Eibarko Itun Federala 1869-2019: 150 urte San Juan bezperan

Bizkaie! 2019-06-20 08:25   Kulturea

Eibarren sinatu eben Eibarko Ituna Euskal Herriko federazinozale errepublikarrek.

José Cruz Echeverria Leturiondo (1833-1909) sinatzaileetako bat. Argazkia: Etxeberria familiaren bildumea - JE-JE(A) | Ikusi handiago | Argazki originala

Francesc Pi i Margall katalana izan zan garai haretan egindako era horretako itunen sustatzaile nagusia, eta aurretik, Tortosan, Kordoban eta Valladoliden egin bezela, Eibar hautatu eben egitasmo federala bultzatzeko lekutzat, 1868ko iraultzearen eta 1869ko Konstituzinoaren testua sorrarazo eban eztabaidearen giroan sortutako ituna sinatzeko herritzat.

Errepublikazaleek, sei urteko aro demokratikoaren ondotik, I. Errepublikea ezagutu eben, 1873-74ko aldian, ozta-ozta urtebete iraungo dauena, baina euren itxaropen guztiak 1874an amaitu ziran, Canovas del Castillo politikariak borboiak berrezarri eta Alfontso XII.a tronura eroan ebanean.

Eibarko Itunean hiru euskal probintzietako eta Nafarroako ordezkariek hartu eben parte, eta bertan izan ziran, besteak beste, Ricardo Becerro de Bengoa arabarra, Cosme Echevarrieta bizkaitarra eta beste hogeiren bat lagun. Sinatzaileen artean hiru eibartar egozan: Vicente Aguirre, Inocencio Ortiz de Zarate eta Jose Cruz Echeverría, azken biak handik urte batzuetara Eibarko alkate izango ziranak.


150. urteurrena gogora ekarteko ekitaldiak

Itun Federalaren 150. urteurrena gogora ekarteko, bagilaren 21ean eta 22an hainbat ekitaldi izango dira eta Aragoi, Katalunia, Valentzia, Gaztela, Galizia eta Nafarroako federazinozaleak izango dira herrian, joandakoaz eta etorkizunaz berba egiteko.

Hilaren 21ean, Albert Solé Bruset zinema zuzendariaren Federal dokumentala ikusteko aukerea izango da, eta, ondoren barriketaldia izango da Portalean, Eibarko Kultura Etxean.

Hurrengo egunean, zapatuan, goizeko 11:00etan, mahai-ingurua izango da udaletxean federalismoaren iraganari eta etorkizunari buruz. Hizlariak Alberto López Basaguren, Antonio Rivera eta Zulima Pérez i Segui izango dira.

Eguerdian, 13:30ean, Antxon Narbaiza Azkueren komunikazinoa, Eibartarren portaera errepublikanoak: Vicente Aguirre, Echeverria, Ortiz de Zarate, Ibarzabal eta beste hainbat izenekoa; eta, azkenik, 14:00etan, 1869ko Itun Federalistea gogoratzeko ekitaldi instituzionala.

Amaieran, etorritakoek 2019ko Eibarko Deklarazino Federalistea irakurriko dabe, lau hizkuntza koofizialetan.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu