Labayruren Udako Ikastaroetako ikasle eta irakasleak omendu ditue

Bizkaie! 2019-06-18 09:51   Euskerea berbagai

Ikastaroon 50. urteurrena ospatu dabe Derion.

Omenduak (argazkiak: Labayru Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Persona askoren lanari eta ekarpenari esker bete ditue Labayru Fundazinoaren Udako Ikastaroek 50 urte. Gogoan izan behar da, lehenengo edizinoan 20 ikasle inguruk hartu ebela parte, eta handik gitxira 800era heldu ziran. Horrek beharrizan batzuk sortu zituan: ikasketak mailakatzea, metodologia zehatza eratzea, azpiegitura atontzea, irakasleak batzea, materialak prestau eta argitaratzea...

Udako Ikastaroetan, hortaz, laguntzaile eta behargin ugari ibili dira mende erdian. Derion zapatuan egindako ekitaldi berezian, horreek guztiak gogoan hartu zituen, baina oholtzan danak batzea ia ezinezkoa danez, orain dala 50 urteko hasierako edizinoetan lanean ibili ziran irakasleei egin eutsien omenaldia, eta oroigarri bana emon, beste guztien ordezkari.

Lehenengo bost urteetako irakasleen artetik bizirik geratzen diranak egon ziran Derion: Jesus M. Agirre, Adolfo Arejita, Jesus Eguzkiza Eguzki, Jesus Antonio Etxezarraga, Ander Manterola, Angel Mari Unzueta, Jose Felix Zamakona eta Lontzo Zugazaga. Jokin Gorozikak, Labayruko Artezkaritzako presidenteak, eta Josemi Vidales, gaur egun euskaltegiko arduradunak emon eutsiezen oroigarriak.

Mende erdian gorabehera ugari izan ditue ikastaroek. Sasoi baten Bizkaiko 18 herritan emoten zituen kursoak, eta udan sakontzeko aukerea egoten zan. Horregaitik, ikasturteen arduradunen artean, hiru herritakoak omendu zituen beste guztien izenean, hau da, Bene Markaida Sopelakoa, Kontxi Gabantxo Bermeokoa eta Juan Cruz Gorostiza Mungiakoa.

Beste Labayrukide asko be batu ziran Derion, Udako Ikastaroen 50. urteurrena ospatzeko. Hasteko, ekitaldia egin zan, Jesus Eguzkiza eta Onintza Enbeita aurkezleen gidaritzapean. Argazki bildumea erakutsi eta gero, lagun handien zorion-agurrak jaso zituen, esate baterako, Pedro Miguel Etxenike, Ruper Ordorika eta Pedro Mari Goikoetxearenak. Adolfo Arejita Labayruko zuzendariaren berbaldia etorri zan ostean, eta ikastaroan kantuak dauen presentziaren erakusgarri, Ziortza Artabe, Gorane Intxaurraga eta Eunate Lozano irakasleek kantu bi egin zituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu