V. Bilbao Bizkaia Harro 2019

Bizkaie! 2019-06-05 13:47   Kulturea

Aniztasun afektibo-sexualaren eta genero-identidadearen aldeko ekimena bagilaren 20tik 23ra izango da.



Bilbao Bizkaia Harro gizarte eta kultura-ekimenak LGBTI+ personak ikusarazo eta euren eskubideak aldarrikatu gura ditu. Ekimena bagilaren 20tik 23ra egingo da, Bilboko kale guztietan, eta aniztasunaren aldeko mezua zabalduko dau Bizkai osora. Kontzertuak, zinema-emanaldiak, umeentzako jolasak, erakusketak, drag-ekitaldi bat edo Ur Parade ezaguna ditugu aniztasun afektibo-sexualaren eta genero-identidadearen alde egingo diran gizarte, kultura eta aldarrikapen-proposamenetako batzuk. Ortzadar LGBT Alkarteak antolatu dau ekimena eta Bizkaiko Foru Aldundiak nahiz Bilboko Udalak babestu dabe.


Egitaraua

Aurten, Bilbao Bizkaia Harro ekimenak gai jakin bat jorratu nahi dau, gogoetea pizteko: aniztasun funtzionala daben LGBTIQ+ personak. Kolektibo hori askotan, ulergaiztasuna, aurreretxiak edo tolerantziarik eza sufridu behar izaten ditue eta horregaitik kolektibo horretako kideek esango dabe Bilbao Bizkaia Harro ekitaldiaren hasierako pregoia.

Artista batzuek ekimenagaz bat egin eta euren lanak ikusgai jarriko ditue uriko zenbait lekutan. Gainera, Bizkaiko Batzar Nagusiek barriro be babestuko dabe LGBTIQ+ personen eskubideen aldeko ekimen hau eta sortzaile batzuen erakusketea antolatu dabe. Zinema-emonkizunak be izango dira BilbaoArten eta hitzaldi-elkarrizketea eskainiko da bagilaren 27an, Euskaltzaindiaren egoitzan. Miriam Urkia González euskaltzainak, Akademiaren hiztegiaren arduradunak, Hizkera inklusiboa, Euskaltzainditik izeneko berbaldia emongo dau.

Beste alde batetik, gogorarazo behar da oraindino zabalik dagoala epea ontziak Ur Parade dalakoan izena emoteko, hau da, bagilaren 23an, Bilboko itsasadarrean egingo dan itsas ibilaldian. Ur Parade dala eta, antolatzaileok azpimarratu dabe izena emotea behar-beharrezkoa dala. Izena emoteko jakingarriak webgunean jasoko dira.

Bilbao Bizkaia Harro ekimenaren helburu nagusietako bat da egitaraua urterik urte Bizkaiko beste udal batzuetara zabaltzea. Aurten, Erandioko Udalak, eta Barakaldoko Udalak bat egin dabe ekimenagaz, baita Getxoko Mujeres con Voz alkarteak be.

Agertoki nagusia Bilboko Arenalean egongo da, baita informazio-gunea, chill out eremua eta umeentzako jolasgunea; hain zuzen be, gune horretan, Yogurinha Borova polifazetikoak ipuin-kontalariarena eta Dj-arena egingo dau.

Aurrekoez gan, ondokoak dagoz egitarauan: drag-saioa, herri kirolak takoiak jantzita, kalejirak, kale-apainketea...

Boluntario ugarik lanean jardungo dabe aniztasun afektibo-sexualaren eta genero-identidadearen aldeko ekimen hau behar bezela antolatzeko.


Stonewall-eko istiluen 50. urteurrena

Bilbao Bizkaia Harro ekimenaren bosgarren ekitaldia bat dator Stonewalleko istiluak deituriko jazoera gogoangarrien berrogeita hamargarren urteurrenagaz, izan be, aurten beteko dira 50 urte 1969ko bagilaren 28an, New York-eko Stonewall Inn izeneko pub-ean izandako poliziaren sarekadearen kontrako protestak egin ziranetik. LGBTIQ+ personak joaten ziran horra eta orduko protestak hartzen dira AEBetako LGBT kolektiboak aniztasun afektibo-sexualaren eta genero-identidadea zapaltzen eban sistemearen kontrako lehen ekintzatzat. Ordutik, jazoerok gogoratzeko LGBTIQ+ Harrotasunaren Nazinoarteko Eguna ospatzen da herrialde askotan, egun hori mugarria izan zalako LGBTIQ+ kolektiboaren aldarrikapenetan. Bilbao Bizkaia Harrok urteurren hori hartuko dau gogoan, apaingarri batzuk tarteko dirala.


Irudi eta marka barriak

Berrikuntza nagusiena ekimenaren irudiaren aldaketea da. Hemendik aurrera, Bilbao Bizkaia HARRO leloa erabiliko da kanpoan zabaltzeko asmoz; jatorrizko izena erabiliko da, kontzeptu unibersala dalako eta erraz atzemoten dalako: Pride.

Beste alde batetik, Bilbao Bizkaia Harro ekimenak logotipoa estreinauko dau, markaz begi-kolpe batez jaubetzeko: irudia kolore anitzeko zirkulua da, ortzadar bikotxa, barruan LGBTIQ+ banderearen sei koloreak dituala eta aniztasunaren topagunea irudikatzen dauela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu