   Kirola

Hesian eta El Canijo de Jerez izango dira VI. Sopela Kosta Festeko kartel-buruak.

Hesian taldea eta El Canijo de Jerez izango dira VI. Sopela Kosta Festeko kartel-buruak, irailaren 19tik eta 22ra. Sopelako udalak, antolatzailea dan aldetik, udaletxeko plazako oholtza nagusian kantauko daben 10 kantari eta taldez osotutako egitaraua aurkeztu dau.

Hamairu urteko ibilbidea daroan Hesian talde nafarrak barikuan hurreratzen diran guztientzako Hasiera azken diskoko abestiak eskainiko ditu, bai eta gazteenen artean hain ezagunak diran beste hamaika abesti be. Tachenko zaragozarren indie-popa; Nerabe donostiar gazteen popa; Natali Izagirre usurbildarra buru dauen Natali taldea; eta Mississippi Queen and the Wet Dogs bilbotarren soula izango dira kontzertuen lehen egun honetan joko daben beste artistak.

Zapatuan, irailaren 21ean, El Canijo de Jerez izango da kartel-burua, hau da, 12 urtean Los Delinqüentes flamenko-pop taldearen buru izan dan Marcos del Ojo Barrosoren beste personaia. Alex Díezek, Los Flechazos taldeko buru ohiaren Cooper taldeak eta bere mod-popak; Nøgen donostiarren folk-popak; Larry Bird laukote bilbotarrak eta Belako taldeko gitarra-jolearen egitasmo paraleloak, Lukiek taldeak, osotuko dabe kontzertuen bigarren eguna.


Kontzertuen ordutegiak:

Irailaren 20an (barikuan):

20:00 Mississippi Queen and the Wet Dogs.

21:00 Natali.

22:00 Nerabe.

23:15 Tachenko.

24:45 Hesian.


Irailaren 21ean (zapatuan):

20:00 Lukiek.

21:00 Larry bird.

22:00 Nøgen.

23:15 Cooper.

24:45 El Canijo de Jerez


Ehunka jarduera doban, tartean skatea

Ohikoa dan legez, Sopela Kosta Festen natureagaz eta surfaren, bodyboardaren, kayak-surfaren edo skatearen kultureagaz zerikusia daben ehunka jarduera eskainiko dira, eta danak doban. Horrezaz gan, euskal zirkuituko hainbat lehiaketa esanguratsu egingo dira.

Aurtengo barrikuntzetako bat skate kirolaren eskutik dator, Euskadiko skate zirkuituaren lehiaketetako bat egingo baita ‘bowl’ modalidadean, Patinajeko Euskal Federazinoaren skateboard sailak antolatuta; zapatuan egingo da, Sopelako skate-parkean, Arriatera hondartzan.

Domekan, arratsaldeko 17:00etan, Silvia Serret skater profesionalak emakumeei zuzendutako masterclass bat emongo dau. Danetara, 15 plaza eskainiko dira, beraz, aldez aurretik izena emotea ezinbestekoa da.

Beste barrikuntza bat parkour hastapenetako tailerra izango da, Parkour Bilbao erakundearen eskutik. 10 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduko da, eta guztira 30 plaza eskainiko ditu.

Sopelako Udalaren eta Euskal Herriko Surf Federazinoaren arteko alkarlanak beste urte batez bere horretan jarraituko dau, eta Euskal Herriko zirkuituko hainbat froga hartuko dira jaialdiaren barruan, maila guztietan, bai eta kluben arteko lehiaketea be.

Herriko bost surf eskola arduratuko dira kirol honetan erabat doban hasi nahi dabenei oinarriko jarraibideak emoten, dobako surf ikastaroetan. Kontuan izan plaza mugatuak dagozala, 11 urtez gorako neska mutilentzat.

Horrezaz gan, Peña Txuri Surf Eskoleak egokitutako surf ikastaroak eskainiko ditu, olatuak hartzeak sentiarazoten dauena behar bereziak dituen gazteek be ezagutu deien.

Barrika Piragua Taldeak eta Bizkaiko Piraguismo Federazinoak III Kayaksurf Kopea antolatuko dabe, bai eta lehen waveski opena be.


Surf zinema proiekzinoak

Sopela Kosta Fest hasteko, udaletxeko plazan ezarriko dan pantaila erraldoian surfeko filmak eskainiko ditue, eguenean. Proiekzinoak iluntzeko 20:30ean hasiko dira, eta La ola sin fronteras (74’), Joaquín eta Julian Azulay Los Gauchos del mar egileen lana ikusi ahal izango da (gaztelaniaz ingelesezko azpitituluakaz); One shot (30’), Russell Ord argazkilari australiarraren filma (ingelesez gaztelaniazko azpitituluakaz); eta Anne-Flore Marxer snowboarder suitzarraren A land shaped by women (26’), (ingelesez gaztelaniazko azpitituluakaz).

Eguenean, euskal kostaldeko surfaren historiari buruzko argazkien erakusketea zabalduko da. Aitzindarien irudiak, olatu onenak, olatu handietako surfa, euskal surfaren artea, surfaren industria, emakumeen bateratzea eta lehiaketak erakusten dira bilduma honetan. Sopelako hondartzetako surfari buruzko irudiak be batuko ditu. Kurtzio Kultur Etxean urriaren 8ra arte egongo da zabalik erakusketea, doban hau be.

Eta domeka goizean udaletxeko plazara hurreratzen diranek, Bizkaiko Garagardao Alkarteko egileek sortutako edariak probau ahal izango ditue, produkzino guneetara bisita birtuala egin, eta La Gilda del Norte-ren Sopelako gilda onenak jan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu