Woody Allen figuranteen bila dabil Donostian

Bizkaie! 2019-06-19 09:00   Zinemea

Elena Anaya, Louis Garrel, Gina Gershon, Sergi López, Wallace Shawn eta Christoph Waltz aktoreek parte hartuko dabe.

Woody Allen. Argazkia: hola.com | Ikusi handiago | Argazki originala

Woody Allen handia garagarrilaren 10ean hasiko da Donostia eta Pasaiako irudiak izango dituan filma egiten. Kontua da ze figuranteen bila hasi dala lantaldea, emakume zein gizonezko helduak behar ditu, 50-65 urte bitartekoak eta arraza ezbardinetakoak eta, ahal dala, 1,57koak izan daitezala. Era berean, gizonezko zein emakumezko zerbitzari profesionalak be gura ditu Woody Alenek. Esperientzirik bakoak be onartuko ditue baina beharrezkoa izango da azken boladako argazki batzuk, lehen planokoak zein gorputz osokoak eroatea casting edo probatara.

Kontuak kontu, filman AEBetako senarra eta emaztea izango dira protagonista, Donostiako Zinemaldira etorri eta uriagaz maitemintzen diranak. Aktoreen artean, besteak beste, Elena Anaya, Louis Garrel, Gina Gershon, Sergi López, Wallace Shawn eta Christoph Waltz aktoreek parte hartuko dabe Allen jn.aren film barrian.

Garagarrilean eta abuztuan 100 lagun baino gehiago ibiliko dira Donostian eta Pasaian filmazino lanak hasteko.

Annie Hall, Match Point eta Vicky Cristina Barcelona lako filmak zuzendu dituan zuzendaria Euskal Herrian dabil egunotan eta orain egun batzuk Bilbon emon eban kontzertua Eddy Davis New Orleans Jazz taldeagaz batera. Orain 36 urte hasi ziran Woody Allen zinema zuzendaria eta klarinete jotzailea eta Eddy Davis musika zuzendariak zuzendutako New Orleanseko Jazz Band taldea kontzertuak eskaintzen, jenteari New Orleanseko musikan inspirautako nahasketea eskaintzen.

Azken buruan, Allenek film barriari ekingo deutso Amazonek produzidu eta etxe horrek berak galdiarazotako A Rainy Day in New York filma estreinau barik daukala, Timothée Chalamet, Selena Gomez, Elle Fanning eta Jude Law dira protagonista film horretan. Oraintsu berpiztu egin dira orain 25 urte haren alaba Dyla Farrow-ek egin eban sexu-gehiegikeria salaketeagaitik sortutako astrapalea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu