Ingurumenaren Nazinoarteko Eguna da gaur

Bizkaie! 2019-06-05 12:15   Pil-pilean

Bat eginik airearen kutsadurarik bako planeta baten alde.

Bat eginik airearen kutsadurarik bako planeta baten alde goiburupean, Bilboko Udalak bat egin dau Ingurumenaren Munduko Egunaren ospakizunakaz. 2019rako hautatutako gaiak deia dakar, ekin daiogun arazo larri baten kontra burrukan egiteko, mundu osoan miloeka personari eragiten deutselako eta arazo hori konpontzeko neurriak hartzeko. Urtero, munduan zazpi miloe lagun hilten dira airearen kutsadureagaitik.

Alde horretatik, Nazio Batuen Erakundeak zenbait idea dakarz airearen kutsadurearen arazoari ekiteko eta airearen kutsadurarik bako mundu bat sortzeko, gure eguneroko jokaeren bitartez: Garraio publikoa erabili edo autoa konpartidu, bizikletan ibili edo, beste barik, oinez ibili; amatau autoaren motorra geldi dagoanean; elikagai organikoakaz konposta egin, eta birziklau zabor ez-organikoa; aldatu berokuntza-sistemea eta ekipoak eta ipini eraginkortasun handiko ekipoak etxean; aurreztu energia: amatau argiak eta tresna elektrikoak, erabilten ez dituzunean; ez erre zaborrik, osterantzean, airea gehiago kutsatuko dozu.

Jokabide errazak dira, baina ingurumenaren osasun onari laguntzen deutse, adierazo dau Alfonso Gil alkateorde eta Mobikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariak.

Airearen kalidade txarra da Europan herritarrak lehenago hiltea eragiten dauen ingurumen-kausa nagusia, Europako Kontuen Auzitegiaren azken txostenaren arabera. Europa osoan legez, Espainiako herritarren artean be 10etik 9 uritan edo uri-inguruneetan bizi da, eta arnasten dauen aireak gainditu egiten ditu Munduko Osasun Erakundeak ezarritako kutsadura-mugak.

Bilbori joan dan apirilean Aire Garbiaren X. Saria emon eutsien, agirian jarriz egoera horri atzera eragin eta herritarrentzat osasunerako onura dakarten politika publikoak. Alfonso Gilek gaineratu dau saria jaso izanak ez dauela esan nahi orain lasaitu egin behar dogunik, egunero holako jokabideak izanik, guztion artean, gure airearen kalidadea hobetu geinke'.

Plataforma X Aire izenekoak antolatzen dau sariketa hori (Bilbo be kide da plataforma horretan) eta ezagutza agertzen deutse zenbait ekintza abiarazoten aitzindari izan diran udalei, besteak beste, airearen kalidadea hobetzeko planak, uri-mobikortasun jasangarriko planak, udal-ordenantzak, zabalkunde-kanpainak edo atmosferako kutsadurea gitxitzeko beste edozein ekimen.


UPV/EHUk Garapen Jasangarriaren aldeko 2030 EHU agendearen web ataria aurkeztu dau

Personen, planetearen eta oparotasunaren aldeko Nazino Batuen helburuei unibersidadeak egiten deutsen ekarpena batzen dau.

Ingurumenaren Munduko Egunaren harian, UPV/EHUko Jasangarritasun Zuzendaritzeak sortu barri dauen web atari baten barri emon dau, unibersidadeak bere garapen jasangarriaren aldeko 2030 EHU Agendearen helburuak beteteko martxan jarritako programa eta ekintza guztiak batzen dituana.

Webguneak azaltzen dau UPV/EHUk egiten deutsen ekarpen espezifiko eta xehea Nazino Batuek 2015ean zehaztutako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetatik (GJH) 12ri. Hamabi GJH horreei, UPV/EHUk gehitu egin deutse hizkuntza eta kultura aniztasunagaz dauen konpromisoa, 17+1 GJHren bitartez.

Egitasmo honen barritasuna da bat egite generikoetatik harago, UPV/EHUk garapen operatibo eta neurgarri bat aurkeztu dauela, Nazino Batuen ekimenari egingo deutson ekarpen zehatzarena. Helburu bakotxean, Helburuak eta adierazleak izeneko hasierako atal batean, zehazten dira bai hautatutako erreferentziazko helburuak bai helburuon betete mailearen adierazle zehatzak. Gainera, UPV/EHU helburu bakotxean zer abiapuntutan dagoan adierazoko dau, 2017/18 ikasturteko datuen arabera.

UPV/EHU estaduko lehenengo unibersidadea izan da goi mailako hezkuntzan 2030 Agendearen eraikuntza eta jarraipen metodologia bat sortzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu